Hasten den guztia bukatu beharra dago. Bederatzi egunez jai giroan ibili ostean, bilbotarrek agur esan beharko diote gaur gauean Marijaiari eta, horrekin, aurtengo Aste Nagusiari. Orain zazpi urte hasi zuten tradizioari jarraituz, 22:20 inguruan hasiko da ekitaldia Areatzako zubi azpian.
Deustuko arraunlariak arduratuko dira Marijaia Areatzako zubitik udaletxeko zubira eramateaz. Han, su emango diote hiriko festen ikurrari, eta bide batez agur esan aurtengo Aste Nagusiari. Jaien azken ekitaldia bada ere, urtero bezala jende andana biltzen da Ibaizabalen alboetan Marijaia azken aldiz ikusteko. Ilunpetan egingo dute ekitaldia; txosna guztiek argiak itzaliko dituzte Marijaia itsasadarrean behera doan bitartean. Hala ere, foku batek argiztatuko du, begirada guztiak irribarre ederreko aurpegira bideratuz.
Udaletxe parera iristen direnean hasiko da ekitaldiaren azken zatia. Lehenik, Gurutze Beitia pregoilariak hitz batzuk esango ditu, eta, ostean, Oihana Pascual txupinerak su emango dio Marijaiari. Ekitaldia bukatzeko, Shanti Basauri musikariak Marijaia erretzeko prestatutako Agur Marijaia abestuko dute.
Aurten, baina, ez da egongo su festarik, eta Marijaia erre ostean bukatu dira ofizialki Bilboko jaiak. Orduan hasiko da askorentzat urte luzea; hurrengo Aste Nagusia heldu arteko itxaronaldia.
Marijaiari su eman, eta datorren urtera arte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu