Geroz eta gertuago dago udaberria, eta saltegietan jadanik nabaria da hori, udaberriko jantziz bete baitituzte erakusleihoak. Baina, aurretik, neguko eskaintza guztiak saldu behar dituzte; horregatik, hainbat hiritan egingo dira asteburuan stock azokak, saltegiek denboraldiko azken jantziak saltzeko.
Azokarik handiena Barakaldoko BECen egingo dute, 146 saltegik parte hartuko dute bihartik igandera bitartean egingo den azokan. 55.000 bisitari biltzea espero dute antolatzaileek. %80ra arteko deskontuak eskainiko dituzte.
Arlo askotako produktuak izango dira salgai BECen: moda, altzariak, osasuna, edergintza, kirolerako jantziak, informatika... Iaz egin zuten lehen aldiz azoka BECen, eta aurten toki gehiago eskainiko diote: guztira 8.315 metro koadro hartuko ditu. Gainera, korridoreen zabalera handituko dute, jende pilaketarik egon ez dadin. Ordutegia ere zabalagoa izango du aurten, zortzietan beharrean bederatzietan itxiko dute. 11:00etan zabalduko dute. Sartzeko bi euro ordaindu beharko dute 14 urtetik gorakoek.
Bilbon ez ezik, Donostian ere izango da maukak bilatzeko aukerarik. Kursaal aretoan izango da azoka, eta 75 erakusmahai izango dira. Oinetakoak, moda, osagarriak, haurrentzako jantziak, betaurrekoak eta beste topatu ahal izango dira. Bihartik igandera 10:00etatik 21:00etara izango da zabalik, eta astelehenen goizean bakarrik, 10:00etatik 14:00etara. Bi euro ordaindu beharko da sartzeko. Azokara biltzen direnen artean, Arrizul Gros hotelean asteburu-pasa bat eta Viento Sur jatetxean afari bat zozkatuko dituzte.
Iruñean, gaur bertan hasiko da stock azoka, eta igandera arte «kalitateko produktuak» lortu ahal izango direla ziurtatu dute antolatzaileek. Baluarten egingo da eta 94 erakusmahai jarriko dituzte, iaz baino 15 gehiago. 65 saltegik parte hartuko dute. Bitxiak, oinetakoak, kirol jantziak, haurrentzako moda, koadroak... topatuko dituzte bisitariek. Gaur, 17:00etatik 21:00etara irekiko dute; bihar eta etzi, 10:00etatik 21:00etara; eta igandean, 10:00etatik 14:30era.
Gasteizko azoka zezen plazan egingo dute, eta 29 erakusmahai jarriko dituzte 25 saltegik. Atzo zabaldu zuten, eta larunbatera arte egongo da maukak lortzeko aukera.
STOCK AZOKAK
Non. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
Noiz. Gaurtik astelehenera bitartean.
Asteburuko proposamenak
Maukak topatzeko asteburua
Denetatik erosi ahal izango da Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egingo dituzten stock azoketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu