Aurten ere zuriz eta gorriz jantziko da Maule, gaurtik igande gauera bitarte. Uztail erditsua iritsirik, mauletarrei heldu zaie zapi gorria ateratzeko garaia berriz. Mauleko besta komiteak urte osoko lana plazaratuko du datozen lau egunetan. Mailen Hontaas komiteko kidea da; azaldu du, orotara, 50 bat gazte ari direla besta batzordean lanean, besten asteburu denboran. Hala ere, ondokoa azpimarratu du: «Urte osoan gutxiago gara, zeren eta gazte-gazteak ez dira hor, eta zaharragoek beren bizia baitute. Orduan, erranen nuke urtean osoan antolatzen ditugun gauzetarako hogei bat garela zinez aktiboak».
Dena dela, bestak gorenean diren lau egun horietan dute lanik pisuena, eta, orduan, laguntzaileen beharrik handiena. Hartara, Hontaasek gaur gaueko afariaren garrantzia nabarmendu du; dakarren lan karga ere bai: «Badugu apairu bat baizik lau egunez, eta guk antolaturik; orduan, erranen nizuke, hala ere, hori parte garrantzitsu bat dela, afaria antolatu behar baitugu, zerbitzua egin eta hori oro».
Bestelako bi ekitaldi nabarmen ere aitzinarazi ditu; bihar gaueko garagardo dastaketaz aritu da, erraterako. Joan den urteko bestetako berrikuntza garagardo dastaketa izan zen, eta aurten berriz eginen dute. Mailen Hontaasek dioenez, ez zuten baitezpada espero halako jendea erakarriko zuenik: «Gazte edo zaharrago, denak etorri ziren; zinez momentu goxoa izan zen. Horregatik, aurten, denek erran baitigute zinez maitatu zutela, jin zirela lanetik landa garagardo bat edo bi edatera, erran dugu berriz eginen genuela».
Musika eskaintzaren garrantzia ere aipatu du. Bihar gauean, lehenik, Kilimak taldea entzuten ahalko da, 23:00etan; gero, La Regaderak joko du, 01:00ean. Etzi, Niko Etxart eta Hapa Hapa arituko dira, eta, horien atzetik, Ixtaklok elektrotxaranga, bezperako ordu beretan. Izan ere, belaunaldi ezberdinak biltzeko prestatu dute programazioa Mauleko gazteek.
Bestak, euskaraz ere bai
Mauleko bestak euskaldun egiteko, Zinka Bizirik eta Hebentik elkarteak aspalditik ari dira lanean. Bakoitzak bere eskaintza propioa garatzen du, besta komiteak proposatzen duen egitarauaren osagarri. Zinka elkarte ostatuko dinamika, adibidez, halaxe azaldu du hartako kide Quentin Berenguerrek: «Zinka beti da euskal kulturaren aldekoa, eginbeharrak egiten ditu ekitaldiak Euskal Herriko jendeekin sortzeko, baita hizkuntzaren eta kulturaren sustatzeko ere. Helburua da jendeak elkartuko diren gune bat sortzea, zeinetan besta pixka bat egiten ahalko duten, eta Euskal Herrian artistikoki egiten denaz gozatzen ahalko diren, ikuspegi musikaletik batez ere». Gaur Egar eta Ikus arituko dira musikan, «metal estilotik duten bi talde». Bihar gauean, berriz, Aho Zakil Konexion eta Ozpinduk taldeen aldia izanen da. Etzi gauerako talderik ez dute oraindik lotu, Berenguerrek azaldu duenez. Hala ere, musika pasaraziko dute gaualdi osoan.
Kontzertuez harago doan euskal giroa sortzeko xedea ere badute. Haien eskutik ez bada, beste elkarte batzuek bultzaturik ere izaten da usu. Aurten, adibidez, bertso poteo bat antolatu du Koblakak, Zuberoako bertsolarien elkarteak, biharko. Ostatuen itzulia bukatzean, bertso bazkariari ekinen diote Zinkan. Goizetik arratsera koblan aritzeko, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus gonbidatu dituzte. Eguna preso eta iheslari politikoen alde izanen da; irabazi guziak Harrera elkarteari iritsiko zaizkio, izan ere.
Bistan dena, Lextarretik ere badu Maulek, eta, horregatik, urteroko gisara Hebentik elkarteak Mauleko auzoaren karrikak hartuko ditu, Kanta Lextarre ekinaldia plantatuta. Horren karietara, Gaztelondon zer berri ikuskizuna aurkeztuko du Hebentik taldeak. Artelanaren protagonistak Ipar Euskal Herriko lau artista dira, bakoitzak bere talentu eta instrumentu: musikan eta bozean, Mixel Etxekopar eta Dominika Rekalt arituko dira; azkenak ikuskizunaren testu berriak ere idatzi ditu. Musikan beste bat ere izanen da, Pierre Vissler, soinu grabaketetan ere lanean aritua. Bukatzeko, Jean Christian Galtxetaburuk esku soinuz eta perkusioz alegeratuko du ikusgarria. Laurek batera, «patetikomiko» gisa deskribatzen duten ikuskizuna emanen dute. Obra Etxahun Barkoxeren bizitzatik abiatzen da, hala haren testuetatik nola haren bizi girotik.
Mauleko bestak abiatzera doaz
Osteguneko afaria, garagardo dastaketa eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste. Zinka eta Hebentik elkarteek ere ekarpena eginen diote bestari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu