KOMUNIKAZIOA

Martxan da 'Zarauzko Hitza' komunikazio proiektu digitala

Herrian gertatzen denaren ispilu izan nahi du atariak. 'Komunitatea' atalean, herritarrek eta eragileek edukiak argitaratzeko aukera dute. [Youtube]https://youtu.be/FAcLZyr7QLA[/Youtube]

urtzi urkizu
2016ko martxoaren 10a
08:30
Entzun

Urola Kostako Hitza-ko kideak azkeneko hilabeteetan buru-belarri aritu dira lanean, komunikazio proiektu berri bat sortzeko: Zarauzko Hitza webgunea. Gaurtik aurrera Zarauzko (Gipuzkoa) herritarrek euskarazko berriak eta askotariko kontuak aurkituko dituzte Zarauzkohitza.eus atarian. Eta gaur egingo dute proiektuaren aurkezpen ekitaldia Zarauzko Merkatu plazaren goiko solairuan, 19:00etan. Ander Iruretagoiena eta Julen Portillo aktoreek egingo dituzte aurkezpen lanak.

«Inguruko herrietan badira ongi funtzionatzen duten ereduak, dela Baleike Zumaian, dela Karkara Orion, dela Uztarria Azpeitian. Zarautzen, ordea, ez zegoen halakorik, eta hutsunea betetzea da gure erronka», adierazi du Aritz Mutiozabal kazetariak, Zarauzko Hitza webgunearen koordinatzaileak. Herriko albisteak lantzeaz gain, Komunitatea atala izango du atari digitalak, oraingoz Urola Kostako Hitza-k ez duena. «Zarauzko berriak ematerakoan erreferente izateko, ezinbestekoa da herriko talde, elkarte, eragile eta norbanakoen parte hartzea», azaldu du Mutiozabalek. «Zarautz oso herri dinamikoa da, kultur, kirol eta gizarte arloan, mugimendu handia duena. Beraz, talde eta eragile horiei doako tresna bat eskaini nahi diegu, egiten edo antolatzen duten horren berri eman dezaten». Komunitatearen atal hori multimedia izango da; argazkiak, audioak eta bideoak txertatzeko aukera izango dute eragileetako kideek. «Ahalik eta komunitate zabalena osatzea da gure asmoa, herria bera bezain plurala».

Zarauzko albisteak euskaraz jasotzeko egunkari digitala izango da Zarauzko Hitza. «Herritar guztien erreferente izango dena», gaineratu du atariaren koordinatzaileak. Mutiozabalekin batera, Amaia Ventas kazetaria ariko da proiektu berrian lanean. Urola Kostako Hitza-ren lantaldearen «babes eta laguntza osoa» izango dutela nabarmendu du Mutiozabalek.

Webgunearen diseinua Tokikomen plataforma digitalean oinarrituko da —Codesyntax enpresak egina—. Gaurkotasuneko edukiez eta komunitatearen atalaz gain, webguneak zerbitzu aukera zabala eskainiko du: eskelak, zorion agurrak, eguraldia eta agenda. Herrian gertatzen denaren ispilu izan nahi du euskarazko atari berriak. Horretan saiatuko dira kazetariak, gaurtik hasita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.