Sanferminak Iruñean. Riau-riaua

Maia alkatearen porrota

Udalbatza ez zen udaletik atera ere egin, udaltzainen eta gazte batzuen arteko liskarraren ondorioz

Riau-riaua bertan behera utzi behar izan dute, liskarrengatik. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Iruñeko Udalak bertan behera utzi zuen Riau-riaua atzo arratsaldean. Udalbatzak ez zuen udaletik ateratzeko saiorik ere egin. Udaltzainak udal agintariei bidea irekitzen saiatu ziren, baina plazan bildutako gazte batzuen eta udaltzainen arteko sesioek eta eztabaidek atzera eginarazi zieten. Metro bat ere ezin izan zuen egin segizioak. Enrique Maia (UPN) alkateak ekitaldia berriro ere egitarau ofizialean sartzeko saioak porrot egin zuen.

Bostehun metro. Besterik ez. Kilometro erdiko ibilbidea da Iruñeko udaletxea eta San Lorenzoko eliza bereizten dituena. 1914tik 1991ra bitartean, Riau-riauaren eszenatokia izan zen. Alkatea eta zinegotzi guztiak, festa jantziekin (frak beltza eta kapela garaiz jantzita gizonak, Erronkariko jantzi tradizionalaz, emakumezkoak) egiten zuten paseoa. La Pamplonesa musika banda bidelagun zutela, San Fermin kaperara joaten zen udalbatza Bezpera Nagusietara. Herritarrak, berriz, agintarien artean nahastu ohi ziren, Astrainen baltsaren erritmora kantuan eta dantzan, udalbatzaren ibilbidea oztopatu nahian. Ofizialki, 1996an egin zuten azkeneko aldiz Riau-riaua. Liskarrak izan zirelako kendu egin zuten.

Girorik ez

Tradizio hori berreskuratu nahi izan zuen alkateak, atzo. Baina ezin izan zuen. Giroak ez zion lagundu. Udal plazan zen hitzordua, 17:30etan. Plaza jendez mukuru zegoen. Guztiak, udaletxeko ate nagusira begira. Lehenak agertzen, Erraldoien eta kilikien konpartsa. Jendeak txaloka hartu zituen, oso pozik. Ondoren, 17:40ak aldera, La Pamplonesa musika bandaatera zen, jotzeko prest. Txaloak ere haientzat. Banda ikustean jendeak Astrainen baltsa kantatzeari ekin zion, ozen eta alai.Musika bandaren atzetik udaltzain mordoa atera zen. Udalbatzari bidea ireki nahian, bi lerrotan bidea egiten hasi ziren, eta orduan hasi ziren gazte batzuen eta haien arteko tira-birak. Plazan zeuden askok txistuka hartu zituen. Elkarri bultzaka, polizia eta jendearen arteko sesioa areagotzen hasi zen. Giroa ikusita, plazan zeuden La Pamplonesa banda eta udaltzainak udaleko ezkaratzera sartu ziren. Horretan ari zirela, norbaitek botil bat bota zien eta udaltzain bati jo zion aurpegian. Erietxera eraman zuten sendatzera.

Ate nagusia itxita gelditu zen. Barruan, alkateak deituta, Bozeramaleen batzordea bildu zen, premiaz. Alkateak plazan zegoen giroa ez zela ez egokia ez ziurra ikusirik, ekitaldia bertan behera uztea erabaki zuen. 18:15ean edo, ekitaldia ez zela eginen iragarri zuen alkateak berak bozgorailu bidez.

Bitartean plazan, jendea urduritzen hasia zen. Albistea txistuka hartu zuen batek baino gehiagok. Askok, «UPN kanpora» oihukatzen zuten behin eta berriro. Bestetzuk, berriz, «San Fermin, San Fermin», egiten zuten deiadar, eta Astraingo baltsa kantatzen hasten ziren. Giroa berotzen hasi zen, eta plaza erdian ziren gazte batzuk elkarri mokoka hasi ziren, eztabaidan eta joka.Liskarra ez zen areagotu.Ekitaldia ez zela eginenikusirik, jendea plaza uzten hasi zen. 18:30ean askok han jarraitzen zuten oraindik. Beste asko, ordea, parrandara itzuli ziren.

Sanfermin jaien antolaketan dabilen hainbat taldek eskatuazuten Riau-riauaren itzulera, baina alkateak egitarau ofizialean sartzeko proposamena hobe landu eta ondu beharrekoa zela ohartarazi zuten. Atzoko gertaerek arrazoia eman diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.