Arditurriko meatzeak bisitatzeko abagunea izan daiteke horien artean nagusia. Meategietan barrena bisita gidatuak egingo dituzte, 10:30etik 14:30era bitartean, prezio murriztuan: oinarrizko bisitaren truke bi euro ordaindu beharko dira, eta meatzeak sakonki ikusi nahi duenak, berriz, hiru euro. Alabaina, aurrez ez da erreserbarik egin beharko, dauden plazak bete arte salduko direlako sarrerak. Bisitari gehiago daudenez, bisiten iraupena eta prezioa murriztea erabaki zutela dio Mikel Urruzola antolatzaileak.
Meatzeak ikusi nahi ez dituenak ere izango du proposamenik. 11:00ak eta 14:00ak bitartean egingo da Frogatu Historiaurreko bizimoduaren esperientzia. Egurrarekin sua egiteko teknikak eta ehizarako bultzagailuzko gezi jaurtiketa ikusgai egongo dira, baita suharrizko tresnen lanketa ere. Suhar taldeak antolaturiko arkeologia esperimentalaz gozatzeko aukera, beraz. Irrien Lagunak taldeak eskainiko ditu beste bi proposamen. Batetik, jolas dinamizatuak egingo dituzte 11:30ean, eta, bestetik, kanta eta dantza saioak ordu bat geroago.
Aberastasunaz jabetzea
2008an ireki zuten publikora Arditurriko meatzaritza gunea. Hori dela eta, lehen aldiz 2011n egitea erabaki zuten Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak. Urruzolaren arabera, meategiak ezagutaraztea eta jendea hara joatea dira ekitaldiaren helburuak. Familiak dira ekitaldiko profil nagusia, baina bestelako jendea ere joaten da. Kanpoko turistez gain, Oarsoaldetik eta Gipuzkoa osotik bisitari andana gerturatzen da urtero Arditurri Egunean (400 lagun inguru). Aiako Harria parkeko eta meategietako aberastasuna Euskal Herrian edukita, Adurri bisitatzera animatu du jendea Urruzolak, goiza «festa giroan» igarotzeko asmoz.