Makila kolpeka, hotzik ez

Neguko giro hotzari aurre egin, eta santa eskean atera dira herri askotan, ohiturak agindu bezala. Elgoibarren hogei urte daramatzate baserriz baserri kantuan ateratzen.

Koplari, trikitilari eta pandero jotzaileen laguntzaz ateratzen dira, baserriz baserri, Elgoibarko Izarra elkarteko kideak. ANDONI CANELLADA / ARP.
Adrian Garcia.
Elgoibar
2013ko otsailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Agatak ez zuen sekula euskal lurrik zapaldu, baina sobera ezaguna da Siziliako santuaren historia Euskal Herrian. Herri askotan, otsailak lau dituen aldiro —santuaren egunaren bezperan— etxez etxe eta baserriz baserri ateratzen dira santa eskean. Zehazki, ezin jakin badaiteke noiz sortu zen eskean ateratzeko ohitura, Elgoibarren (Gipuzkoa) aspaldidanik urtero-urtero ohitura zahar hori berritzen dute.

Elgoibarren sakonki sustraitutako ohitura baita santa eskean ateratzearena. 20 urte dira Elgoibarko Izarra kultur elkartea baserriz baserri kantu eskean ateratzen dela. Atzo ere, urteroko irtenaldiari zintzoki erantzun zioten 30 bat lagunek, eta otsaileko giro hotzari aurre egiteko makila kolpeka eta lagun giroan abestea baino gauza hoberik ez dagoela erakutsi zuten.

Kalegoen plazan elkartu, eta bi furgonetatan banatu ohi dira ahalik eta baserri gehienetara iristeko. Aurten, astelehena suertatu denez, bazkalostean gelditu behar izan dute, eta ez dute iaz bezainbeste baserri bisitatu. «Iaz, larunbatean atera ginen, eta egun osoz ibili ginen», azaldu du Imanol Larrañaga Elgoibarko Izarra elkarteko kideak.

Baserritarrak kantuan alaitu ez eze, haientzako bereziki prestaturiko koplak ere botatzen dizkiete. Horretarako, talde bakoitzean bina koplari eramaten dituzte. Javier Agirrezabala Ziarda eta Juan Mari Areitio Gaztelu koplariak joan dira horietako talde batean. «Etxeko zaharrenengandik hasten gara, eta gero gainontzekoekin jarraitzen dugu». Bertsoak bat-batean botatzen dituzte, etatrikitiaren eta panderoaren doinuen laguntzarekin abesten dute gero. Baserriko norbait duela gutxi hil bada, Salbea kantatzeko baimena eskatzen dute.

Lehenengo baserrietan bertsotan hastea zertxobait kostatzen zaiela aitortu dute, baina, berotu ahala, bakarrik ateratzen zaizkie koplak. «Asko berotzea ere ez da ona izaten». Tradizioak agintzen duen bezala, etxe sarreran geratu,eta etxekoek atea ireki bitartean kantatzen dute. 25 minutu inguru egon ohi dira etxe bakoitzean.

Baserritarrek estimutan dituzte santa eskaleak, eta noiz etorri zain egoten dira. «Oso eskuzabalak dira, diru dezente biltzen dugu». Bildutako dirua elkartearentzat gordetzen dute. Dirua ez ezik, baserri askotan zakua janariz betetzen diete. «Batzuek merienda prestatzen digute, eta ezin ezetz esan. Askotan, afaltzeko gogorik ez dugu izaten gero», diote barrez koplariek. Izan ere, eguna amaitutakoan, indarrak berritzeko eta eguneko hotzak kentzeko, afaria prestatzen dute elkartean.

Irati Agirreazaldegik urte asko daramatza santa eskean ateratzen. Atera zen lehen aldian ondo pasatu zuen, eta ordutik ez du hutsik egin. Furgonetan mendialderantz ateratzeko minutu gutxi falta zirela euriak ez zuen atsedenik ematen, baina ez zirudien askorik axola zitzaionik. «Euria, elurra... denetarik tokatu zaigu».

Izarra elkartea 1964an sortu bazen ere, duela hogei urte, elkartearen eraberritze prozesuan murgilduta zeudela, ohitura zaharrak berreskuratzearen alde egin zuten. 1988. urtetik Etxegina taldea herrian ateratzen da kantuan, eta horrexegatik erabaki zuten baserriz baserri ateratzea.

Baserritarrek dieten estimua da Larrañaga gehien betetzen duena. «Estimatzen gaituzten bitartean ateratzen jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.