Ezarian. Irudigile gipuzkoarrak

Marrazkilaritzaren indarra

Estilo askotariko 11 marrazkigile gipuzkoarren lanak bildu dituzte Donostiako Okendo kultur etxean. Literaturan marrazkilarien lanek duten garrantzia erakustea da erakusketaren helburua.

Martxoaren 26 arte ikusi ahalko dira marrazkigileen lanak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Haur eta gazte literaturan ilustratzaileek funtsezko eginkizuna betetzen dute. Euren marrazkirik gabe, elementu garrantzitsu bat galduko lukete liburuok. Beste irakurketa eta komunikazio mota bat ahalbidetzen dute irudiek. Komunikazio grafikoak garrantzia handia hartzen du, haurren imajinazioa abian jartzen duen elementua baita.

Gipuzkoako 11 ilustratzaile garaikideren lanak bildu dituzte Donostiako Okendo kultur etxean, Irudigile gipuzkoarrak haur eta gazte literaturan izeneko erakusketan. Estilo askotariko lanak eskegi dituzte kultur etxeko hormetan. Eskarmentu handiko profesionalen lanak belaunaldi berrien estilo aniztasunarekin nahastu dituzte. Autore bakoitzak liburu bat aukeratu du, eta liburu horretako hiru ilustrazio jarri dituzte ikusgai.

Erakusketan ikus daitezkeen marrazkien egileak hauek dira: Aitziber Alonso, Antton Dueso, Antton Olariaga, Concetta Probanza, Elena Odriozola, Iban Barrenetxea, Iñaki Martiarena, Jokin Mitxelena, Lorena Martinez, Maite Gurrutxaga eta Patxi Pelaez.

Denbora gutxian euskal ilustratzaileen munduak bilakaera handia izan du. Orain zazpi urte sortu zuten Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (EIEP), marrazkilariek euren eskubideak defendatzekoerakunde bat izan zezaten.

EIEPk Donostia Kulturatik jaso zuen gipuzkoar marrazkigileen erakusketa martxan jartzeko proposamena. Askorentzat ezezaguna den marrazkigintzaren sektoreko lanak erakustea du xede erakusketak. Marrazkigintzak literaturan berebiziko garrantzia duen arren, lanbidea ez dago unerik goxoenean.

Martxoaren 26 arte egongo dira ikusgai lanak.Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:30era egongo da zabalik erakusketa. Larunbatetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara ikusi ahal izango dira ilustratzaileen lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.