Azken hilabeteetan jarrera anbiguoz landu dute hainbat hedabidetan gure herrian gertatzen dena. Su- etenaren berri emateko agiria eta alderdi berriaren aurkezpena kontu handiz islatu ziren albistegi eta abarretan. Etorkizuneko jokalekua zein izango den ez dute aditzera eman nahi izan. Badira zantzuak. Gaur batera, bihar bestera aritu dira. Aurrez esan bezala, korrontearen bidea errespetatuz, baina aurpegi jakin batzuk miran jarrita. Lausotzen ari da, ordea, jardunbide horren argitasuna. Denbora pasa ahala, lehengo lepotik burua. Izan ere, atxiloketa gau ilun bakoitzaren ondoren, makineria martxan jartzen dute.
Iragan astea benetan emankorra suertatu zaie horretarako. Hamaika atxilotu izan dira. Lauri konta ezin ahala ekintza egozten zaizkie, tartean bi pertsonaren hilketak. Gainontzeko zazpiei legez kanpoko gazte erakunde bateko kide izatea. La1 kateko Informe Semanal erreportaje saioa izan da, oraingoan, gaiaren gaineko aletxoa jartzeko. ETA harrobirik gabe izeneko erreportajea, besteak beste, hitzokin aurkeztu zuten, larunbatean: «Lau atxilotuak ETArekin lotura duten gazte erakundeetatik pasa dira, Poliziaren iturrien arabera. Segi da militanteak biltzeko duten harrobia eta erakundearen sostengu ideologikoa. Hori frogatzen duten bideo eta dokumentuak daude. Informe Semanal-ek kale borrokarako eta aktibismo politikorako hezitako gazte egitura hauetan sakondu du, inoiz erakutsi gabeko bideoekin».
Ez nau harritzen inoiz ikusi gabeko bideo horien xehetasun ez hain xeheak. Kazetarien hitzetan, atxilotutako gazteei aurkituak izan dira. Froga gisa erabiliko direnak, hain zuzen. Eta, noski, oraindik epaitu gabe daudela jakin badakigunez, nahikoa da hori saioaren atzean zein helburu dagoen jakiteko. Horrez gain, zabaldu dute Bilbon atxilotuetako bat bi aldiz ospitaleratu behar izan zutela. Eta inkomunikazio aldian bazegoen ere, ez dute zalantzarik izan zergatiak azaltzeko. Ezta haietako batek bere gain hartu omen dituen ekintza guztiak zerrendatzeko ere. Bien bitartean, haien abokatuak ez zuen aukerarik izan haiekin egoteko.
Behin abokatua ikusita, torturak eta sexu bortxaketak salatu dituzte. Horiekin, ordea, ez da erreportajerik izango datorren larunbateko Informe Semanal saioan. Ez da albistegietan islatuko nik sentitu dudan hotzikara. Hori baita makineria.
Komunikazioa. Ekografiak
Makineria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu