Ezarian. '8 apellidos vascos'

Masaren abizenak

Aurreikusi ezin zitekeen arrakasta lortu du '8 apellidos vascos' filmak Hego Euskal Herrian. Komedia erromantikoa fenomeno soziologiko bihurtu dute ikusle oldeek.

BI lagun 8 apellidos vascos ikusteko sarrera eskuan dutela, Donostiako zinema areto batean sartu aurretik. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Masak abizenik badu, euskaldunak direla esan beharko litzateke. Izan ere, Hego Euskal Herrian eta Espainian arrakasta handia izan du euskaldunen eta andaluziarren klixeekin irri egiten duen filmak. Emilio Martinez-Lazaroren 8 apellidos vascos (Zortzi euskal abizen) pelikulak ezustean harrapatu ditu denak, eta herritarrak masan joan dira zinema aretoetara. Oraindik ere pizturik jarraitzen du lehenbiziko eguneko txinpartak sortutako suak, iragan asteburuan ere gehien ikusitako pelikula izan baita.

Paradoxikoa iduri lezake. Urtetik urtera ikusleak galdu dituzten zinema aretoetako besaulkiak bero-bero daude berriz ere. Adibidez, joan den asteazkenean filma ikustea ez zen lan erraza izan Iruñean. 18:30ean eta 20:30ean sarrera guziak amaitu ziren Golem aretoan. 22:30ean ez denak, baina aretoa beterik zegoen. Eta fenomeno hori Hego Euskal Herri osoan antzeman liteke, baita Espainiako zinema aretoetan ere.

Iñaki Martinez de Albeniz soziologoa, Josetxo Moreno Golem zinemetako bazkidea eta Aitor Arregi zinema zuzendari eta Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko irakaslea bat datoz: «Harrigarria» izan da filmak erdietsitako arrakasta. «Oraindik ere harritzen ari naiz; oraindik ere marka guztiak hausten ari direla dirudi», dio Arregik. Moreno «oso kontent» agertu da, eta ez da gutxiagorako, ez baita zinemaren garairik onena. «Zinema prentsan soilik zoritxarrengatik atera ohi da: BEZa, pirateria, itxi egiten diren zinemak, diru laguntza eskasak...». Oraingoan, albistea ona izan da, gutxienik, filmarekin negozioa egin dutenentzat. Izan ere, 43,5 milioi euro lortu ditu jadanik ——soilik Hego Euskal Herrian, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanen Hegoaldean estreinatu da—, eta zazpigarren astean oraindik ere jende asko espero dute zinema aretoetan. Hego Euskal Herriari dagokionez, 4,7 milioi euroren irabaziak izan ditu, 801.955 lagunek ikusi baitute, Rentrak enpresak emandako datuen arabera.

Morenok aitortu duenez, ezin espero zitekeen halako jendetza bertaratuko zenik. «Amenabar edo Santiago Segurarekin aurreikusi dezakezu diru kopuru bat, baina inork ez zezakeen espero film hau ezusteko izugarria izanen zenik». Esan duenez, fenomeno soziologiko bat bilakatu da, eta orain arte zinemara joaten ez zen jendea erakarri du aretoetara.

Lehenbiziko egunean sortu zen txinparta. Morenok dio estreinaldiko ostiralean «zerbait arraroa» sumatu zutela: ohi baino jende gehiago. «Sarrera horrekin denak zur eta lur geratu ginen; hurrengo asteburuan berriz ere igo zen, eta hori ez da normala. Orain bidea geldiezina da; inork ez daki non bukatuko den».

Martinez de Albeniz fenomeno soziologiko hori azaltzen saiatu da. «Jendeak fenomeno horren parte izan nahi du; ez hainbeste filmagatik, baizik eta filma ikustea erritual bihurtu delako». Soziologoaren aburuz, aretoak lepo beteta daude eta «erreakzio kimiko bat» sortzen da. Esan duenez, ikusleak barre egiteko gogoz sartzen dira, eta konfirmatu egiten dute jendeak barre egiten duela. Beraz, horrek areagotu egiten du bertaratutakoen nahia. «Hori da interesgarriena, film aretoan gertatu dena». Martinez-Lazaroren pelikularekin gertatutakoa kontzertuekin alderatu du Martinez de Albenizek.

Morenok Bienvenue chez les Ch'tis (Ongi etorri Ch'tien lurraldera, 2008) filmak Frantzian izandako arrakastarekin alderatu du, hark ere ezustekoa eman baitzuen eta jendetza bildu zuen aretoetan. Martinez de Albenizek beste adibide bat jarri du: The Rocky Horror Picture Show (1975).«Erritual bihurtu zen filma, eta urtero-urtero joaten ziren berriz ikustera, batzuk mozorroturik». Beste film batzuekin ere gertatu dira horrelakoak.

Gainera, filmak gazteak erraz erakartzen dituen osagaiak dituela uste du. Hala ere, aretoetan hainbeste gazte biltzea ezohikotzat jo du soziologoak: «Gaur egun gazteak ez daude ohituta horrelako fenomenoetara, haien kontsumo ohiturak oso indibidualizatuak daudelako, norberak bere ordenagailu edo sakelakoan kontsumitzen du, eta nahiz eta batak besteari bidali, kultur produktuak ez dituzte elkarrekin kontsumitzen».

Hainbat faktoreren ondorio

Filmak sortutako ikusmira azaltzeko, hainbat faktoreren batura aipatu du Arregik. Alde batetik, ahoz ahokoa eta marketin kanpaina handia. Espainiako telebista kate batek ekoitzi du filma, eta ez du konplexurik izan horren berri behin eta berriz emateko. Morenok ere publizitatearen eragina nabarmendu du: «Hala ere, jendeak ez badu filma maite, ez dago deus egiterik», zehaztu du.

Ikusleak masan joateak ere eragin du arrakasta, ingurukoek filma ikusteak bultzatu egiten baitu aretora joatera. Baina bada azken urteetan ezohikoa den faktore bat: filma ez dago Interneten; beraz, ikusi nahi duenak zinema aretora joan beharra du. «Inork ezin du deskargatu, ez delako kopiatu. Beraz, argi geratu da pelikula batek gogor jotzen duenean jendea zinemara joan daitekeela; interesa baldin badago, joaten dira», gehitu du Golem aretoetako bazkideak.

Azkenik, Arregiren ustez, istorio umoretsu bat ikusteko gogoa ere badago euskal gizartean. «Indarkeria dela edo giro politikoa dela, ez dugu barrerik egin bereziki, eta filmak gure mundu politikoa zeharka ukitzen du umorearen bitartez. Tentsioa eta dramatismoa kentzen dio». Gai horrek, baina, arantzak sortu ditu hainbatengan, eta kritika gogorrak aditu dira. Arregik berak onartu du «gehiegizkoa» eta «groteskoa» dela hasieratik. Hala ere, ez dio asmo txarrik ikusi. «Gure miseriak onartzea ere sanoa da; ez genuke eraso gisa hartu behar. Hemen bizi den jendeak idatzi du», dio. Martinez de Albenizek ere hizpide izan du askorentzako iraingarri izan dena, baina alde onari begiratu dio: euskal identitatea oso salgarria dela demostratu da. «Paradoxikoa dirudi, baina identitate batek zenbat eta gaitasun handiagoa eduki parodiatzeko, orduan eta indartsuagoa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.