Ez nuen ikusteko asmo handirik, egia esan. Normalean, 22 gizonkote pilota baten atzetik ikusteak ez dit gauza handirik zutitzen, ezpada neroni osorik, sofaren goxotik. Gainera, aspaldi joan zitzaizkidan aberri sukarrak hankapilotaren bitartez asetzeko garaiak. Edo garaiok aspaldi joan zitzaizkidala uste nuen, behintzat, zapping koxkorra egiten ari nintzela, bekatari handienaren gisara jausi bainintzen galbidearen zulora. Izango da bengalen gorriak piztu zituela nire baitako pasiorik ezkutuenak. Izango da jendearen marru, biba, txilio saldak esnatu zuela nigan lokarturik zen nerbio ezkuturen bat. Hortxatarik bareena ere bero jartzen duela zuri-gorri-berdea jokalarien paparrean ikusteak. Auskalo. Kontua da kateaturik izan ninduela, libro nizana, Euskal Selekzioak Tunisiaren aurka jokatutako futbol partidak —bide batez, afera nominalari aterabide posible bat: ez Euskadi, ez Euskal Herria, dei diezaiotela Nafarroako selekzioa, edo, hobe, Nabarrakoa; hartara publizitatea ziurtatu lukete bederen: izen bereko aldizkariarena ezin, bai gutxienez Nabarraldekoa—.
Ez ditugu berehalakoan ahantziko gure ausarten aurka aritu ziren Tunisiako ar suharrak: Mathouthi, Bussaldi, Hicheri, Iffa, Gharbi eta gogoratzen ez ditudan gainontzekoak. Eta aurrean, murrurik igaro ezinenaren pare, gure gizonak, ze gizonak, gure mutilak, edozein aberri asmok bere defentsan nahi lituzkeen odol gazte-aratzeko mutilak, zelaian juaneteak ere jokoan jartzeko prest leudekeen mutil prestu, gotor, eredugarriak. Eta San Mameseko larreetan jazotako matxak gehiago zuen Errekonkista garaiko batailatik, egungo tiki-taka zozo aspergarritik baino. Porrota ez da garrantzitsua: denok dakigu musulmanek ez dituztela Gabonak ospatzen, patetarako ahateen pare gauden kristauok ez bezala.
Lasai, baina: futbol federazioko lehendakariak iragarri zuen Euskal Selekzioak maiatzean beste partida bat jokatuko duela. Ez zuen esan zertarako, zer helbururekin, zer lortu nahi duten gisa horretan, urtero hitzordu folkloriko eta sasi errebindikatiboa egiteaz gainera. Ez zuen esan zer egin asmo duten Euskal Selekzioa —edo Euskadiko, edo Euskal Herrikoa, edo are Nabarrako— benetako selekzio izan dadin. Ez zer egingo duten datozen urteetan, kasualitatea, urteroko partidak Inuzente Egunarekin bat egin ez dezan.
Komunikazioa. Ekografiak
Mairuak eta kristauak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu