Elikadura. Hazkurri kontuak

Maisu-maistrak

2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Artearen eta artisautzaren arteko aldea, ene ikuspuntutik, askotan ez du objektuak agertzen, egileak, subjektuak baizik. Oteiza izan, Leonardo izan, gure iloba txikia izan, lehen bezala seguruenik utziko ez zaituen zerbait egin eta alde egiten dute, obrak «zertarako balio dezakeen» galdetu gabe, horretaz kezkatu gabe.

Artisautzak, baliagarritasuna du xede nagusia: zertarako balioko duen obra horrek: orfebreak gatzontzi ezin ederrago bat egingo du baina, hori bai, bertan gatza ipini ahal izango da.

Sukaldaritzan ere, antzekoa: egunero janariak ematen dituen horrek bezeroa gustura mantentzea du jomuga. Hortik aurrera… Sutondoetako sortzaile askok bere burua du helmuga: berak liluratu nahi du jatuna, bera bakarrik (ezinbesteko laguntzaile bikain horiek aipatu gabe) agertuko da aldarean, berak sinatuko ditu ez idatzi eta ez irakurri ez dituen liburuak, berak jasoko ditu hango eta hemengo sariak. Sortze-lana oso-oso pertsonalizatua du. Kazetariek aipatzen dutenean (dugunean, akaso), bera bakarrik lausengatzen, goresten dute, beste inor kontuan hartu gabe.

Eta sutondoetako artista oso pozik sentitzen da, alde horretatik. Egunero janariak txukun ematen dituen artisau xume hori ez bezala, eskuarki.

Mundu zabalean ezagunak eta miretsiak omen diren euskal langile sortzaile horiengandik hainbat gauza espero dugu guk oraindik:

Okerreko elikaduraren ondorioz, biztanleriak nozitzen dituen gaitzak konpontzeko aholkuak, jarraibideak ematea;

Euskal Herrian ere lanik gabe jende asko dagoenez, herritar horiek aurrekontutik elikadurara bideratzen dutena murriztu egin da; maisuek aholkatu beharko digute, hortaz, nola atera etekin handiagoak gure sosei;

Mundializazio eta despertsonalizazio garai gordin hauetan, euskal sukaldari handiek bertoko produktua goresteko aukera paregabea dute «San Sebastián Gastronomika» eta antzekoetan;

Gazte jendearen parte handi batek «normal» jateari utzita, janari birrindua (saltxitxa, hanburgesa…), karbohidrato eta gantzen koktel makabroak eta oilaskoak tonaka hartzen dituenez, bide zuzen bat erakutsiko diela;

Gutxienez. Alegia, artista izateari utzi gabe, artisau puntta txiki bat hartzea. Bestela, zertako loreak bota herri-zerbitzu horiek betetzen ez dituen profesionalari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.