Meatzarien itoginak

Ekainean hasi zuten Kontxa II.a meategia kultur ondare izendatzeko prozesua. Hori ospatzeko eta meategiaren jabegoa herriarena dela gogorarazteko, teilak botako dituzte gaur

Ibai Maruri Bilbao.
Abanto
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Herria bertako etxeetako itoginak iristen diren lekuraino dela eta, bermeotarrek teila botatzen dute urtero Izaro uhartearen parean. Gallartan ere (Abanto, Bizkaia) antzeko zerbait egingo dute gaur. Garai batean herria zegoen lekuan zulatu zuten Kontxa II.a izeneko meategia. Lanerako eremua zabaltzeko beharra sortu zenean, meategiaren jabeek herria eraistea erabaki zuten, eta bizileku berriak jasotzea.

Gaur egun, meategia itxita dago. 1993an atera zuten azkenekoz burdin minerala bertatik. Gallartakoek eta inguruetako meatzari ohiek garai batean herri eta gerora euren lantoki izandako eremu hori kultur ondare izendatzeko eskatu dute. «2003an egin genuen aurreneko eskaera. Sekulako babesa jaso zuen ekimenak. Herri plataforma ere sortu zen, eta sinadura mordoa bildu zuten», gogoratu du Oihane Herrerak, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko zuzendariordeak. 2008an beste ahalegin bat egin zuten. Azkenean, lortu dute gobernuak kasu egitea. Iragan ekainean abiarazi zuen Eusko Jaurlaritzak izendapen hori onartzeko prozesua. Hori hori ospatzeko antolatu dute gaurko ekitaldia.

Meategia lurrez betetzeko asmoa izan dute, eta kultur ondare izendatzeak, besteak beste, hori galarazteko balioko duela dio Herrerak. «Kultur ondare izendatuta, ezingo da meategia suntsitu edo hura kolokan jarriko duen ekintzarik egin. Erabateko babesa emango zaio». Meategiak irauteko ezinbesteko pausoa da, haren esanetan.

«Kontxa II.a meategia Euskal Herriko meatzaritzaren historian sinbolo bat da». Meatzaldea izeneko eskualdean sekulako garrantzia izan zuela gogorarazi du Herrerak: «Euskal Herriko estali gabeko meategirik handiena izan zen bere garaian. Atera kontuak inguru hauetako zenbaten lantokia izango zen». 700 metro da luze, 350 zabal eta 150 metroko sakonera du -horietatik 37 itsas mailaren azpitik daude-.

Herrerak dio lurpean ere baduela zulobiderik. Gaur egun ezinezkoa da barrura sartzea; ez dago horretarako aukerarik, eta ez da segurua. «Etorkizunean posible izatea gustatuko litzaiguke. Museoaren eskaintza asko handituko litzateke meategiaren barrunbeetara sartzeko aukera izango bagenu». Hala ere, Herrera jakitun da hori ez dutela berehala lortuko. «Kultur ondare izendatzea horretara iristeko bultzada ona izan daiteke».

Erretiratuak eta umeak

Gaurko ekitaldira hainbat agintari gonbidatu ditu Abantoko Udalak. Besteak beste, eskualdeko alkateak eta Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailetako arduradunak izango dira. Meategia ustiatu zuen enpresa Orconera Iron Ore izan zen. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan bertako zuzendari izandakoak ere hitz egingo du, besteak beste: Jose Maria Goitia Saralegik.

Iraganaren eta etorkizunaren ordezkari, meatzari izandakoek eta herriko umeek botako dituzte teilak meategira. 13:15ean izango da ekitaldia. Horretaz gain, Bodegon abesbatzaren emanaldia, harri zulatzaileen erakustaldia eta aperitiboa ere prestatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.