«Hitz egitea, barre egitea eta ikastea; bizitzan, hiru gauza horiek ditut maiteen». Bistan da: Iruñe Astitz Larunbek (Barañain, Nafarroa, 1991) ez du burua gehiegi nekatu beharrik gehien gustuko dituenak zerrendatzeko. Ikasketaz kazetari izanik ere, sare sozialen munduan murgildua da aspaldi, Arkkuso izenpean, eta hainbat proiektu jarri ditu martxan. Gaur egun, pasioz bizi da streaming artean, ongi baitaki komunitate bat duela pantailaz bestalde. Bi estreinaldi izan berri ditu Astitz Larunbek: Zenbat meloi, hainbat mazedonia saioa hasi du Twitch sare sozialean, eta Xakalaka proiektua abiatu du zenbait euskarritarako.
Buru-belarri ari zara Twitchen. Zer aukera ematen du plataforma horrek?
Azken batean, zuzenekoak egiteko plataforma bat da. Egongo da jendea pentsatuko duena: «Youtuben ere egin daitezke zuzenekoak». Bai, egia da, baina Twitch soilik hori egiteko da, eta baditu askoz interakzio handiagoa bermatzeko elementu batzuk; txata, adibidez. Hain zuzen, txatak asko baldintzatu dezake zure zuzenekoa, eta hori ez da gertatzen Youtuben.
Zuzenean aritzeak bizitu egiten du ikusleekiko harremana?
Guztiz, eta, gainera, uste dut harremana gertukoago ere egiten duela. Oso polita da. Iruditzen zait beste sare sozial batzuetan nire eta nire komunitatearen artean dagoen pantaila lodiagoa dela, ez dutelako zuzenekoek dakarten hartu-emana. Ez ditut ikusten besteen aurpegiak, baina haiek nirea bai, eta edozer jartzen ahal didate txatean. Idazten didaten mezu horrek eragiten ahal dit barrea edo beste edozer, eta nik disimulatu beharko dut, edo ez.
Zer behar du twitchlari batek?
Dena kontrolpean izan behar duten horietakoa bazara, konplikatua izan daiteke. Ni horrelakoa nintzen, eta hau erronka bat izan da. Ikasketa prozesu bat ari da izaten, eta pozik nabil horretan.
'Zenbat meloi, hainbat mazedoni'a saioa hasi duzu Unai Guenagarekin batera. Oraingoz, ongi?
Oso pozik gaude, eta, egia esan, biok oso urduri geunden; Unai, aurretik zuzenekoak egin gabea zelako, eta ni, berriz, apustu handia zelako.
Zein da saioaren asmoa?
Izenak pista handi bat ematen du: meloiak irekiko ditugu. Halere, elkarrizketa honen irakurleek ez dezatela pentsa benetako meloiak ireki eta jango ditugula. Honen aurretik Twitchen egindako Lasai-lasai saioan otu zitzaigun ideia. Ohartu ginen, inguruari gure millennial ikuspegitik begiratuta, gai askori buruz ez dela hitz egiten, edo behintzat ez sakontasunez. Adibidez, aurreko batean ligatzeaz hitz egin genuen. Badirudi tabua dela esatea ez duzula ligatzen, edo ez dakizula nola ligatu. Naturaltasunez hitz egin nahi dugu gauza horietaz ere. Ni marisaltsera bat naiz, eta saltseoa eskaini nahi dut, kalitatezkoa.
Gai horiek lantzerakoan, zure buruari egiten diozu aipamena, batzuetan. Zurearen gisako lan batek ezinbestean dakar alde profesionala alde pertsonalarekin nahastea?
Bakoitzak bere muga jartzen du. Berdin da Twitchen edo beste edozein sare sozialetan, zuk zer eskaini nahi duzun da kontua. Community manager gisa ariko banaiz, jakina, horrelakoek ez lukete lekurik; hau bezalakoetan, agian bai. Aspaldi hausnartu nuen honi buruz, eta erabaki nuen ni naizen bezalakoa agertzea. Ni nahiko gardena naiz, eta, beraz, baita nire edukia ere.
Euskara hutsean sortzen duzu. Zenbat zabiltzate horrela?
3.000 Twitz kanpaina martxan jarri genuenetik gero eta gehiago gara, gutxika-gutxika. Egia da gehienak bideo jokotan ibiltzen direla, baina, bestalde, badaude bestelakoetan aritzen diren eta oso komunikatzaile onak diren streamer-ak ere.
'3.000 Twitz' kanpaina aipatu duzu. Zer bide egin du?
Euskara Twitcheko zuzenekoak egiteko hizkuntza ofizial izatea nahi genuen. Horrela jasoa ez dagoenez, euskaraz sortzen dugunok ikusezin bihurtzen gara, eta, bestalde, jendeak ez du erraztasunik gure edukiak bilatzeko. Horrek zera dakar: gure ikusle kopurua askoz txikiagoa izatea, eta, kontrara, jakin badakigu euskaldun asko dagoela plataforman. Kanpainaren helburua zen aldeko 3.000 boto lortzea.
Lortu zenuten?
Bai, orain 4.200 boto baino gehiago ditugu, baina, halere, Twitchek ez digu ezer esan. Guk ez bezala, katalanek 2.905 botorekin lortu zuten ofizialtasuna Twitchen. Gertatzen ari zaiguna pena bat da; izan ere, behin aditu nuen bezala: hemendik hamar urtera sarean ez dauden hizkuntzak galbidean izango dira. Horregatik da hain garrantzitsua euskarazkoen alde egitea, eta, hein batean, hautu politiko bat dela ere iruditzen zait.
'Xakalaka' izeneko proiektua sortu berri duzu. Zer da, zehazki?
Oraingoz, Iruñerrian egin daitezkeen gauzen proposamenak biltzeko asmoa duen proiektu bat da, baina agenda bat baino askoz gehiago izan nahi du. Bilbon ikasketak bukatuta, etxera itzuli nintzen, eta ohartu nintzen oker nengoela gauza batean: uste nuen Iruñean ez zegoela egiteko gauza askorik, eta ez da egia. Hori elkartu zitzaidan zerbait sortzeko nahiarekin, eta, hara, bonbilla piztu zitzaidan. Agenda huts bat izatea baino gehiago, helburua da Iruñerriko gazteon topagune izatea, gazteok sortua eta gazteak dituena protagonista. Webgunea hilabetearen bukaeran jarriko da martxan. Xakalaka.es izanen du izena, eta han ikusiko dira bestelako edukiak.
Aurreiritziak daude sare sozialetan lan egiten duzuenei buruz?
Esango nuke baietz. Ez da ikusten atzean dagoen lan guztia. Gainera, agerikoa da oraindik ez dela nahikorik inbertitu euskarazko sortzaileak babesteko.