ATZEKOZ AURRERA

Maritxu itzuli da kajoira

Astebetez desagertuta egon ostean, Arrasatera itzuli da Maritxu ama birjina, apain jantzitako herritarrekin Maritxu Kajoi eguna ospatzera. 40 urtez kutxatik irteten zen lehen aldia izan da.

Aldare gainean jarri, eta kalez kale ibili da Maritxu herritarrekin poteoan, Maritxu Kajoi eguna ospatzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
Arrasate
2016ko urriaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Berrogei urte kutxa barruan eman ostean, leihoa zabaldu eta mundua ikustea erabaki zuen orain dela astebete Arrasateko (Gipuzkoa) Maritxuk. Txikiteroen zaindaria da Maritxu, eta hamaika parranda ikusi du bere talaiatik 40 urte hauetan. Behingoagatik, berak ere parranda egitea erabaki du aurten, eta kutxatik kanpora ibili da azken astean, Aretxabaletan, Arantzazun, Arrasateko Bedoña auzoan, baita Musakola auzoan ere (Gipuzkoa), asto gainean. Atzo, baina, herrira itzuli zen, Arrasatera, bere jarraitzaile leialekin bere omenezko eguna ospatzera: Maritxu Kajoi. Urtero, urriko lehen ostiralarekin egin ohi duen legez.

Herritarrak mesfidati ziren goizean. Eliza aurretik igarotzen zen orok hormara begiratzen zuen, Maritxu agertu ote zen ikusteko. Kutxaren azpian oihal beltz handi bat zegoen, oihaletik zintzilik eskapulario batzuk, eta Ez gaude denok leloa. Maritxuren arrastorik, ez. Kezkatzen hasiak ziren asko: «Maritxu gabe ospatu behar ote dugu eguna?», zioten plazan lau andrek, txutxu-mutxuka.

Txikitero eta parranda zale amorratuek, ordea, fede itzela dute Maritxurengan, eta bazekiten ez ziola muzinik egingo festari. «Zerbaitengatik da txikiteroen zaindaria!», zioten Maria Jesus eta Maria Isabel Ibarguen ahizpek. Festarako apain-apain jantziak zeuden, garai bateko arropak soinean. Alboan zuten Mari Mertxe Mercader Txantxote laguna ere. Hura ere, ezin apainago. «Nire aita hasi zen Maritxurengatik topa egiten, eta hara zer bihurtu den festa», gogoratu zuen Mercaderrek.

Urizar tabernako jabea zen Mercaderren aita. Orain Kajoi taberna dagoen lekuan zegoen Urizar taberna. Txikiteroek txikito batera gonbidatzen zuten aldiro, edalontzia jaso, eta «zuregatik, Maritxu» oihu egiten omen zuen aitak. Txikiteroei ateraldiak grazia egin, eta hala hasi ziren Maritxu Kajoiri gorazarre egiten.

1976. urteko kontuak dira horiek. 40 urte igaroagatik, ohiturak bizi-bizirik iraun du. Herritarrentzat herriko jairik bereziena bihurtzeraino. «Hutsik egin ezin den festa da, egun seinalatua», aitortu zuen Peli Iturrikastillok. Bergararra da, baina Arrasaten bizi da, eta hamar urtetik gora daramatza festa ospatzen.

Maritxuren agerpena

Eta Ibarguen ahizpek eta Txantxotek aurreikusi bezala, festara azaldu zen Maritxu. Elegante agertu ere. Hamabiak jotzear zirela, prozesioan agertu zen, aldare moduko batean, musikariak eta kiliki eta erraldoiak lagun zituela. Eta bere kutxara hurreratu zen, bai, baina ez zen barrura sartu; parrandan jarraitzea erabaki zuen. Herritarrekin batera tabernaz taberna joan zen poteoan.

Eta, Maritxuren atzetik, jende uholdea. Denak, apain-apain. «Herritar oro irteten da kalera, eta guztiak, dotore-dotore», zehaztu zuen Luken Azkarraga-Urizarrek. «Urtean behin janzten gara trajez, gaurko egunez, Maritxurengatik», azpimarratu nahi izan zuen Mikel Larrañagak.

Ohi baino «kanpotar» gehiago zelako kexu zen Larrañaga: «Betiere, kanpotarrak ongietorriak dira, baina hobe arratsaldetik aurrera». Ainara Aranzabal aretxabaletarraren ustez ere jende gehiegitxo zen kalean: «Igartzen da, bai, jaieguna dela».

Jaieguna izatea eskertu zuen, ordea, Tanya Gimenezek, lehen aldiz Maritxu Kajoi eguna ospatzeko aukera izan baitzuen: «Urtero lan egin behar izaten dut, baina, aurten jai denez, festara irten naiz. Banuen gogoa».

Eguna pozik, jai giroan eta umorez pasatu zuten herritarreketa kanpotarrek. Eta, 20:00etan, urteroko miraria ikusi ahal izan zuten. Astebeteko ihesaldiaren ostean, gehien gustatzen zaiona egitera agertu zen Maritxu: poteatzera. Kalez kale ibili ostean, kutxara itzuli zen, beste 40 urtez parranda zaleak talaiatik zaintzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.