Maestrateko Ports

Maestrat lurralde zabala da, eta Castello eta Teruel probintzien artean banatuta dago. Ageri duen paisaje lazgarria, berriz, eremu hori osatzen duten mendi tolesdura latzei zor zaie, mendi mazelean gora hazten diren zapalda edo baratze mailei; laboreren bat lantzearren lurrari lapurtutako guneak baitirudite.

2007ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Castelloko Maestraten iparraldean, Ports eskualdea dago, eta milaka urteko kokagune horretako tradiziozko balioen adierazgarri zintzoa da, erabat landa giroko bizimoduari eutsi baitiote han, nekazaritza eta abeltzaintza oinarri. Zapalda jorien artean barreiatzen dira nonahi herrixkak, Morella herriaren inguruan eraturiko bilgune ikusgarriaren zurrunbiloan metaturik.

Maestrat lurraldeak Erdi Aroan erdietsi zuen garrantzia, armada kristauek sarrazenoei ebatsi zietenean. Izena bera ere hango jaun feudal bilakatu zirenengandik hartu zuen. Hala, garaiko ordena militar ugaritako maestre edo maisu haiek jardun zuten hango lurjabe gisa. Lurrak, ondoren, gizarte maila berekoen -baina jatorri desberdinekoen- artean eskualdatuz joan ziren. Esaterako, Calatravako maisuen, tenplario beldurgarrien -tinko iraun baitzuten han, XV. mendean desegin ziren artean-, Teruelgo San Joan ospitalekoaren eta Castelloko Montesa ordenakoen arrastoak aurkituko ditugu.

Karlista gerrak ere mugarriak izan ziren Maestrateko bizimoduan. XIX. mendearen joanean eratu zen Maestrateko Komandantzia Nagusia, Ramon Cabrera edo Maestrateko tigrea ere bazeritzonaren agindupean. Haren barnean geratu ziren Aragoi Behereko lurrak eta Castelloko Ports eskualdea bera ere; horrek nahaste historikoa eragin zuen, nolabait, terminoaren jatorriaren gainean. Gaur egun, ordea, Maestraten barnean sartzen da Ports, eta, kulturari eta paisajeari dagokienez bat-bat datozenez, ez dago zertan egin bestelako interpretaziorik, nahasgarriagoa gertatuko bailitzateke.

Lurralde jakin horretakoa izateak, hain zuzen ere, berekin baitakar paisaje ezaugarri berezi batzuk biltzea; bestelakoren bat agertuz gero, lurralde horretatik at gabiltzan seinale. Bereizgarri horietako batzuk dira, besteak beste: erliebe gorabeheratsua izatea oso -harritzekoa ere bada, Mediterraneo itsasoa hain hurbil izanda-, landarediz jositako amildegiek -erreka ibilguren bat hurbil izaki- eta mendi latzek -zuhaitz masarik gabeek- osaturikoa. Ibarreko garaiera mailarik txikienaren eta handienaren artean, pendiz zeharo maldatsuaren erdi-erdian, zapaldak hazten dira mendi gainean; hala, bizkar hegietan banaturik ageri da lurra, eta harri lehorrean eraikitako arkitektura uniformearen itxura erabatekoa hartzen du. Mahatsondoak eta olibondoak lantzen dituzte lursail horietan, mendiari nekez erauzitako guneak balira bezala; labore sailak, aldiz, gune aukerakoagoetan bakarrik ezartzen dituzte aspaldidanik, makineriaren helmenean dauden lurretan.

Lurralde horiek badute beste bereizgarri bat ere: hango herrien txikitasuna. Baita urruntasuna ere: elkarrengandik urrun daude, eta han-hemenka barreiatuak, hainbeste zapalda eta muino artean galdurik. Herri horietan denbora mantso doa, eta haizeak gogotik jo ohi ditu inguruko etxebizitzak eta biztanleak. Gizakiak dira biztanlerik ohikoenak, baina aipatzekoa da goi ordokiko fauna iberiarra, besteak beste honako hauek: ahuntz hispaniarra, basakatua, azeria eta basurdea. Lurreko ornodun horiek bestelako espezieak dituzte bidaide zeru gainean: aztore, sai eta arranoak.



MORELLA, PORTSEKO HIRIBURUA. Dena delako ikuspuntutik begiratuz gero ere, Morella da Portseko erakargunerik garrantzitsuena, inolako zalantzarik gabe. Herria bera, urrunetik begiratuz gero, Bibliako Babiloniaren antzekoa da, oso, metaforikoki hitz eginez gero: bertikalean hazitakoa baita, eta jauregi batek koroaturikoa, zeruetako erreinurantz egin nahiko balu bezala. Portseko hiriburua, izan ere, ageri duen hirigintza arkitektura argiarengatik da hain miresgarria: zut-zutik ageri da, mendixka baten inguruan eraikitako etxebizitzaz josita; jauregia du gailur-gailurrean, luzean bi kilometro eta erdi izango den harresi batez inguraturik, sei ate eta hamalau dorre eta guzti dituena. Taxukera ikusgarri horrek ematen dio Morellari itxura berezi hori, milaka urtetan eraturikoa.

Morellan antzina-antzinatik bizi da gizakia, eta horren adierazgarri dira hurbileko Morella La Vella herriko haitzuloetan aurkituriko margolanak. Herriak, baina, ez zuen garrantzizko mailarik lortu arabiarren menderakuntza arte; horren lekuko dira Ebro ibarraren eta Mediterraneo itsasertzaren artean gizakiak kokaturiko bizitokiak. Orduan bilakatu zen Morellako jauregia alderdi horretako biziaren motorra, gaur egun Portsek bere barnean hartzen duen horrena, gutxi gorabehera. Eta handik aurrera, askotariko erreinu eta erlijioen ekarpen etengabeak izan zituen. Hiriko kronikagileek azaltzen dute, adibidez, Cid Campeador jaun gaztelarra ingurumari haietan ibilia zela borrokan, bi alditan behintzat: batean, Zaragozako errege musulmanaren alde, hari Lleidako errege musulmanaren aurka laguntzen; eta, beste batean, Bartzelonako konde kristauaren aurka --harrigarria badirudi ere, borrokari gaztelauaren elezahar mitikoari jaramon egitera--.

Morella arabiarren eskuetatik kristauen eskuetara aldatzeak liskarrak baino ez zituen sortu Aragoiko jauntxoen artean; Jakue I.a erregea izan zen garaile azkenean. Aragoiko koroako estatu penintsularren gune geografikoa --Katalunia, Aragoi eta Valentzia-- eta koroaren lurraldea --garaiko ordena militar ahaltsuez inguraturikoa-- izaki, objektu gutiziatu bilakatu zen Morella, hirian kokatu baitziren ofiziale elkarteak eta merkatarien bilgune bihurtu baitzen. Halako garrantzia hartu zuen, non Valentziako Gorteetan eta protokoloari dagokionez, erreinuko lehen hiriaren tokia hartzen baitu. Xehetasun adierazgarria, hiriaren urrezko aroa noiz izan agerian uzten duena.

Borroka armatuak etorri ziren hurrengo, bata bestearen atzetik. Haien eraginez, besteak beste, Gaztelako legeak ezarri ziren, valentzieraz idazteko debekua barne; karlista gerretan esku-hartze nabarmena izan zuen kokaguneak; erresistentzia frankistak luze iraun zuen Vallivanako mendilerroko mendietan eta inguruetan, 1956 arte --urte hartan gelditu zen maki gerrillarien jarduna--. Handik hamar urtera, multzo historiko-artistiko izendatu zuten Morella, eta masoveroek -hala baiteritze morellatarrei-- aldra turistikoen on-gaitzak pairatu behar izan zituzten.

Morellako bisitaldia iparraldetik has dezakegu, Erdi Aroko akueduktuaren ondotik; handik sar daiteke harresien barrualdeko esparrura, San Migel atetik. Sarrera horren alboan aurkituko dugu Temps edo dinosauroen museoa, Morellako aztarna paleontologikoei buruzko erakusketa. Beste irakasgune historiko bat ere bada, Nevera dorrea izenekoan. Harresitik zehar ibiliz gero, dorre eta ate ugari ikusi ahal izango ditugu. Eta haren paraleloan doazen kaleetatik gora joz gero, harresiaren eta aztarna arkeologikoen artean metatzen diren kale meharretatik zehar ibili ahalko gara. Han daude, besteak beste, udaletxea, Santa Maria eliza gotikoa, artilezko estalkiak zintzilik ageri dituzten saltokien eta gazta eta zezen gatzartu usaina darien tabernen artean. Etxebizitza multzoa harmonia erabatekoaz egokitzen da murru babesgarrien artean, eta herrian ez da edertasun apartekorik gabeko txokorik; gora eta behera ibili ostean konturatuko gara horretaz. Betiere jauregia izango dugu ezinbesteko erreferentzia; uda sasoian, aztoreekiko ehiza ikuskizunak antolatzen dituzte han.



PORTS, HERRIZ HERRI. Morellatik abiaturik, pare bat ibilbide ditugu egiteko errepidetik zehar, eskualdeko zokondorik ezkutuenetako herriak ezagutze aldera; izan ere, paisaia latz hori urratzen duten amildegi sakonen gaineko zapalda eta muinoen artean gordeta daude.

Mendebaldera joz gero, Teruelgo mugalderantz, Cinctorres izeneko herrixka aurkituko dugu. Hango etxeen gainetik, eliza neoklasikoaren dorrea nabarmentzen da. Elizaren ondareari dagozkio eskualdean hain ohikoak diren oinetxeak. Horrez gain, Palau dels Sants Joans jauregia dugu, aipaturiko oinetxe horietako bat. Jauregi horretan museo bitxi bat dago, pinakoteka bat hartzen duen areto bateko zoladurak osaturikoa, zeramikazko lauzaz egindakoa baita; lauza horietako bakoitzak animalia ezpezie baten grabatuak ditu, XVII. mendean egindakoak. Zeramikan landuriko zoo txiki bat dirudi.

Apur bat iparralderago, Forcall dago. Ezaguna da, besteak beste, hango plaza nagusia, zirkulu erdiko arkuz osaturiko ataripe bat duena. Valentziako erkidegoko lehenbiziko plazetarikoa da, XVI. mende aldera halaxe eraikitakoa. Hiru jauregi dotore daude Forcallen, hirurak XVI. mendekoak; eta, ogi labe bat, XIII. mendean egindakoa.

Sorita da Portseko beste herririk xelebreenetako bat, Bergantes ibaiari atxikitako mendi tontor baten gainetik zintzilik ageri baita, ibilbide malkartsuko kaleak eratuz. Soritako jauregiaren hondakin gutxi geratzen da gaur egun, etxetzar gisa eraberritu baitzuten eta jabe pribatu batena baita; halere, fatxada interesgarria du. Sorita, nolanahi ere, La Balmako Ama Birjinaren santutegiagatik da ezaguna batik bat; originala da, oso, Bergantes ibaiaren gainean dagoen harkaitzean zulaturikoa baita; hara doazen pertsona «deabruak hartutakoak» sendatzeko dohaina omen du. Mendebalderago, herri ñimiñoak daude inguruan. Horietako bat da Todolella, eta han aurkituko ditugu besteak beste: lau angeluko jauregi berezi eta eraberritu bat; edo Olocau del Rei izeneko enparantza arabiar zahar bat, eta hantxe diraute oraindik jauregi baten hondakinek, Erdi Aroko kartzelak eta XVI. mendeko udaletxeak.

Bestalde, Morellatik hegoaldera eta Vallivana mendilerroaren hegoaldeko adarretan, hiri eta geografia taxukera zoragarria ageri duten tokiak aurkituko ditugu. Esate baterako, Castellfort izenekoa: mendilerroaren beso batetik gora egiten duen harkaitz baten gainean baitago, zapalden zabaltasunean igeri dabilen itsasontzi handi baten branka izango balitz bezala; zapalda horiek basamortu bilakatu dute lurra, neurrigabe luzatzen baita begien bistatik galtzeraino.

Ares del Maestre da beste herri berezi bezain erakargarria. Porsteko herririk garaiena La Mola d'Ares izeneko harkaitz bati atxikita dago; 1.318 metro garai da Porsteko gainalde menditsu hori. Behinola burutazio argi bat izan zuen norbaitek: La Molaren berezko itxura baliatzea eta dorretzar bilakatzea. Hala, gailur-gailurrean dorre bat ezarri zuten, zortzi metroko perimetroduna --oraindik ere bada haren hondakinik--; dorrearen inguruan harresi bat zegoen, eta zelaigune batean elkarturiko etxebizitzen esparrua babesten zuen. Handia da La Molaren garrantzi estrategikoa, haren ikuseremuaren barnean baitago, hein handi batean, oinpean duen lurralde zabala; horregatik, gerrako gotorleku bilakatu zen, eta hala iraun du hasi arabiarren etorreratik eta 1936ko Espainiako gerra arteraino. Handiko ikusmirak ez du parekorik, eta La Molaran barrualdeari ere argi koroa berezia dario; alderik alde zulatzen duen eta berrogei metro luze den tunel batetik sar daiteke barrura. Ares del Maestreren magalean uzkurturik, La Gasullako amildegia hedatzen da. Amildegia inguratzen duten harresi naturalen barruan daude, berriz, Cova Remigia haitzuloko margolanak: hirurehundik gora animalia eta giza irudi; eta, Cingle de la Cova delakoa, harkaitzean egindako babesgune modukoak, itxuratutako irudi ugarirekin.

Portseko hegoaldeko konoan, besteak beste, Benasall eta Culla herriak daude. Benasall ezaguna da Seguresko iturriko ur sendagarriarengatik; horregatik eraiki zuten, han, giltzurrunekin zerikusia duten gaixotasunetan espezializaturiko bainuetxe bat. Molako arkitektura apaingarri zenbaitek --harresien eta dorreen geldikinek, eta arabiarrek, esate baterako-- haren ibilbide historikoaren berri ematen dute. Handik Cullarako irteeran, Rivet natura inguruneak pasealeku lasaia eskaintzen digute ehunka urteko artadi eta hariztietatik. Cullak, bestalde, 1.100 metroko garaierako bizkar baten gainean baitago, ingurumariko lurren ikuspegi zoragarria eskaintzen du; 700 metroko aldea du lur horietako batzuekiko. Cullak alde zahar eder eta zaindua ageri du, multzo historiko-artistikotzat jozen dena, eta honako hauek biltzen dituena: San Salvador eliza zaharra, Comandadorearen antzinako bihitegia, edo jauregi arabiarraren hondakinak. Bitxia da, azkenik, Cullako Karraska (artea) delakoa: Torre d'en Besorara doan errepidearen alboan dago, eta Europako arterik handientzat jotzen da; haren enborrak sei metro ditu perimetroan, eta hogeita bi metro garai da. Diotenez, milako bat lagun inguru eser daiteke haren gerizpean.

 

turismo argibideak



Valentziako Autonomia Erkidegoko Turismoa:www.comunitatvalenciana.comTel.: 902 123 212.

Castelloko webgunea:www.turismoruralcastellon.com

Portseko webgunea:www.elsports.com

Gastronomia

Errezeta xumeak eta lurreko lehen gaiak nahasturik, plater gozo eta zaporetsuak lortzen dituzte emaitza gisa. Ehizakiak, ternasco edo arkumekiak eta txerrrikiak, adibidez, perretxikuekin, boilurrekin eta usain-belarrekin nahasten dituzte. Arkume errea eta zeina (gatzartua) dira, ezbairik gabe, beste bi jaki gutiziatuak. Horiez gain, badituzte: 'tombet' izeneko platera, oinarri-oinarrian patatak eta okela dituena, barraskiloekin eta almendra xehatuarekin nahasirik; edota adobo edo frijitua --lukainka, saiheskia, txorizoa eta urdaia lehenik frijitu, eta gero oliba oliotan ontzututa--. Menuaren azkenburuko, berriz, ardi gazta eta almendrazko gozoak izan ohi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.