Aurtengo ardo uzta bildu berri dute. Lapuebla de Labarcako parajeetan nabaria da ardogileak lanean aritu direla. Herria inguratzen duten soroetan mahastiak biluzik suma daitezke. Zuhaitz ilara luze eta paraleloek kareharrizko lur gorrituan irudikatutako marrazkia osatzen dute. Paisaia lurgorritu horren erdian, Los Riscos eremu malkartsuaren babesean, XVI. mendeko Ama Jasokundekoa elizako tontorrak zurrun markatzen ditu denboraren orratzak. Udazkenaren lehen eztenkadek eguraldia freskatu badute ere, zeruaren urdinak eta soroen gorritasunak kolore biziz islatzen dute Lapuebla de Labarcako herrigunea.
Ebro ibaian zintzilikaturik dagoela dirudi Araba Errioxako herri txikiak. Historiaren lehen aztarnek egiten dute ongietorria herrigunearen sarreran. Txalupa bat ikus daiteke, izanaren izena markatzeko asmoz. Izan ere, Nafarroako Erresumaren eta Gaztelaren arteko lotura egiteko eraikitako zubia egin aurretik, txalupan zeharkatzen zuten ibaia, herrira iritsi ahal izateko. Hortik datorkio izena herriari.
Erreal kaletik ibilbidea eginez, elizaren inguru pausatura iritsiko gara. Kanpaiek eguerdia dela adierazten badute ere, kalean inor gutxi topa liteke. Isiltasunak tokia bilatua du Lapuebla de Labarcan. Alde Zaharrean, pizkunde garaiko armarridun etxeek elizaren harresi lana egiten dute. Kale Nagusian, zenbait eraikinetan, garai hartako botoi eta moldurak ikus daitezke, egungo eraikinekin bat eginez.
XVII. mendera arte Guardiako auzo gisa ezagutzen bazen ere, duen kokaleku estrategiko, klima egoki eta lur emankorrengatik, hazkunde handia izan zuen garai haietan, eta herri bihurtu zen.
Kale Nagusian behera goazela, udaletxearekin egingo dugu topo. Plano plazan dago eraikina, eta hor ere ez da zalaparta handirik sumatzen. Udaletxearen atzealdean, ordea, ibaiaren emariak soinu hezea barreiatzen du herrigunean. Begiratokira iritsi ahala, ingurunearen edertasunaz, ibaiaren joanaz eta mahasti lautaden panoramikaz gozatzeko parada dago.
Ardoaren erreinua
Erdiko kaleari helduta, herriaren punturik gorenerantz eramango gaitu bideak, upategien auzunera. Haitzuloak izenez ere ezaguna da herritarrentzat. Ardoaren ustiapenaz arduratzen den auzune hau bisitatzeko, udazkena garai paregabea da. Uzta jaso ondoren, kale aldrebestuetako zenbait upategitan lanean ikus ditzakegu ardoaren ekoizpenean, herriaren ekonomiaren sostengu garrantzitsuena den lanean. Uzta gehiena industria handietara eramaten bada ere, zenbait ardogilek, oraindik, modu tradizionalean ekoizten dute ardoa. Mahatsaren erreinu isilari muztioaren usaina dario udazkenean.
Mahatsaren erreinu isila
Euskal Herriko txokoak. Lapuebla de Labarca
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu