Helburu finko batekin sortu zuten Euspot, euskarazko iragarkien lehiaketa: euskarazko sormena bultzatzea eta hizkuntzaren erabilera arlo guztietara zabaltzea. Atzo banatu zituzten bigarren aldiko sariak, Aretxabaletan (Gipuzkoa). Markos Goikolea iruindarrak eskuratu du lehenengo saria, Bakoitzak berea. Sarean euskaraz lanari esker.
Mondragon Unibertsitateak, Aretxabaletako Udalak eta Arteman Komunikazioa Elkarteak iaz antolatu zuten estreinakoz euskarazko iragarki lehiaketa.Iazkoarekin alderatuz, asko igo da parte hartzea; dozena bat lan aurkeztu zituzten iaz, eta aurten, berriz, 22 lagunek parte hartu dute. Euskal Herriko lau izkinatatik bidali dituzte lanak, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Kontent dira Euspoten bultzatzaileak, kalitatean ere nabarmen igo direlako lanak. «Lan oso dotoreak eta askotariko estilokoak aurkeztu dituzte». www.euspot.eu webgunean ikus daitezke 22 lanak.
Gazteak, sare sozialak eta euskara izan da aurtengo lanen gaia. Izan ere, euskararen erabileraren azken inkestak datu kezkagarriak utzi ditu Aretxabaletan; erabilerak behera egin du herrian, eta joera hori iraultzeko xedez hartu dute gai hori lantzeko erabakia.
Markos Goikolea iruindarrari Ana Bolinaga Aretxabaletako alkateak eman dio saria: 1.000 euroko ordainsaria. Hitzik gabeko 40 segundoko iragarkia aurkeztu du Iruñekoak. Animaliaz mozorroturiko hainbat lagun agertzen dira ikus-entzunezkoan, sare sozialak erabiltzen ari direla. Animalia bakoitzak dagokion onomatopeiak erabiltzen ditu komunikatzeko, eta ondorengo mezuarekin amaitzen du lana: «Bakoitzak berea. Sarean euskaraz».
Publikoaren saria, berriz, Aitor Abaroa lekeitiarrak irabazi du, Ixi Boards izeneko iragarkiarekin. www.euspot.eu webgunean bozkatu ahal izan da lanik onena bost egunez. Guztira, 1.307 boto jaso dituzte, eta horietatik 373 garailearentzat izan dira. Arteman Komunikazioko ordezkari Arantzazu Lagunillak banatu dio 500 euroko saria.
Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onena, berriz, Amaia Urteaga beasaindarrak irabazi du. Euskara sarean #datsegit iragarkia ekoitzi du Urteagak. Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazioko koordinatzailearen eskutik jaso du 500 euroko saria. Hemezortzi urtez azpiko lehiakiderik ez da aurkeztu, eta, beraz, laugarren saria hutsik geratu da.
Komunikazio arloko profesionalek, Arteman Komunikazioa enpresako ordezkariek, Loramendi Euskara Elkarteko kideek, Mondragon Unibertsitateko irakasleek eta Aretxabaletako Udaleko ordezkariek osatu dute epaimahaia.
Sari banaketa ekitaldia Aretxabaletako Arkupe Kultur etxeko Zaraia aretoan egin zuten atzo. Ainhoa Vitoria Gaztea irratiko kazetariak gidatu zuen sari banaketa, eta Raul Romo saxofonistaren doinuekin hasi eta amaitu zuten ekitaldia. Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko irakaslearen hitzaldia entzun ahal izan zuten ekitaldira bildutakoek. Internet eta hizkuntza alorretan aditua da Goñi, eta euskara, gazteak eta sare sozialak kontuan hartuta egungo egoeraren ikuspegia eskaini zuen. Gainera, iragarki lehiaketan parte hartutako 22 lanak ikusi zituzten.
Komunikazioa
Markos Goikoleak irabazi du Euspot euskarazko iragarki laburren lehiaketa
Antolatzaileek adierazi dutenez, parte hartzea nabarmen hazi da aurten eta kalitateak ere gora egin du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu