Ezarian. Irudigile gipuzkoarrak. Maite Gurrutxaga. Marrazkilaria

«Marrazkiak ez dira dekorazio soil bat, indarra ematen diote testuari»

Adrian Garcia.
Donostia
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun

Maite Gurrutxagaren (Amezketa, 1983) Alex nire laguna liburuaren ilustrazioak daude ikusgai erakusketan. Etxepare saria jaso zuen lanak 2009. urtean. Arte Ederrak ikasketak egin eta Bartzelonan diseinu eta ilustrazioko eskolak hartu zituen. Marraztea du gogoko beste gauza guztien gainetik.

Nola sartu zinen marrazkilaritzaren munduan?

Egin nuen lehenengo lana disko batentzako izan zen. Kerobiaren bigarren diskoko liburuxkako irudiak egin nituen. Oso gustuko dut testu bat abiapuntutzat hartuta marrazkiak egitea. Ikasketen azken urtea nuen, eta lan horrekin hasi zen nire ibilbidea.

Erraza al da marrazkilari gazteentzako lekua egitea ilustrazioaren munduan?

Ez da erraza inorentzat. Baina hasiberrientzat bereziki zaila da. Gogo handia jarri behar zaio, eta denbora asko eman. Norberaren lana da. Atzetik eginiko lanak, ikusten ez denak, garrantzi handia du. Asko bilatu beharra dago ere. Ez bakarrik argitaratzeko, baizik eta lanean jarraitzeko, zure lengoaia propioa lantzeko. Asko mugitzea eskatzen du. Zaila da.

Marrazkilaritzatik bizi al zara?

Saiatzen naiz. Batzuetan ez du bizitzeko adina ematen, baina sakrifizio txiki batzuekin aurrera atera daiteke.

Nola izan zen Alex nire laguna liburuaren proiektua?

Marrazteko gogo handia nuen. Lanik ez nuen garai horretan, baina marraztu beharra sentitzen nuen. Banekien nire anaiak idazten zuela, baina beretzat bakarrik gorde ohi ditu idatzitakoak. Ipuintxo bat idazteko eskatu nion, eta nik egin nituen ilustrazioak. Lehiaketara bidali, eta zortea izan genuen. Ipuinean ilustrazioek garrantzi berezia dute.

Zer ezberdintasun dituzte haurrentzako eta helduentzako marrazkiek?

Haurren eta helduen liburuen kontsumitzailea naiz, eta ez da ezberdinduko nukeen gauza bat. Dena bat da neretzako. Estiloak ez du markatzen haurrentzako edo helduentzako den. Teknikaz aldatzen dut istorioak kontatzen duenaren arabera. Umeentzako izan daiteke istorio bat, baina oso irudi ilunak eta agresiboak izan ditzake. Testuak bideratzen zaitu adinak baino gehiago.

Zer ekarpen egiten dio marrazkiak testuari?

Indarra ematen diote testuari. Marrazkiak ez dira dekorazio soil bat, asko konta dezakete irudiek. Ez daude sekula sobran.

Zer dela-eta du ilustrazioak pisu gehiago gazte eta haur literaturan helduenean baino gehiago?

Ohitura kontua da, kulturalki horretara ohitu gara. Literatura modu batean kontsumitzera ohituta gaude, eta kosta egiten zaigu beste modu batean imajinatzea. Hala ere, helduentzako komikiak eta eleberri grafikoak pisu handia dute helduentzako literaturan. Zalantzarik gabe, ilustrazioak badu lekua helduentzako literaturan.

Zer ekarpen egiten die marrazkiek haur literaturari?

Hitzetan kontatzen denaz gain beste gauza asko konta daitezke. Irakurketa desberdinak ematen ditu.

Nola da testuari marrazkia jartzeko prozesua?

Batzuetan harremanetan egoten zara argitaletxearekin eta idazlearekin, baina normalean erabakiak zure gain daude, zuk baitaukazu testuari irudiak jartzeko ardura. Gehienetan testua ematen dizute zuk libreki zure ikuspegia lantzeko. Nik nahiago dut libreki nire erara interpretatu, baina interesgarria iruditzen zait idazleak esateko duena jakitea, beste ikuspuntu sakonago bat lortzearren.

Nola erabakitzen duzu zein pasarte edo ekintza ilustratu?

Testuaren araberakoa da. Batzuetan praktikotasunagatik egiten dut. Ipuin batek hamar irudi behar baditu, gutxi gorabeherako zatiketa bat egiten dut, dena hasieran ez gelditzeko. Ondoren, interesgarriena izan daitekeen pasartea, edo gehien hunkitzen zaituena edo narrazioa ulertzeko gehien lagunduko duena aukeratzen dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.