Ezarian. Zientzia. Argi aldian

Marie Curie

Marian Iriarte.
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Kimikaren Nazioarteko Urtea izendatu dute 2011, eta hainbat ekintza antolatu eta antolatuko dira urte honetan. Gainera, 2011 urteurren garrantzitsua da; Marie Curiek Kimikako Nobel saria jaso zuen mendeurrena, hain zuzen ere. Marie Curiek kimikan eta fisikan izandako eragina eta garrantzia izugarria da, erradioaktibitatearen inguruan egindako aurkikuntzek aplikazio asko eta asko ekarri dituzte. Erradioaktibitatearen gainean lortutako jakinduriak fenomeno horiek hobeto ulertzeko aukera eman dute, eta haren arriskuaz jabetzeko ere bai. Japonian gertatu berri den istripuak begirada guztiak energia nuklearraren aurka jarri ditu, eta erradioaktibitate hitza hitz madarikatu bihurtu da. Ez naiz oraingoan hasiko energia nuklearraren erabileraz eztabaidatzen, ongi baino hobeto egin baitzuen nire zutabekideak duela aste batzuk. Gaurkoan, Marie Curieren irudia eta haren aurkikuntzak azaldu nahi nituzke.

Marie Varsovian jaio zen, 1867an, eta ezkondu arte Marie Sklodowska izan zen. Haren gurasoak intelektualak ziren biak (bata, zientzietako irakaslea, eta bestea, maistra, piano jole eta abeslaria). Horrek guztiak ziurrenik lagundu egin zuen Marieren ibilbide zientifikoa garatzen. 24 urte zituela Parisera joan eta Sorbonako unibertsitatean hasi zituen zientzietako ikasketak, eta bi urte beranduago fisikako ikasketak amaitu zituen, bere taldeko lehena izanik. Urtebete beranduago matematikako ikasketak ere bai; orduan ez zen izan lehenena (tamalez, taldeko bigarrena baino ez). Hurrengo urtean, ezagutu berria zuen Pierre Curie zientzialariarekin ezkondu, eta, euren helburua doktoretza lortzea zenez, Henri Becquerel fisikariak lortutako aurkikuntzen inguruan aritzea erabaki zuten. Becquereli zor zaio uranioak emititzen duen erradiazioa zertan den jakitea, hau da, erradioaktibitatearen aurkitzailea da. Fosforeszentzia aztertzen ari zela, uraniozko lagin bat argazki-paper baten gainean utzitakoan, argazki-papera nola belzten zen ikusi zuen, eta erradiazio ikusiezin hori erradioaktibitatea da. Pierre eta Mariek, doktoretza egiten ari zirela, bi elementu berri bakartu zituzten (1898): polonioa eta erradioa. Uranioak emititutako erradiazioa aztertzeko, uraniozko gatz batekin aritu ziren, pechblenda izenekoarekin hain zuzen ere, eta horrek uranioak berak baino erradiazio indartsuagoak emititzen zituen. Horrexek eman zien material horretan uranioaz aparte uranioa bera baino erradioaktiboagoa zen beste elementuren bat ere bazegoelako susmoa, eta horrela bakartu zuten polonioa. Izena haien jaioterriari zor zaio, garai hartan Polonia Errusia, Prusia eta Austriaren artean zatituta baitzegoen, eta izen hori jarriaz nazioarteko komunitatearen aurrean Poloniaren independentzia aldarrikatzea lortu zuten. Radioaren izena bere erradioaktibitate altuari zor zaio. 1902an 1g erradio kloruro bakartu zuen, eta ordutik aurrera haien ospea goraka joan zen. Euren aurkikuntzak inongo lizentziarik edo babesik gabe komunitate zientifikoari eskaini zizkioten. Urtebete beranduago Fisikako Nobel saria jaso zuten, Henri Becquerelekin batera erradioaktibitatearen inguruan egindako aurkikuntzengatik. Senarrak Sorbonako unibertsitatean Fisikako Katedra lortu zuen, baina, zoritxarrez, urte batzuk beranduago zaldi-gurdi batek harrapatuta hil zen, eta Mariek hartu zuen haren katedra, eta aurrera jarraitu zuen ikerkuntzarekin. Horren ondorioz, 1911n bigarren Nobel saria lortu zuen, oraingoan Kimikakoa, radio elementuaren inguruan egindako ikerketengatik. 1934an hil zen, anemiak jota, eta, orain dakigunagatik, elementu erradioaktiboekin egindako lanek eragina izango zuten gaixotasun horretan.

Marie Curie Frantzian doktoretza lortu zuen lehenengo emakumea izan zen, bi Nobel sari jaso zituen lehen zientzialaria, Nobel saria jaso zuen lehenengo emakumea eta Sorbonako unibertsitatean katedradun izan den lehenengo emakumea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.