Madrilgo Udala, Beti Jairen jabe

Castellana pasealekutik metro gutxira eraiki zuten Beti Jai frontoia, 1894an. Urte luzez espekulazioaren jomuga izan ostean, Madrilgo Udalak haren jabetza eskuratuko du. Tarcosul Gestion etxea da egungo jabea.

Adrian Garcia.
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Madrilgo Udalak Beti Jai hiriko frontoi historikoa desjabetuko du. Udaleko Arte saileko koordinatzaile Tom Champanek baieztatu du Beti Jai frontoiaren jabe egingo dela udala. Champanek adierazi du eraikinaren berreskuratzearen eta balio historikoak babestearen alde daudela. Salba Dezagun Beti Jai plataformak baikor hartu du albistea, baina Igor Gonzalez plataformako bozeramaileak nahiago izan du zuhurtziaz hitz egin: «aurrerapausoa da, baina horrek ez du esan nahi Beti Jai salbu dagoenik».

Donostiako Tarcosul Gestion enpresa da frontoiaren jabea. Frontoiaren jabetzari etekina ateratzearren, desjabetzeko eskatu zion Madrilgo Udalari. Udalak uko egin zion etxeak eskatutako dirua ordaintzeari, eta ebaluazio epaimahai batek erabakiko du zenbat diru ordaindu beharko duen udalak 3.600 koadrotik gora duen eraikina desjabetzeko.

Madrilgo Udalekoek azaldu dutenez, oraindik ez dute erabaki zer egin frontoiarekin. «Tarcosul Gestion enpresak eskatu zigun frontoia desjabetzeko, eta guk hala egitera behartuta gaude, kultur intereseko ondarea baita», adierazi du Raul Castillo udaleko prentsa arduradunak.

Udala frontoiaren jabe egingo balitz, eraikinaren ardura osoa bereganatuko luke, eta mantentze eta zaharberritze lanak haren kontu joango lirateke. Eraikin publikoa izanik, erabilera ere publikoa izango litzateke. «Horraino oso ideia ona da, baina ez dakigu udalak atzean duen proiektua», dio Gonzalezek.

Behinola euskal pilotaren urrezko garaiaren ikurra izan zenak ahanzturan eta utzikerian daramatza urte dezente. Madril erdigunean, Chamberi auzoan, Castellana pasealekutikmetro eskasetara altxatu zuten pilotalekua, 1894an. Haatik, kokaleku pribilegiatu hori izan da frontoiaren iraupenerako oztoporik handiena: higiezin enpresen espekulazioen jomuga bilakatu baitzen.

Salba Dezagun Beti Jai plataformaren helburua frontoia bera eraberritzea da, auzotarrek beste kirol eta kultur jarduerak egiteko espazio irekia izan dezaten. Kontent daude udalak irekitako bidearekin, baina ez dira udal ordezkarien azken helburuaz fio: «Proiektu interesgarria aurkez dezake, kontua da ez dakigula zer asmo duten».Beti Jai frontoiaren izaerarekin bat datorren proiekturik aurkeztu ezean, ez dira lasai geratuko plataformako kideak. «Barruan gordetzen duen kultura eta historia babestu nahi ditugu».

Zutik dirauen altxorra

Plataformak Madrilgo Arkitektura Eskolarekin batera eginiko ahaleginak bere fruituak eman ditu. Madrilgo Erkidego Autonomoak iragan urteko otsailean kultur intereseko ondare izendatu zuen. Garrantzitsua da izendapena, eraikin bati jar dakiokeen babesik handiena baita.

XIX. mendean eraiki zuten Beti Jai frontoia. Garai hartan euskal pilota kirol arrakastatsua zen Madrilen. Horren erakusle dirahiriburuan zeuden hogei pilotalekuak. Horietatik zutik dirauen bakarra da Beti Jai.

XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hastapenean, pilota kirol profesionala egin zen, eta jendeak pilota partidak ikus zitzan frontoi handiak eraikitzen hasi ziren. Ezaugarri horiek gordetzen dituen frontoirik zaharrena da.

4.000 ikusle biltzeko gaitasuna duen harmaila kurbatuak eta makurtuak eraiki zituzten, zesta itxura emanez. Burdinaren arkitekturaren adibidetzat hartzen dute frontoia, egitura tailerretan eginiko burdin urtuzko piezekin egina baitago. Madrilgo XIX. mendeko kirol arkitekturaren eredu bakana da. Eraikinaren jabeak, Tarcosul Gestion Donostiako etxeak, ez du artean inolako eraberritze proiekturik aurkeztu. Barruan hazi diren belar eta sasiarteak garbitzera behartu zuen udalak. «Ez du beste eraberritze lanik egin, ez zaio interesatzen. Castellana pasealekutik gertu dagoen 3.600 metro koadrotik gorako lur eremuaren jabe da. Eurek ez dute frontoi bat ikusten, dirua ateratzeko negozioa baizik».

Eraikinak jausteko arriskurik ez duen arren, «tamalgarria» da haren egoera. Zorua egurrezkoa da, orain mende bat baino gehiago jarri zutena. Aire libreandagoenez, zink plakak ezarri zituzten urak egurra honda ez zezan. Urteetan eraikina utzita egotearen ondorioz, zink plakak txatarra gisa saltzeko erauzi zituzten, eta egurra usteltzen hasia da.

Gainbehera

Primo de Riverak jokoa debekatu zuen 1920ko hamarkadan, eta orduan etorri zen frontoiaren gainbehera. Jokorik gabe, pilotak erakargarritasuna galdu, eta partida gutxi jokatu ziren 1920ko hamarkadatik aitzina.

Plataforma 2008. urtean sortu zuten Chamberi auzoko bizilagunek. Babes eta atxikimendu zabala jaso dute hasieratik. Madrilgo Arkitektura Eskolak, Madrilgo Unescok eta hainbat pilota federaziok bat egin dute plataformaren helburuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.