Maratila

Mapa ttipia

Aurelia Arkotxa.
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Ttipi ttipitik beti etxean ikusi izan dut «Euzkadi es la patria de los vascos» mapa. Bere zazpi probintziekin: «Benabarra, Laburdi, Nabarra, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba». Probintzia bakoitza, bere herri eta hiri nagusiekin, kolore ezberdinez agertzen dela. Amak erraten dit Joakinek, zorigaitzez ezagutu izan ez dudan aitatxik, mapa ttipia nola gorde zuen mendian. «Gerra zibila hasi zen. Gogoratzen zait aise. Baztaneraino entzuten ziren San Martzialetik Guadalupera karlistek, eta Guadalupetik San Martzialera euskaldunek elkarri tiratzen zituzten bonbak. Ikara garaiak hasiak ziren. Karlistek Baztandik San Martzial aldera bortxaz ekarrarazten zituzten zaldiak eta mandoak beren jabeekin, munizioen, jatekoen eta behar ziren guzien eramateko. Kurritu zen berria bere mandoaren kakolak munizioez kargaturik mendian bazihoan Iruritako bat, lau haurren aita, nola Guadalupetik tiratu zuten bonba batek puskatu zuen. Biak, bera eta mandoa, porroskaturik gelditu ziren bidean. Etxean izigarri inkiet ziren aitamak. Gauzak gorde behar zirela gosearen beldurrez. Arratoiek jan ez zitzaten, aitak zurezko kaja handietan altxatu zituen gauza preziatuenak : Lagarto markako xaboi kaja handi bat, hogeita bost pintako olio garrafoia… Eta etxean ziren «euskaldun gauza» guziak ere: aitzineko urtean ahizpa zaharrenak plazako dantzetan erabili kresponezko euskaldun painueloak. Eta mapa ttipia. Gauzen gordetzeko joan zen aita Aranea erreka aldera. Bazekien gordebidea non zen. Han den peña gora batetara hurbildurik, igateko bi zulubi elkar lotu zituen. Ahal zen bezala. Bazekien han bazela euriak atzematen ez zuen leihorra: harpea. Gerra denboran han egon zen gorderik mapa ttipia. Pentsatzen dut Bibiana ahizpa zaharrenak gerra aitzinean Donostiatik ekarria zukeela. Nabarran, denbora haietan, horrelako gauza bat atzematen bazuten karlistek, heriotza zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.