'Mamu txikiak' haurrentzat

Frankestein, buru gabeko gizona, emakume otsoa eta buru bikoa kalean ibiliko dira, Gasteizen

2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Oihulari Klown antzerki taldeak Mamu txikiak kale antzerkia eskainiko du gaur, Gasteizko Dato kaleko Ibiltariaren eskultura aurrean (Araba), 19:00etan.

Virginia Imazek egin du lana, eta Jose Carmelo Muñoz, Anduriña Zurutuza, Txefo Rodriguez, Maider Galarza eta Andoni Egaña antzezleek Frankestein, buru gabeko gizona, emakume otsoa eta buru bikoa irudikatzen dituzte. Horrela, Patxistein, Burubiltxo, Piztitxu eta Bikoitz bilakatzen dira. Laurak mamu txikiak dira; izan ere, haurrak besterik ez dira. Buruhandien eta marrazki bizidunen arteko maskarak erabiltzen dituzte, eta sorgin bat dute, ama lanak egiten dituena. «Istorio sinplea da», dio Virginia Imazek, «baina sinpletasun hori da lortzen zailena». Azken urteotan egiten ari diren antzezlanetan, ohartu dira gero eta haur txikiagoek beldurrezko istorioak eskatzen dizkietela, eta lan honekin ausartu dira. «Haurrak, munstro txikiak ezagutzen dituztenean, lasaiago gelditzen dira, eta amesgaiztoetan agertzen zaizkien pertsonaiei irudia jartzen diete», dio zuzendariak. Orain arte emandako ikuskizunen erantzuna «oso ona» izan da, «harrigarria». Imazek azpimarratu du «hunkigarria» dela «nola azkenean haurrak joaten zaizkien mamu txikiak beldurtzera. Oso sanoa eta terapeutikoa da hori», gaineratu du.

'MAMU TXIKIAK' ANTZEZLANA

Noiz. Gaur, 19:00etan.

Non. Gasteizko Dato kaleko Ibiltariaren eskultura aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.