Ezarian

Malira begira

Afrikako Malin lagunak eta senideak diztuzten euskal herritarrek kezkarekin ikusten dute herrialdearen iparraldean piztutako gatazka; tuaregen eskaerak aintzat hartu ezean luze jo dezakeela uste dute.

Malira begira.
Iruñea
2013ko otsailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken asteetan albiste da Maliko gatazka komunikabideetan. Euskal Herrian bizi diren maliarrak eta Malin lagunak edo senideak dituzten euskal herritarrak adi daude han gertatzen denarekin. Herrialdearen iparraldeko lurretatik islamistak botatzeko Maliko armadak Frantziakoarekin hasitako erasoaldia ahaztu gabe, han utzitakoak dituzte gogoan.

Mali Afrika mendebaldean dago, eta Sahara basamortuaren hegoaldetik Niger eta Senegal ibaietaraino hedatzen da. Iparraldean muga egiten du Aljeriarekin, Nigerrekin ekialdean eta Mauritania eta Senegalekin mendebaldean; hegoaldean, berriz, Boli Kosta, Ekuatore Ginea eta Burkina Fasorekin. Natura baliabide garrantzitsuak dituen arren, gatza, urrea eta uranioa, kasurako, ekonomiaren oinarria nekazaritza da: arroza, artatxikia eta kotoia ekoizten dituzte, batez ere. Munduko herrialde pobreenetakoa da, eta ekoizpena Niger ibaiak bustitzen dituen lur eremuetara mugatzen da. Iparraldearen zati handiena basamortua da. Zortzi eskualdek eta Bamako hiriburuak osatzen dute Mali. Iparraldeko hiru eskualdeak, Kidal, Gao eta Tonbuktu, herrialdearen hiru laurdena dira; baina Malin bizi diren 14,5 milioi biztaleetatik %20 bakarrik lekutzen dira bertan.

Maliren iparraldean piztutako gatazka harilkatzea ez da erraza. 2012an hasitako gatazka armatua Azawaden burujabetzaren alde bertako tuaregak abiatutako borroka izan zen. Libian Gadafirekin borrokatutako tuaregen etorrera erabakigarria izan zen horretarako. Gudarako ongi prestatuak egoteaz gain, arma, munizio eta ibilgailuak ekarri zituzten. Baina, gerora, eskualde horretan muga egiten duten herrialdeetatik etorritako talde islamistek hartu dute indarra gatazkan, Malin xaria ezarri nahi duten taldeak: Ansar Dine, AQMI eta Mojwa. Taldeok Kidal, Gao eta Tonbuktu hartu zituzten Malin izandako estatu kolpeak sortutako aginte hutsunea eta gobernu krisia baliatuz. 2012ko urtearen amaieran, islamistek Maliko hegoalderako bidean Konna hiria hartu eta Bamako hiriburura hurbiltzen ari zirelarik, Frantziak operazio militarra abiarazi zuen, eta jihadisten posizioak bonbardatu. Niger eta Maliko uranio meategiak —Frantziaren zentral nuklearren ezinbesteko elikagaia— eta inguruetako gas ustiategiak izan ditu gogoan Frantziak, Malira armada bidaltzeko tenorean.

Kezkatuta

Malin zer gertatzen ari den adi begiratzen dute Euskal Herrian bizi diren maliarrek. Evaristo Konek bost urte daramatza Oñatin (Gipuzkoa) bizitzen, Joxan Larrañaga herriko parrokoarekin. Bamako hiriburuan salestarrek zuten ikastetxe batean hasi zen ikasten. Orain, goizetan, autogintza mekanika elektronikoa ikasten du Gasteizen, eta, arratsaldeetan, auto lantegi batean lan egiten du. Haren familia —gurasoak eta hiru arreba— Bamakon bizi da; jatetxe eta hotel txiki bat dute. Egunero mintzatzen da haiekin. «Gatazka iparraldean da. Nire familia ongi eta lasai dago», dio.

Javier Zudaire salestarrak Malin egiten zuen lana ezagutu ondotik hasi zen Joxan Larrañaga Maliko herritarrak laguntzen. Hango elizbarrutiarekin elkarlanean, hezkuntza proiektuetan parte hartzen dute hego-ekialdeako —Burkina Fasorekin mugan— Saint Paul herrian duten ikastetxean. 600 ikasle daude eskolan lehen eta bigarren hezkuntzan. «Gatazka dagoen tokitik 200 kilometrora daude, eta egoera dela eta, beldurrez daude», dio Larrañagak.

Beharrak bultzatuta, lanera etorri zen Abdou Sidibe maliarra Aiara (Gipuzkoa). Jose Mari Aiertza aiarrak auzokide zuen, eta harremana izaten hasi ziren. Sidiberen ametsa Malira kamioi bat eramatea zen, familiak Nionon —Bamako hiriburutik iparraldera— dituen arroz soroetako uzta hiriburura garraiatzeko. Aiertzaren lagun batek, herriko Alustiza autobusak konpainiako jabeak, kamioirik ez baina autobus bat emanen ziola esan zion. Horrela, 2009an jaitsi zuten Aiatik Malira lehen autobusa. Han, salmenta oso zaila zenez, autobus linea batean errentan utzi zuen ibilgailua. Harrezkero, beste lau autobus eraman dituzte. Azkenekoa, joan den abenduan. Hortik lortutako diruak balio izan dio aurrera egiteko. Hiru seme-alaba eta emaztea ditu, eta orain arte joan-etorrian ibili den arren, azkeneko bidaia egin eta gero Malin gelditu da. «Lurrak lantzen ari da, etekinekin familia aurrera ateratzeko modua badu eta bere asmoa han gelditzea da», dio Aiertzak. Amesten zuen «autonomia» lortu du Sidibek. Familia Bamakon bizi den arren, lurrak, hiriburutik iparraldera, 400 kilometrora ditu.

Maiz hitz egiten dute Sidibekin eta kezkatuta daude gertatzen ari denarekin. «Hirian ez dago arazorik, baina lurrak dituen tokitik gertu izan dituzte arazoak; jihadistak hartutako hiri bat dago. Larrituta zeuden, baina askatu dute eskualde hori».

Aiertza ere izan zen Sidiberen azken bidaian. Maliar askok herrialdeko iparraldea ez dutela ezagutu ere egiten dio. «Iparraldea basamortua da, ezagutu ere ez dute egiten, Tuareg eta nomaden eremua izan da beti», dio.Hegoaldea, berriz, emankorragoa dela dio; Niger ibaiak zeharkatzen du, eta alboetan lantzeko lur emankorrak ditu. Maliarren bizi-baldintzak oso xumeak direla dio. Hirian truketik bizi dira, eta hiritik kanpo, nekazaritzatik. «Jateko produzitzen dute, etekin handirik atera gabe». Euren bidaien eta egitasmoen berri emateko Aiamali bloga ere sortu du Aiertzak.

Islamisten beldurrez

Asentxio Iguaran Aita Zuria 1964. urtean joan zen lehenengo aldiz Malira, eta joan den urtean, osasun arazoak tarteko, itzuli zen. Bamakotik urruti bizi izan da beti Malin, hiru tokitan. Itzuli aurretik Mauritaniako mugatik 60 kilometrora, Nioroko Sahelen, zuten misioan egon zen, musulmanen artean. Azken urteetan beldurrez egon dira Al-Qaedak bahiketak egiten zituelako Mauritaniaren eta Nigeren mugetan. Jada hara ezin da joan ere egin. «Misiolari beltzak bakarrik daude, zuriei alde egiteko eskatu ziguten». Malin gehiengoa musulmana da (%80) eta gainontzekoak kristauak eta beste erlijio batzuetakoak dira. Eskualdean zeuden kristau taldeak artatu, eta osasun heziketan eta hezkuntzan aritu dira lanean. «Ebangelioa zabaltzen ez digute uzten, baina harreman ona genuen bertakoekin». Gatazka dagoen tokian, Gaon, bazuten misio bat eta utzi egin behar izan dute. «'Al-Qaeda' sartu zenean, misioa erre egin zuten eta eliza arpilatu. Bamakora alde egin behar izan dute». Eskualdea oso toki lehorra eta pobrea da. Euri garaia hiru-lau hilabete izaten da, eta askotan ez du behar bezala botatzen. Oso lehorte gogorrak ere izan dituzte eskualde horretan. Euria egiten duenean jatekoa izaten dute; artatxikia, artoa, eta arroza jaten da gehienbat. «Kotoia ere ekoizten dute diru pixka bat ateratzeko, baina kotoiaren merkatuak ere behera egin du, salneurriak jaitsiz joan dira eta nahiko komeria badauzkate».

Gatazkak asko iraungo duen ez dakite han zein hemen daudenek. «Familiak dio ez duela askorik iraungo», esan du Konek. Ez da iritzi berekoa Iguaran. Iparraldeko gatazka hari mutur asko dituen arazoa da. Al-Qaedaren afera ahaztu gabe, Tuareg herriaren eskaerak ez badira betetzen eskualde horretan ez dela bakerik izanen uste du. «Mali, Aljeria eta Nigerren artean gameluekin ibiltzen diren basamortuko nomadak dira. 800.000 kilometro koadroko basamortuko jabeak dira, eta Tuareg errepublika eratzeko helburuarekin, Azawad deitua, armak hartu zituzten, baina gobernuak ez du deus egin euren independetzia eskaera betetzeko».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.