Martin Ugalde kultur parkea, euskaraz bizi den gunea

Kultur parkea Kilometroetako 5. gune bihurtu da igandean, eta jende ugari bildu da bertan egun osoan

Bi haur jolasean eta jendea eserita, Martin Ugalden. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Andoain
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Andoain osoak bezala, Martin Ugalde kultur parkeak ere bat egin zuen Kilometroak festarekin herenegun, eta ibilbideko bosgarren gunea bertan jarri zuten. Goizean goizetik hasi ziren Gipuzkoako ikastolen aldeko festara joandako lagunak kultur parkera bertaratzen, hiru sarreretako bat han bertan zegoela baliatuta.

Antolatzaileek eta parkeko arduradunek lankidetzan egitarau oparoa antolatu zuten Martin Ugaldeko gunean. Goiz agertu ziren lehen bisitariak, 09:30 aldera. Baina, ordurako, dena prest zuten goizagotik lan egiten ari ziren boluntario guztiek. Gunera bertaratu ziren guztiei harrera egin zieten bertsolariek, eraikineko teilatutik, guztiek ikus zitzaten. Ondoan, Euskaraz bizi nahi dut leloa zuen bandera erraldoi bat zeukaten.

Izan ere, euskaldunon hizkuntza da Martin Ugaldeko giltzarri nagusia. Ez herenegun bakarrik, gainera. Hogeitik gora enpresa biltzen ditu kultur parkeak —tartean BERRIA taldekoak—, eta euskaraz lan egiten dute guztiek. Igandean, bulegoak kalera atera zituzten horietako askok, Kilometroetara joan zirenek haien produktuen berri izan zezaten. www.berria.info-ko langileek ere kalean egin zuten lan. BERRIAko webgunea ez da igandeetan elikatzen normalean, baina egun berezia zen herenegungoa. Langileen eguneroko lana nolakoa den ikusteko aukera izan zuten bisitariek. Bideoak, testuak eta argazki bildumak egin zituzten. Ondoan diseinuko langileak zituzten, haurrei argazkiak atera eta beren aurpegiekin BERRIAko azal pertsonalizatuak egiten ibili ziren egun osoan. Opari politarekin joan ziren etxera etxeko txikienak.

Egun osoko egitaraua

Martin Ugaldekoa gune lasaia izan zen, oro har. Propio prestatu zuen hala antolakuntzak, Kilometroetako hainbat gunetan egoten diren pilaketetatik eta eromenetik ihes egin nahi duen jendeak bere aukera izan dezan. Dena den, bazegoen mugimendua, antolakuntzak goizetik arratserako egitarau oparoa antolatu baitzuen. Txosnako langileak atsedenik gabe aritu ziren ogitartekoak prestatzen eta edariak zerbitzatzen.

11:30ak baino zerbait lehentxeago, bozgorailuetatik Kantujiran parte hartzeko deia egin zuten, eta kuadrillatxo bat bildu ostean abiatu ziren kantuz giroa alaitzen zutela. Bien bitartean, herri kirolen erakustaldia prestatzen ari ziren. Sei bat metro luze zituen enbor bat jarri zuten plazaren erdian, eta ikusmira sortu zuen hain enbor handia ikusteak. Aizkolariak, baina, abilezia osoz bota zuen enborra, hasi eta buka, ikusleen txaloak jaso zituen arte.

Kultur parkea izanik, ekitaldi kulturalentzako tartea egon zen. 13:00etan, TELP hitzaldia egin zuten, eta ordubete geroago Gazta zati bat dokumentala eman zuten. Jende dezente eseri zen parke barneko belazean, Jon Maiak zuzendutako lana ikusteko.

Ogitartekoak bazkaldu beharrean, eserita hiru platereko menua jan nahi zutenentzat jangela bat atondu zuten. Errusiar entsalada, oilaskoa piperrekin eta izozkia eskaini zieten, kafea eta edaria barne.

Bazkalostetik amaierara arte ez zen etenik egon. Haurrek adi-adi entzun zuten Bertsolharitza ipuin kontaketa lurrean eserita. Goiz osoan hutsik egon zen parkeko agertokia, bat baino gehiago harritzeraino. Dena den, hutsune hori 15:30ean bete zen, Kantagintzaren uhin berria-rekin. Oholtza gaineko lekukoa Beira taldeak hartu zuen, eta haiek ere jendea bildu zuten emanaldian. Beste lau guneetatik irteerara zihoan jende asko bosgarren gunetik igaro zen, Andoaingo Kilometroei merezitako agurra emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.