Bilboko Aste Nagusia

Marijaia erre ez zenekoa

30 urte dira Aste Nagusia uholdeen ondorioz bertan behera geratu zela; konpartsetakoek ondo gogoan duteUdalak egin zituen ohartarazpenei jaramon handirik ez zitzaiela egin esan dute

Jose Mari Amantes (Moskotarrak), Alazne Olabarrieta (Mamiki), Irune Diez (Satorrak) eta Iñaki Markiegi (Txomin Barullo) konpartsakideak, atzean txosnen gunea dutela. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2013ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilbo paretik Ibaizabal ibaia lasai doa, beti legez. Bare dago, baina Irune Diez Satorrak konpartsakoak begi zeharka begiratzen dio. Ibai horrek berak utzi zuen lehenbizikoz bertan behera Bilboko Aste Nagusia 1983ko abuztuaren 26an. Ibaiak jaiak amaitzeko hiru egun falta zirela egin zuen gainezka, eta aspaldiko partez izandako uholderik larrienak eragin. Urte hartan Marijaiarik ez zuten erre Ibaizabal ibaian. Alderantziz, urak ito zuen festa. «Jaietan murgilduta geunden, eta bat-batean hiria bere onera ekartzeko lanetan ari ginen. Nork esango zigun jaiak horrela amaituko genituela». Diezek ondoan dauzka Alazne Olabarrieta (Mamiki), Jose Mari Amantes (Moskotarrak) eta Iñaki Markiegi (Txomin Barullo) konpartsakideak. Denek baiezko keinua egin dute buruarekin. «Inork ezin zuen sinetsi zer ari zen gertatzen», Amantesen esanetan. 30 urte igaro dira ordutik, baina konpartsakideek gertakari hura ez daukate ahazteko.

1983ko abuztuko hirugarren astea oso euritsua izan zen; Bilboko Aste Nagusia ospakizunetan murgilduta zegoen. «Egunero egin zuen euria, ez zuen atertu», azaldu du Amantesek. Eta horrek salmentei zuzenean eragin zien. «Oraindik edari eta janari asko geneukan saltzeko, eta asteburuan eguraldiak hobetzera egingo zuen itxaropena geneukan. Hala, petrala izan zen asteari amaiera txukuna emateko esperantza geneukan». Baina kontrakoa gertatu zen. Urte oso bateko euri kopurua egun bakarrean bota zuen, aurreikuspen guztiak hankaz gora utziz. «Txarrak izaten ari ziren jaiei amaiera ezin okerragoa eman zitzaion».

JOSE MARI AMANTES Moskotarrak konpartsakoa

«Eskerrak ezbeharraren hasiera egunez izan zen!»

Amantes Jai Batzordeko kidea zen garai hartan, beraz, lehen unetik izan zuen egoeraren berri. «Ostiral eguerdian etxera deitu zidaten, Jai Batzordeak egunero egiten zuen bazkarira ahal bezain lasterren joateko». Uholde arrisku handia zegoela esan zioten, baina hitz horiek ez zituen aintzat hartu Arriagako zubira iritsi zen arte. «Ibaia indar handiarekin ari zen jaisten», dio. Horregatik, batzordeak hartu zuen lehen erabakia txosnak hustea izan zen, ibaia bertan zutelako. Dei horri jaramon eginez, konpartsetakoek neurriak hartu zituzten, baina ez ziren nahikoak izan, haren ustez. «Egin genien ohartarazpena ez zuten aintzat hartu, baina, egia esan, askoz gehiago egiteko aukerarik ere ez zen egon».

Egun horretan «ordu gutxian gauza asko» egitea egokitu zitzaion Amantesi. «Eskerrak ezbeharraren hasiera egunez izan zen! Modu horretan argi gehiagorekin aurre egin genion egoerari». Urak jaitsi zirenean herritarren artean egin beharreko lanak banatzeko ardura hartu zuen bere gain, eta momentu horietan jendeak erakutsi zuen elkartasun jarrera nabarmendu du. «Orduan Babes Zibila eta Ertzaintza sortu berriak ziren, eta ez zeukaten halako hondamendi bati aurre egiteko behar adina azpiegitura», dio. Horien ordez, boluntarioen lana ezinbestekoa izan zela uste du.

ALAZNE OLABARRIETA Mamiki konpartsakoa

«Egindako ohartarazpenak ez genituen aintzat hartu»

Olabarrietak 1983ko jaiak ilusio bereziarekin hasi zituen, urte hartan txupinera izateko ohorea izan baitzuen. «Txupina botatzeko unea berezia izaten da, eta oraindik horretan pentsatuta oilo ipurdia jartzen zait». Jaiak emozio handiz bizi izan zituen, nahiz eta aste guztian euri asko egin. Aste osoan gora eta behera ibili zen, jaiez jai. Gauez txosnan txanda egiten zuen, eta egunez jaiez gozatzen saiatu. «Goizeko txupina bota ondoren, etxera joaten nintzen apur bat deskantsatzera, eta arratsaldean festara irteten nintzen».

Hala izan zen Ibaizabalek gainezka egin zuen egunean ere. «Arratsaldean kalera irten nintzen, txosnetara joateko, baina Plaza Biribilera iritsi, eta kalea itxita zegoen. Txosnak husten ari ziren». Ez zion sobera ardura izan. Zazpikaleetara joan baitzen fanfarrearekin batera kalejiran. Baina arratsaldean egoerak okerrera egin zuen nabarmen, eta Zazpikaleak ere husteko agindua eman zuten. «Une horretan ez genuen aintzat hartu egin zizkiguten ohartarazpenak».

Baina gertatu beharrekoa gertatu zen, eta hurrengo egunak kaleak garbitzen pasatu zuen. «Hurrengo eguneko irudia izugarria zen: Areatza txatarraz beteta, Zazpikaleak egoera normal batean egongo ez ziren gauzaz josita...». Une horretatik aurrera, jaietako blusa alde batera utzi eta boluntario gisa aritu zen Olabarrieta. «Egiten genuena agian ez zen oso eraginkorra izango, baina laguntzeko gogoa geneukan».

IÑAKI MARKIEGI Txomin Barullo konpartsakoa

«Udalaren esanei ez genien jaramonik egiten»

Markiegi ere ez zen Olabarrieta ibili zen lekutik oso urrun ibili. «Euria aritu arren, jaietan erabat murgilduta ibili nintzen», dio. Fanfarrean dultzaina eta txirula jotzen zuen, eta jaietan bi ardurak uztartu zituen: musikari lana eta jaia. Uholdearen egunean ere hala izan zela gogoratu du. «Eguerdira arte jotzen aritu ginen, eta denbora horretan esan eta esan ari ziren uholde arriskua zegoela. Baina orduan udalaren esanei ez genien jaramon handirik egiten», dio. Bazkaltzetik itzulita, Zabalburutik ezin izan zuen Bilbora sartu. «Orduan aldatu genuen txipa».

Jendeari etxetik irteten laguntzen aritu zen Markiegi hurrengo orduetan. «Txosnara ere inguratu ginen, hura hustera. Bertan eskale batek ere lo egiten zuen, eta haren bila joan ginen». Baina iritsi zirenerako itota zegoen. Madriles eskale ezaguna zen. «Sekulako pena hartu genuen, oso maitatua zelako».

Baina kalte materialak ere izugarriak izan ziren uholdeen eraginez. «Gure konpartsak asko galdu zuen». Txomin Barullok Zazpikaleetan taberna bat ere badauka, eta biak galdu zituzten: txosna eta taberna. Ahal zen bezala eman zioten buelta egoera horri, baina okerrago geratu ziren asko gogoan ditu Markiegik: «Denda askok ezin izan zioten eduki zituzten galerei buelta eman. Hori okerragoa da».

IRUNE DIEZ Satorrak konpartsakoa

«Bi egunean ezin izan ginen etxetik atera ere egin»

«Euririk egiten ez duen Aste Nagusirik ez dago, baina urte hartakoa izugarria izan zen. Egoera hark denok elkartu eta aurrera jarraitu ahal izateko balio izan zigun», Diezen arabera. Harentzat lehen urtea izan zen konpartsakide modura, 18 urte zituen. «Emozio handiarekin bizi izan nituen jai haiek, konpartsan laguntzea gauza handia zen guretzat». Eta emozioek amaierara arte iraun zuten, ezberdinak izan arren.

Gainerako hiru konpartsakideek bezala, euri jasa eta ibaia indartsu zihoala ikusita ere, ez zuen pentsatu ere egin ibaiak gainezka egingo zuenik. «Etxera joan nintzen, bazkaldu eta apur bat deskantsatu ahal izateko, eta bi egun beranduagora arte ezin izan nintzen bertatik atera». San Anton zubiaren inguruan bizi da, goitik mendia dauka eta behetik ibaia. «Luiziak egon ziren, eta atera ezinik geunden etxe barruan». Bertatik atera ahal izan zenean, berehala joan zen garbiketa lanetan laguntzera. «Areatzara iritsi nintzenean, hura hondamen hutsa zen. Guk etxeko leihotik ikusten genuen ibaiak berarekin zeramatzan auto, animalia hil eta bestelakoak. Baina ondorioak ikustea ere oso latza izan zen».

Euren konpartsak ere ondorioak izan zituen uholdeetan, beste askok bezala ezin izan baitzuten txosnarik jarri hurrengo urtean, izan zituzten galeren ondorioz. Baina urak bere onera itzuli dira, Bilboko Aste Nagusia bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.