Ingurura begiratu, eta harriak, hostoak eta adaxkak baino ez ditu ikusten. Burua gorantz biratu, eta zuhaitzen adarrek estaltzen dute zerua. Galduta sentitzen da, baina mapa dauka eskuan, eta badaki kolore zuriak basoa esan nahi duela, sinbolo beltzak harria, eta urdinak urarekin loturiko elementuak direla. Puntu horretara iritsi da iparrorratzari esker, eta hor nonbait egon behar du. Hiru bat metrora aurkitu du azken baliza: amaitu da orientazio proba. Harro sentitu da.
Iparrorratz bat eta mapa bat soilik erabilita eremu jakin batean dauden elementu batzuk aurkitzean datza orientazio kirola. Mendian eta lasterka egitea da ohikoena, baina hainbat modalitate daude: binaka edo taldeka, hiri barruan, oinez, bizikletan... Euskal Herrian, oraingoz, talde bat dago Ipar Euskal Herrian, talde bat Gipuzkoan, talde bat Bizkaian eta beste bat Araban; Nafarroan, berriz, bi talde daude. Bakoitzak bere ligaxka dauka. Guztira, bostehun lagunetik gora aritzen dira, eta 700 parte hartzaile bitarteko probak ere antolatu izan dituzte.
Hainbeste modalitate dituenez, jende askok dauka kirola egiteko aukera: «Orientazio proben bertute nagusietako bat da oso familiarra dela, belaunaldi ezberdin askok parte hartzen dugula proba berean; oso kirol gutxik daukate ezaugarri hori», esan du Ibon Goikoetxea GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeko kideak.
Izan ere, gaitasun espaziala da orientazioa egiteko behar den gaitasunetako bat, eta hori 6-7 urterekin hasten da garatzen, Goikoetxearen hitzetan: «Hortaz, 6-7 urterekin hasi eta adinean gora egin ahala, ez dauka mugarik». Proba batean parte hartu dezakete amonak eta bilobak, hainbat ibilbide egoten baitira prestatuak, bakoitzari egokitzeko.
Badute lelo bat taldean: Pentsatu, eta korrika egin. «Eta ordena horretan, gainera. Gure probetara etorri izan dira mendi korrikalari oso onak, baina mapa bat ulertzeko gai ez direnak, galdu egiten direlako». Hortaz, ahalik eta lasterrena egin nahi izatea ondo dago, baina orientazio gaitasuna lantzea ere ezinbestekoa da, proba ondo egiteko.
Eta edonork garatu al dezake gaitasun hori? «Batzuek askoz ere hobea dute besteek baino, eta hor dago desberdintasun nagusia; baina oinarrizkoa gutxi edo gehiago landu daiteke». Beraz, oinarrizko orientazioko nozio batzuk landuta, edonork praktikatzeko moduko kirola da, bakoitzak neurtzen baitu gero fisikoki zer mailatan aritu. «Orientazioan punta-puntan dabiltzanak gero mendi lasterketetan ere punta-puntan dabiltzanak izaten dira. Adibidez, Zegama-Aizkorrin [mendi lasterketa] lehenengo bost postuetan geratzen diren batzuk orientatzaileak dira», esan du Goikoetxeak.
Onura ugari
Eskandinavian oso zabaldua dago orientazioa: 20.000 lagun bitarteko probak antolatzen dituzte. Goikoetxeak argi ikusten du horren arrazoia, askotarikoak baitira kirolak dituen abantailak: «Pertsona batek orientazioa egitean balio asko lantzen ditu: segurtasuna behar du, erabakiak hartu behar ditu, hanka sartzeak onartu, horiek zuzendu... Eta hori guztia naturan egin behar du, gainera, berak bakarrik».
Hain zuzen, Suedian, esaterako, hezkuntza sisteman txertatua dute kirola, ikasgai gisa, eta haur guzti-guztiek ikasten dute. Hala aritzen dira Euskal Herrian ere: irailaren 16ko asteburuan, adibidez, Lizarrustin (Gipuzkoa) egin zuten Ipar Ligako proban, 8 urteko Valladolideko (Espainia) neskato batek berak bakarrik eman zion bira Lareoko urtegiari. Hego Euskal Herriko taldeek ez ezik, Espainiako hainbat taldek ere parte hartzen dute Ipar ligan: Errioxa, Kantabria, Gaztela-Leon... «Neska horrentzako, izugarrizko erronka da kontrolatzen ez duen espazio batean, naturan bakarrik ikustea. Hori umeetan egitea izugarrizko lorpena da: ikustea neska edo mutil batek bakar-bakarrik joateko segurtasuna daukala», esan du Goikoetxeak.
Ahalduntzeko ematen duen aukeraz gain, badu beste zerbait, jendea erakartzea lortzen duena: beste modu batean sekula ezagutuko ez lituzketen txokoetara iristen direla. Horrek harrapatu zuen Goikoetxea bera: «Oiartzuarranaiz [Gipuzkoa], Aiako Harrian asko ibiltzen nintzen, baina orientazio mapa bat eman zidatenean, betiko bidearen atzean zegoen zulotxo hura ez nuen ezagutzen. Orientazioan baliza bat jartzen dizute, horra joan behar duzu, eta horrelako txoko pila bat ezagutzen duzu».
Gaur-gaurkoz, ikusgaitasun falta da kirolaren eragozpen nagusia, Goikoetxearen ustez. Mendietako mapak sortzen ari dira, orientazio eskolak ere badaude, zirkuitu iraunkorrak prestatuak dituzte nork bere kasa egiteko, eta ikastetxeetarako materiala sortu dute, eskola orduetan lantzeko. Eskola kirolean ere urtean hiru proba egiten dituzte, mendi federazioarekin elkarlanean.
Parte hartzaileek, berriz, Euskal Herriko probak egiteaz gain, kanpora ere jotzen dute, bai Espainiako Ligan parte hartzeko, edo baita bost eguneko txapelketetan lehiatzeko ere: «Guretzako bihurtzen da turismoa egiteko modu bat, horren baitan antolatzen ditugu oporrak», gehitu du.
Euskal Herritik Europara
Espainiako hainbat probatan gailendu ondoren, kadete mailako Europako Txapelketa jokatu zuen ekainean Aratz Beobide getariar gazteak (Gipuzkoa); zilarrezko domina eskuratu zuen Bulgarian jokatutako distantzia luzeko proban, eta bosgarren postua, berriz, taldekakoan. «Sekulako esperientzia izan da, eta ez nituen horrelako emaitzak espero. Harro sentitzen zara», onartu du.
Proba egin bitartean, kontzentratuta zegoela esan du Beobidek, eta ez zuela emaitzan pentsatzen. Izan ere, bestela, hutsik egiten ari ez direla pentsatuz gero, urduritzeko arriskua izan ohi dute, eta, azkenean, hanka sartzen dute: «Sentsazio hori oso zaila da kontrolatzen. Hori da inportanteenetakoa: kontzentrazioa ondo mantentzea, eta zure buruarengan konfiantza izatea».
Haurra zela hasi zen orientazio probetan parte hartzen, gurasoekin batera. Orain, ordea, bere kabuz aritzen da: hilabetero, sei bat aldiz partedu horietan, asteburuetan. Nabaritu du hasi zenetik izandako hobekuntza, batik bat fisikoki.
Lagunak egiteak asko lagundu diola esan du Beobidek, eta badutela parte hartzaile gazteekin kuadrilla moduko bat. «Gainera, normalean, orientazioan nahikoa giro herrikoia egoten da, elkarrekin lo egiten dugu. Hainbeste selekzio geundenez, kasu honetan, bakoitzak bere hotela izan zuen. Australiako, Italiako eta beste herrialde batzuetako jokalariak geunden hotel berean».
Mendian, galduta sentitu izan da sarri, baina lasai hartzen saiatzen da, trabatuta dagoenean blokeoa gainditzeko. Aldiz, maite du basoan naturaz inguraturik egotea. Gainera, beste kirol batzuekin alderatuta, presio txikiagoa sentitzen duela dio: «Orientazioan presio txikiagoa dago beste kirol batzuetan baino; ez daukazu inor atzean, zer egin behar duzun agintzen dizuna».
Xantal Olaskoagak lagun batzuen bidez ezagutu zuen kirola, eta familiarekin hasi zen probetan parte hartzen. Orain, 14 urte ditu, eta familiako kide bakoitzak bere aldetik parte hartzen du probetan. Futbolean ere aritzen da, eta, beti biak bateratzea erraza ez bada ere, hilean behin-edo aritzen dira, asteburuetan: «Orientazioan ez dugu entrenamendurik aste barruan; beraz, futbolak laguntzen dit fisikoki hobetzen orientaziorako».
Bakoitzaren gaitasunaren arabera, maila desberdinetan parte hartzeko aukera dago, eta hori gustuko du Olaskoagak. Baita hasi zenetik hona lortutako segurtasuna ere: «Hasieran, segurtasun falta sentitzen nuen, ea galduko nintzen edo ez, ea baliza topatuko nuen edo ez... Baina, gero, konfiantza hartzen duzu, eta iristen zara horietara. Zeure buruarengan duzun konfiantza lantzeko eta erabakiak hartzen ikasteko kirol aparta da».
Zarauzko eskolari esker, nabaritzen du, pixkanaka, haur eta gazte gehiago ari direla kirola ezagutzen. Dena den, saskibaloiak, futbolak edo eskubaloiak indar gehiago dute inguruan. Jendea kirola probatzera animatu nahi dute hirurek. «Probetan laguntza ematen diguten Gurutze Gorriko langileek taldean bukatu dute. Proba ikusten dute, eta esaten dute hurrengoan seme-alabekin etorriko direla», Goikoetxearen arabera. Oraingoz, behintzat, argi dauka Beobidek ere: «Ez daukat uzteko asmorik. Horretan jarraitu nahi dut, iristen naizen lekura iritsita ere».
Mapari segika, konfiantza ipar
Geroz eta jende gehiagok egiten du orientazioa Euskal Herrian, beste kirol batzuek baino ikusgaitasun txikiagoa izan arren. 'Pentsatu, eta korrika egin' dute lelotzat, dena ez baita fisikoa. Konfiantza lantzen eta erabakiak hartzen ikasten laguntzen du, parte hartzaileen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak