Eric Fuentes. Musikaria

«Maite dut Katalunian katalanez inoiz egin ez den kanta mota abestea»

Bartzelonako indie rockeko gurua izan da urteetan musikari-filosofoa, The Unfinished Sympathy taldearekin. Egitasmo propioa aurkeztuko du Euskal Herrian datozen egunotan, boskote indartsuarekin

Edu Lartzanguren.
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Eric Fuentes (Bartzelona, 1975) Graciakoa da, «auzo ezkertiar» batekoa, berak deskribatzen duen moduan. The Unfinished Sympathy taldearekin, hiriko indie rockaren burua izan da urte askotan. Egitasmo propioarekin etorri da Euskal Herrira. Gaur Bilbon joko du, 20:30ean, Cotton Club aretoan. Bihar, 22:00etan, Durangon, Plateruenan (Bizkaia), eta larunbatean, 22:30ean, Donostian, Gazteszenan.

Nola bihurtzen da Filosofiako lizentziadun bat rock musikari?

Kasualitatea izan zen ikasketa amaitu eta filosofian lizentzia lortu nuen garaian diskoaren industrian lanean hastea. Halere, 14 urte nituenetik nabil musika sortzen. Hardcore taldea sortu nuen institutuan: Mad Squad. Gero bakarkako lehena grabatu nuen 21 urterekin, etxean. The Unfinished Sympathy 2000. urtean sortu nuen, eta hamar urte aritu nintzen lagunokin. Horrek eman dit gehien nire ibilbidean.

Beti ibili zara talde eta bakarkako egitasmoen artean kulunkan. Zergatik?

Garaiak daude. Batzuetan lauzpabost gizabanakoren artean lotura berezia sortzen da, eta bat bezala funtzionatzen dute. Hala denean lehena naiz dena ematen. Beste boladetan kontrakoa gertatzen dela dirudi: ez zara inorekin moldatzen, eta esan nahi duzuna soilik zuk esan dezakezun bezala adieraz daitekeela ikusten duzu.

Orain bigarren fasean zaude, ezta?

The Unfinished Sympathyk eman zuen eman beharrekoa. Halere, han ere ia dena nire eskuetatik pasatzen zen, baina itzalpean. Orain hori publikoa da, eta egun argiz gertatzen da.

Hora punta en territori enemic lana prestatzen ari zara. Noizko?

Otsailean argitaratuko dut, baina hori ez da izenburua izango, hori behin-behinekoa baitzen. Diskoko kanta baten izena da, katalanezkoa. Bakarkako bigarrena-Bahia paraiso- gela ilun batzen, elektronikoa eta txikia. Oraingoa guztiz kontrakoa izango da: basatiagoa, baina baita pinpirinagoa ere.

Kanta gehienak ingelesez izanda ere, batzuk katalanez dira. Nola erabakitzen duzu zer egin hizkuntza bakoitzean?

Maite dut Katalunian inoiz katalanez egin ez den kanta mota abestea. Katalunian urrats bat aurrera egitea da. Etxean ia guztia ingelesez entzun izan dugu txikitatik. Ingeles irakasle-agiria ere badut hor nonbait, hautsa biltzen. Niri rock ingelesduna ateratzen zait, berez. Katalanezkoa egitea burmuinetik ateratzen zait, nire kultur ideologiarekin dago lotuta. Katalana defendatzea maite dut, talibana ez banaiz ere. Nire ekarpen txikia da Kataluniako kulturarentzat.

Ordua orain bada, zein da etsaiaren lurralde hori?

Etxetik atera bezain pronto etsaiaren lurraldean zaude, eta agertokira igotzean, berriz zaude etxean. Tarteko guztia, ordea, etsaiaren lurraldea da. Horretan dago entzulea ere, ni bezala, eta, zorionez, elkarrekin gaude. Jendea zoragarria da, baina lurraldeak, herrialdeak, nortasun kolektiboak eta beste botereak dira, ziur asko, gizartearen arazoa.

Filosofoa izaten jarraitzen duzu.

Ez, berritsu bat besterik ez naiz. Agur esan behar diogu irakasle eroari, eta kaixo jenio txarreko musika erasokorrari. Entzungo duzue zuzenean. Bost tipo agertokian, ahalik eta indartsuenen jotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.