Igor Paskual. Abeslari eta musikagilea

«Matxinada egintza izaten hasi, eta aisialdiko aukera bat gehiago bihurtu da musika»

Aretoetan antzokietan baino erosoago sentitzen da Paskual. Bakarka hasitako bidea rock, blues eta country doinuez jantzi du. Gaur kontzertua emango du Bilbon, bere lehen diskoaren aurkezpen biran.

Maite Alustiza.
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Equilibrio inestable du bakarkako lehen lan luzea Igor Paskual abeslari eta musikagileak (Donostia, 1975). Urteak daramatza musika munduan, eta Loquillo y los Trogloditas taldeko gitarrista izateaz gain, bakarlari gisa ere aritzen da 2009az geroztik. Urtarrilean kaleratu zuen lana aurkeztuko du gaur Bilbon, Cotton Club aretoan, 20:30ean.

Oreka eta ezegonkortasuna batu dituzu diskoaren izenburuan. Non ikusten duzu zeure burua?

Oreka aurkitzeko ezinezko desiratik dator izenburua. Baina, aldi berean, erabateko oreka oso aspergarria da. Gainera, desiragarria ez da askotan komenigarria izaten. Egunerokotasunetik bizirik ateratzeko modua da oreka ezegonkorra, munduan egoteko era bat. Muturrean dauden bi aldeen onena hartuz bizitzea. Bizirik irauteko modu interesgarriago bat dela esan daiteke, urteetan egindako bilaketa baten emaitza.

Zerk desberdintzen ditu zure abestiak, Loquilloren taldearentzat egiten dituzunetatik?

Igorlea da gakoa. Loco esperientzia duen pertsona da, bere fraseatzea ezagutzeko modukoa da. Musika oso antzekoa gustatzen zaigu bioi, baina ni ez naiz bera bezalakoa, eta, beraz, nire mezua ezberdina da. Abesteko erak ere badu garrantzia: berak ahots oso lodia du; ni, berriz, gora eta behera ibiltzen naiz.

Nola daramazu bi bira batera egite hori?

Oso ondo komunikatuta egon behar dugu; managerren lana da, batik bat. Oraingo hau Equilibrio inestable diskoaren aurkezpen bira da; sei kontzertu besterik ez dut emango. Hasierako sei kontzertu horiek duten gauzarik politena da diskoa erosterakoan kontzerturako sarrera oparitzen dugula. Gainera, horietako edozein kontzertura joan daiteke eroslea sarrera horrekin. Orain kontzertu asko ere ezin ditut eman, Loco-rekin dezente ditugu eta. Dena den, uda igaro eta gero bakarkako birarekin jarraitzea da asmoa.

Erosleak saritzeko modua al da sarrera oparitzearena?

Diskoari balio erantsi bat ematea polita da. Beti gustatu izan zait horrelako xehetasunei garrantzia ematea: formatuari, diseinua zaintzeari... Gero eta disko denda gutxiago daude, eta jendeak lana hartzen du dendara joateko. Ia egintza heroiko bat da, eta esfortzu hori saritzeko aukera izan dut.Sarrera bat baino zerbait gehiago da: kontzertura joan, eta familia txiki baten parte izateko aukera ematen du.

Disko gutxiago salduta ere, aretoetara berdin biltzen al da jendea?

Loco-ren kontzertuetara, adibidez, gero eta jende gehiago etortzen da. Disko gutxiago saltzen da orokorrean, baina asko saltzen dituzten artistak badaude oraindik.Gauza da milioi bat kopia saldu beharrean erdia saltzen dutela. Zuzenekoak, berriz, erosi ezin diren esperientziak dira; momentuan bizi behar dira. Musika aisialdirako sistema askorekin dago lehian. Lehen musika matxinada egintza zen, adostasunik ezarena. Orain, berriz, aisialdirako aukera bat gehiago da.

Etorkizunari begira, bi proiektuekin jarraitzeko asmorik al duzu?

Bai, noski. Uda igaro eta gero Loquillok disko bat argitaratuko du, poesia musikatuz. Nik ez dut disko horretan parte hartu, eta nire bira egiteko aprobetxatuko dut. Gero rock-and-roll disko bat egiteko elkartuko gara. Eta bitartean nire abestiak prestatuz joango naiz, ez nuke nahi bakarka hasitakoa bere horretan geratzerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.