Maratila
Mapak 4
Saint-Severreko 'Beatus' mapamundia, XI. mende erdialdekoa, begira dezagun. Lau puntu kardinalak ez dira gaurko moldean kokatuak geografikoki. Hots, sortaldea zeruari hurbilena den lekuan da: gure iparrean. Eta adibidez iparra ezkerretik da, guretzat sartaldea den lekuan. Topographia Christiana horretan, Lurreko Paradisua ikusten dugu maparen gaineko eremuan marraztua. Genesian argiki errana baita Eden, Lurreko Paradisua, ekialdean dela. Sortaldeko eremuan. Saint-Severreko Beatusaren apaintzaileak kuidado handiarekin pintatzen du Paradisua. Lau ibai handik gurutzatzen duten lurralde mitikoa, Adame eta Eba, sugearekin den zuhaitza... Arreta handiarekin mugatzen du Paradisuaren lurralde sakratua. Ikusten da hirutan zatitua dela mapamundi horren Orbis Terrarum-a: Asia, Europa, Afrika. Ohi den bezala, maparen erdian («zilborrean») da Jerusaleme hiria. 'OT' (edo 'TO') mapamundietan sailka dezakegu Saint-Severrekoa. Hots, lur borobilak, Orbis-ak, 'O'aren itxura baitu. 'O' horren erdia bitan zatikatzen du 'T'aren barra bertikalak. Barra bertikala horretan kabitzen delarik Mediterraneo itsasoa. Medius terrae. Eta 'T' letraren barra horizontalaren bi alderdietan, bi ibai: Tanais (Don) ezkerretik, Nilo eskuinetik. OT mapa horiek garai batetako ideologiaren errepresentazioak dira noski (mapa guziak bezala). Lurralde batzuk amets iturri dira guretzat : Pontis Euxinus, Anti podos, Palus Meotides, Thule, Hiperborea, Trapobania, Mare Rubrus, Arabia felix, Terra Incognita… Saint-Severreko mapamundiaren egileak, Stephanus Garsiak, Europaren topografian bereizten ditu argiki: 'Francia', bi 'Galliak', 'Aquitania' eta 'Wasconia'. Baskoniako erreinu zabalean, kokatzen duelarik Saint-Sever herria, Stephanusek. Bera dagoen lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu