Miranderen jaiotzaren mendeurrena, eta haren kontra esaten direnek ekarri naute, Joxe. Hori baino lehen, ordea, estimatuko nizuke oharrik Mirande pentsatzaileaz. Ez dakit zu beste inor arduratu den haren pentsatzaile alderdiaz.
Euskadik ez du hainbeste pentsatzaile interesgarri, bat nolanahi ahazteko. Beti esaten dugu Mirande literato handi bat dela. Hori bakarrik esaten dugu, badaezpada ere, eta bet-betan beste zerbaitetara lekutzen gara. Pentsatzaile gisa ere inkomodo baita Mirande, marxismoaren etsai, pagano sorginzale, pederastiaren abokatu eta «faxista» deabrua. Oraindik ere lotsatu egiten ote gaitu, bada, Mirandek? Beldurtu, agian. Mirande mugimendu berriaren aitzindari eta eragile bortitzenetakoa izan zen. Ondo begiratuta, eta alde askotatik, ETA beraren aitzindari, nahi baduzu.
Esan duzu, Joxe, baina hobeko dugu ez hortik jo. Behiaren karena baino luzeago joko luke horrek, bestek kontra egin baitio zure esan horri. Miranderen kontra esaten direnez jardun nahiko nuke, faxista zela eta beste.
Arrazista omen zen, faxista omen zen, nazi... Ahape-ahapetik esaten dute. «Holakorik!», esanez bezala. Hori esan eta gero, berriz, isilaldi signifikatibo bat. Inor inpresionatzeko moduko isiltasuna. Baina, Miranderen irakurlearentzat, haren arrazismoa eta faxismoa baino gauza xelebreagorik ez dago. Miranderen faxismoaren eta arrazismoaren kontuak, ipuinetako ipuina dirudi, behin ere aklaratzen ez direlako balio dutenak.
«Miranderen arrazismoa eta faxismoa baino gauza xelebreagorik ez dago»
Ez dakit, bada.
Batetik, asuntoari ematen zaion inportantzia emateko, ez dago oinarririk haren pentsabideetan. Haren obra literarioan, alegia. Haren faxismoaz eta arrazismoaz dakigun gehien-gehiena, eta zehatzena, lagunen testimonioetatik eta gutun partikularren batzuetatik dakigu. Bestetik, bai lagunen testimonio horiek eta bai bere aitorrak, ideologia baten koherentzia izatetik oso urrun daude. Kirten-ateraldi faxistoide batzuk izaten zituela Mirandek, horixe besterik ez digute agertzen. Aitzitik, Mirande faxista bazen, ikaragarri orijinalen bat zela esan beharko dugu. Oso bestelakoak ezagutu ditugu faxistak.
Miranderen aitortza bitxiek ez digute bere faxismoaren edukiari buruz deus konkreturik esaten. Utzidazu gogora ekartzen berak idatzi hura: «Perilean nago Euskal Herrian demokratek urde faxistatzat atxikiko nautela, latin-herrietako faxistek urde demokratatzat atxikiko nautelarik... eta funtsean ez naiz bata ez bertzea, europar arrazista baizik». Kuriosoa: europar arrazarik egon ez, eta europar arrazista.
Lehen «ez dakit, bada» esan dizut, eta orain, berriz, zer esan nahi zuen ez dakidala. Nik Mirande adiskidea entenditu besterik ez dizut nahi.
Euroarrazista izate horrek zehatz eta garbi zer kontenidu duen, jende xinpleen ustetako faxista izate hura bezain bihurri eta korapilatsu gelditzen da. Behin, hala ere, Nietzscherekin batean azaltzen da europar kulturaren alde: «Nietzscheren izu-deia guri zuzendua dago: izan gaitezen europar on!». Arraza zuriak [europar], beraz, batez ere kultura jakin bat dirudi, ez arrazarik. Arraza zuriaren gudaria, honenbestez, mehatxaturik uste duen europar kulturaren gudari da, batez ere.
Txomin Peillenek behin idatzi zuenez, Mirandek «arabeak miresten zituen, haiek sozialismoa egin nahi baitzuten materialismoa gabe, hots, nazional-sozialista zirelakotz».
Spenglerrena gogoratzen digu horrek, Spenglerrek esaten baitzuen sozialismoari marxismoa kendu eta garbitu beharra dagoela. Marxek sozialismoa judaizatu zuela, esan nahi zuen, apika. Hortaz, zer nahaspila demonio da faxismo-arrazismo hau? Ez dirudi pentsamendu bat. Atxikitasun eta higuina bai, errazago. Xenofobo ote genuen Parisera migratu zuten zuberotarren semea? Antza badu. Eta, hala ere, hori ez da esplikazioa. Zuk Peillen ekarri duzu hizpidera, eta bada Peillenek emandako argitasun bat hona aldatu nahiko nukeena: «Bere faxismoa sentitzeko manera bat zen, ez ideologia bat; etika bat zen, pagano kutsukoa, ez politika bat».
«Kirten-ateraldi faxistoide batzuk izaten zituen Mirandek»
Ez dakit horrek ere askorik balio duen...
Gehiegi ez, guk geuk ez baititugu oso bereizten sentitzeko manerak eta pentsatzekoak, arras alienatuta dabiltzan batzuen kasuetan ez baldin bada, behintzat. Peillenen bidetik, hala ere, gauza bat ikasi dugu, gutxienez: nonbait, Miranderi ederki iruditzen zitzaion beltzek beren belztasuna, juduek beren judutasuna, eta edozeinek bere tokikotasuna eta berezitasuna begiratzea. «Begira beza bakoitzak berea, besterena hondatu gabe», esanez bezala. Europar kulturarentzat arrisku iruditzen zitzaizkion neurrian gorrotatzen zituen, hortaz, juduak, beltzak, horiak eta kolore guztiak, baita zuri-zuriak ere. Hori horrela bada, Miranderen arrazismoak eta faxismoak zentzu kulturala dute, ez politikoa. Hots, ez arrazismorik ez faxismorik daukagu, egiaz. Gehienez ere, «harrokeria viktoriarra» genuke, axal-axaletik arrazista eta faxista koloreztaturik. Mirandek «jestuak» ditu faxistak.
«Ez dakit, bada», berriz esango dizut.
Miranderi faxismo talantea hartzeko, badu hark beste arrazoi bat, baina politikoa, eta ez beltzen edo horien kontrakoa, frantsesen kontrakoa, eta jeltzaleen kontrakoa baizik: abertzaletasuna. Mirandek argi eta garbi agertu du hori —bere burua Alemania naziaren aldeko agertuz—, «Frantzia euskaldungoaren etsaia eta Alemania, gurea ez, baina gure etsaiaren etsaia izaki», idatzi zuenean. Hegoaldeko abertzaleak demokrata izatea oker handia iruditzen zitzaion. Miranderen aburuz, burugabekeria da galdu behar duenarekin joatea. Jeltzaleak faxistekin joan izan balira, irabazi egingo zuten.
Arestian esan duzu: Mirandek Alemania naziaren aldeko agertu zuen bere burua.
Mundu Gerrakoan, herri minorizatu askok aprobetxatu nahi izan zuen Alemania naziaren erasoa, nazien laguntzaz ordura arteko zapalkuntzatik altxatzeko. Eta Mirandek ezin hobeagoan zeukan jokabide hori. Ez dago Leon Jassonen poesia bat itzultzerakoan ezarri zuen esaldia ikusi besterik: «Frantses résistance higikundeak erail zuen, breiztar abertzale zelakotz». Mirande, horretan, erradikala zen, eta erradikaltasun horretan ikasi ere ikasi zuen zerbait nazien eskolan: politikan indarra beste moralik ez dagoela. Edo Peillenek idatzi zuen moduan, «euskaldunentzat egintza-bide guztiak onar zitezen nahi zuen, kristau morala bazter utzita». Propio, makiavelismo gehiago dago Mirandegan, faxismo baino.
«Gehienez ere, ‘harrokeria viktoriarra’ genuke. Mirandek ‘jestuak’ ditu faxistak»
Arrazista ez, baina «europar arrazista» bai, hori zernahi dela ere. Faxista, jestuak Mirandek. Nazi, herri minorizatu askoren legean. Eskuindarra zela onartu beharko didazu, behintzat, baina ez dakit hori salatzekoa den...
Mirande eskuindar zenik, ez du inork zalantzan jarri nahiko. Bere-bere moduan hori ere. Miranderen eskuinkeria gustatzen zaion eskuindarrik dagoen ez baitakit. Eskuindar bitxi hau ezkertiarrei gustatu ohi zaie.
Demokraziaren kontrakoa Mirande!
Mirandek ez zuen demokrazian sinesten, eta demokratak ez zituen maite. Higuin zituen demokrazia eta demokrata horiek, Mirandek nahiko garbi esan zuen hori. Eta euskaldunongan ez zuen demokratismoa onartzen, espiritu hori ez zitzaiolako Euskal Herria salbatzeko gauza iruditzen. Berak esango zuen indarra eta odola behar zirela, eskrupulurik gabe. Frantziako demokrazia eta liberalismoan, adibidez, ez zuen ikusten herri minorizatuen hondamena besterik. Ea, eskemen tranpa bat daukagu. Mirandek ez jeltzaleen ez frantses gobernuaren demokrazian sinesten zuen. Garai hartan, demokrataren alternatibak ziren edo komunista edo faxista, nahitaez.
Horixe esan zigun lehengo batean Mikel Lasak! Mirandek Lasa ikusi, eta zer ari zen irakurtzen galdetu omen zion, eta Berdiaev irakurtzen ari zela, pertsonalismoa eta hau eta hura, oso jarrera minoritarioa garai hartan, gizartea bi zatitan banatuta zegoelako: komunistak alde batetik, eta faxistak, berriz, bestetik. «Eta tartean, gropuskuluak», esan zigun Mikel Lasak.
Mirande ez zen komunista. Faxista izan behar, hortaz. Beharbada, ordea, Miranderen faxismoa eskemak egiten du, ez Mirandek berak. Miranderen «faxismoa» eta «arrazismoa» ez dira kontestatario baten alarde hutsa —baina hori ere bai —, ez dira tenperamental hutsak —baina hori ere bai —, eta ez dira ezerekin koherentziarik gabekoak —baina bai Miranderen beste alderdi askoren ondoan koherentziarik gabekoak—. Mirandek «espiritu aske bat» zeritzan bere buruari, eta «irakurle espiritu-zabal gehiago» eskatzen zituen. Mirande gauza asko zen, eta inkoherentziok ez dute soluziorik bere faxismo delako hori pentsamendu politiko gisa hartzen bada. Aldiz, badute koherentziarik, garbi asko, teoria kultur kritiko ezagun baten barruan: nietzscheanoan.
«Frantziako demokrazia eta liberalismoan ez zuen ikusten herri minorizatuen hondamena besterik»
Nietzsche, Spengler, Schopenhauer... ondoko aldi batean beharko dute, Joxe.
Eta kristautasuna! Orain artean dauzkagun datuak eskuan, esango genuke Miranderen faxismoak inportantzia politikorik ez duela batere, Miranderena ez delako zentzu politikoa. Faxismo politikorik ez dela, beraz. Eta, hobe, faxismorik ez dela. Eta ez dugu hori esaten ezer legitimatzeko, zerbait ulertarazteko baizik. Miranderen faxismoaren inportantzia beste nonbait ikus daiteke, kristautasunari buruzkoan, hain zuzen, Mirandek faxista aitortuko baitu bere burua, frantsesez idatzi zuenez: «Bien que basque, et détestant le christianisme, ou de moins la démocratie dite chrétienne, en fait judaique» (Nahiz eta euskalduna izan, gorroto dut kristautasuna, edo, behintzat, kristau izeneko demokrazia, judutarra, finean).
Hurrengoan, Nietzsche eta beste.
Nietzsche eta beste... eta Mirande, ezta?
EUSKARAREN BIDEZ, HALABEHARREZ
Mirandek 1950ean Euzko Gogoa aldizkarian publikatua, Euskal kultura artikuluan: «Bere nortasuna, bere etnia-jatortasuna begiratuko dituen Euskal Herri batentzat borrokatu nahi dugu; beraz, izpiritu zuri eta lotsorrei beldur emateko lain den ekintza bat gogoan hartu behar dugu, eta nahiz politika-itxura beharrezko duen, gure xedea ez da abertzaletasun ohil eta kanpotarren etsaikerian sartuko dena... Baina jarraitzen dugun xedea kulturazkoa da
». Zer da, beraz, euskal kultura? «Egiaz, ez da zuzen, nire ustez, euskaldun kulturaz mintzatzea, kultura hitzari bere adierazpen osoa emaiten baldin bazaio, bederen. Europar kultura bat badago, gurean, beste herrietan bezala tokiko ikurra eta usaina duena, edo nahi bada, europar kultura ziklo bat badago [Spenglerrena da mintzabide hau, Joxe Azurmendiren oharrean] eta herri bezala haren barnean gaude, ez jende, ez frantses edo espainol herritar legean. Euskaldun kulturaren alde lan egitea helburu denean, europar kultura horretaz jabetzea on da, bereziki beltzen eta horien abertzaletasun borrokariak jotzen duenean —Nietzscheren izu-deia guri zuzendua dago: izan gaitezen europar on! Guretzat euskaldun bezala horretaz jabetzea eta ekitea beharrezko da, eta euskararen bidez, halabeharrez»
.