Maule zuri-gorriz jantziko da

Mauleko bestak gaur hasiko dira, eta igande arte iraunen dute. Antolatzaileen egitarauaz gain, hainbat elkartek parte hartuko duteBertsolariak, trikitilariak eta txalapartariak ariko dira presoen aldeko poteoan

2010eko bazkaria Mauleko plazan ezarri zuten, bodegan. Aurten ere, asteburu osoan, bazkariak eta afariak emanen dituzte bertan. GAIZKA IROZ.
Joanes Etxebarria.
Maule
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Uztailaren 14aren astearekin jiten dira beti Mauleko bestak. Besta eguna izaki, besten probetxuko izaten da aste barnean delarik, larunbatez baino gehiago, aurten bezala. Baina horrek ez die gogoa kenduko bestazaleei.

Gaur hasiko dira bestak, urtero egiten den Zuberoako arteari begirada erakusketaren estreinarekin, 17:00etan, Ondarearen Etxean. Hainbat artista zuberotarren lanak erakusten dira udako erakusketa horretan, ezagunak izan ala ez.

Baina besten egiazko abiapuntua ostiralean izanen da, auzapezak herriko giltzak emanen baitizkie Lievremont anaia errugbilariei, iluntzean. Haurrentzat, pailazoak eta hainbat joko izanen dira plazan, arratsalde hasieratik. Xiberoko Zohardia elkarteak, urtero legez, kantuak ekarriko ditu plazara ondotik.

Kirolak ere lekua badu Mauleko besta komiteak prestatu egitarauan. Errugbi lehiaketa bat izanen da larunbat goizean Marius Rodrigo kirol zelaian, baita petanka lehiaketa ere, Jai-Alaian, tenore berean. Trinketean, berriz, urteroko esku-pilota lehiaketari piperra gehitu diote, berezko jokalariekin batera mauletarrak ere ariko baitira. Finalerdiak ostiralean jokatuko dira, 20:00etan;finala, berriz, igande arratsaldean.

Elkarteen ekarpena euskaraz

Mauleko besten kantua, garai bateko ospeak ezagun egin omen zuena Zuberoatik kanpo ere, Etxahun Irurik idatzi zuen. Frantsesez idatzi zuen, beharbada orduan jadanik ez baitzen komitearen lehentasunetan euskarazko egitasmoak sustatzea. Euskal giroa segurtatzeko, hainbat elkartek beren ekarpena eginen dute aurten ere.

Zinka ostatua, azken urteetan, ez da egunero irekitzen, baina ostatua kudeatzen duen elkarteak hilero antolatzen ditu kontzertuak, eta Mauleko bestetan ezin zuen bestela egin. Ostiral gauean, Les Atrapes Niglauds eta No Azar taldeek joko dute; larunbatean, berriz, Sin Konzienzia eta Skakeitan taldeek.

Sortu berri den Herrira Xiberoa plataformak, berriz, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko poteoa eta bazkaria antolatu ditu, larunbat eguerdirako. Koblaka elkartearen laguntzarekin, Unai Iturriaga, Arkaitz Estiballes eta Maddi Ane Txoperena bertsolariak ekarriko dituzte karrika itzulira lehenik, eta bazkari ondoko saiora gero. Trikitia eta txalaparta ere izanen dira ostatuz ostatu, Zinkara heldu arte.

Lextarreko plazak ere badu, azken urteetan, euskarazko presentzia. Kanta Lextarre deitu ekintzak bertsoak, kantua eta zuberotar dantzak nahasten ditu erdigunetik hurbil den plaza goxo horretan. Aurten, Hebentik elkarteak antolatu du, besta komitearekin partaidetzan.

Mauleko plazan, berriz, musika talde guti ikusteko parada izanen da. Ostiraletik igandera, hiru taldek joko dute, kantaldiez aparte. Valentziako Obrint Pas taldeak kausitu behar luke arrakasta gehien. Asteburuan, bazkari eta afariak izanen dira plaza erdian ezarri duten bodegan. Kanpatzeko eremua ere izanen da Jai-Alai ondoko kirol zelaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.