Komunikazioa. Ekografiak

Mamuak (II)

Jokin Labaien.
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Aiii atzo aipatu nizkizun mamuak, sekula ez erabat gordeak, azkenaldian maizegi presente dauzkadanak, azken Ekografia idatzi, oheratu eta ostera agertu zitzaizkidanak. Bakarra ez naizela ohartzeraino, gainera. Xabier Gantzarainen atzoko Jirairakurriz poztu eta tristatua. Telebistako editoreen xalotasunik ezak penatua. Erotu ez naizela jakiteak irribarrez jarria.

Asteburuan La2 eta Antena3 kateek utzi gintuzten ahoa bete hortz. Astelehen eta asteartean, ETB2 izan da bide berean urrats bat gehiago egin duena. Astearen hasieran, prime time delakoan, honako erreportaje hau eman zuen: Carrero Blanco, el consejero fiel. Izenburuarekin gutxi ez eta ausartu egin nintzen —zutabe honek eta morboak bultzatuta— amorruari eta kate berari eusten. Carrero Blanco nor zen argitu nahi zigun emanaldiak, haren eguneroko bizimodua eta ibilbidea nolakoak izan ziren, nola lortu zuen Francoren hurbileko izatera iristea, zein garai bizi izan zuen, nola erahil zuten eta nolako geroa utzi zuen. BocaBoca etxeak ekoitzi eta Jesus Lopez Jordanek zuzendutako lanaren estreinaldia izan zen. ETBk zabaldutako oharraren arabera, lan handia egin dute emaitza ona lortu ahal izateko. Besteak beste, aditu eta gertukoen hitzak bildu. Gertukoen artean, haren Luis eta Carmen seme-alabenak eta falangista batenak. Kasu honetan, gertukoak ez ziren, noski, haren biktimak izan. Imajinatuko duzue Luis eta Carmenek Carrero Blancoren zein irudi zabaldu zuten: etxekoa omen zen, fidela, amaren maitale sutsua eta haren ideiekin konprometitua. Zer esanik ez falangistak.

Atzo, gurean izen ona eta ospea irabazia duen La noche de... saioak, kasualitatez, ETAk Carrero Blancoren kontra eginiko erasoa zinemara nola eraman den kontatu zuen. Hain zuzen, datozen egunetan, El asesinato de Carrero Blanco telesailaren estreinaldiaren aurretik. BocaBoca etxeak ekoitzi du hori ere, eta Miguel Bardemek zuzendu.

Memoriaz oroitzen naiz. Eta historiaz. Memoria historikoaz. Eta Real Academia Españolak argitaratu berri dituen biografiez. Frankismoa eta diktadura hitzak baztertu egin ditu. Sanchez Dragoren arabera, amorragarri zaigun bibotedun txikiarena ez zen totalitarismoa, ezpada autoritarismoa. Eta oraingoa demokrazia izango da, jakina. Eta bi egunotan aipatu lanak, beharrezkoak. Eta nireak, mamuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.