Javier Alvarez Kaperotxipi. Medikua eta idazlea

«Medikuntzaren bazterreko historiaren parte izan dira eta dira petrikiloak»

Inguruko sendalaritza edo petrikilotzaren berri ematen saiatu da Javier Alvarez medikua. Lan horretan aritu ziren eta aritzen direnen inguruko testigantzak bildu ditu, baina salaketa asmorik gabe.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Medikuntzan doktore eta kirurgialaria da Javier Alvarez Kaperotxipi (Donostia, 1941). Hogeita bost urtez Donostiako Arantzazu Ospitaleko Kirurgia Saileko burua izan zen. Egun, erretiroa hartuta, idazteari ekin dio. Curanderismo y medicina popular en el entorno de Navarra (Petrikilotza eta herri medikuntza Nafarroako inguruan) argitaratu du Evidencia Medica argitaletxearekin.

Petrikilotzaz eta herri medikuntzaz mintzatzen zara zure lanean, baina zer da sendalaritza?

Hiztegiaren arabera, ikasketa edo titulu ofizialik gabe medikuntzan aritzen den laguna da. Lehen errazagoa zen banaketa egitea, medikua zinen edo ez. Sendalaritza edo petrikilotza Adan eta Evarekin jaio zen. Oraindik dirau eta aurrerantzean jarraituko du. Lehen petrikiloak eskolagabeak eta ezjakinak ziren, eta orain askok badute tituluren bat. Medikuntza ofizialak ez du guztia hartzen, eta petrikiloek toki bat betetzen dute, baina tentuz ibili behar da tartean gaitz larriak daudenean.

Salaketa liburu bat da?

Ez. Testigantza bat utzi nahi dut. Petrikiloez hitz egitean zer diren jakin dezaten. Medikuntzaren historiaren parte izan dira eta dira. Bazterrekoa eta tentuz hartzekoa, baina hor dagoena.

Sendalaritzaren historia hurbila biltzen saiatu zara liburuan?

Oso sendalari ezberdinak egon dira historian. XII, XIII eta XIV. mendean dena zen sendalaritza. XV. mendean sortu ziren lehen unibertsitateak eta medikuntza ofiziala hasten da lanean. Ohiturak, belaunaldiz belaunaldi jasotako sinismenak bildu ditut, familia batzuetan sendatzeko erabiltzen ziren moduak. Egungo petrikiloak gozoak dira; ohiko medikuntzaren osagarri dira, baina batzuetan ez dagokien lanean sartzen dira.

Baliagarriak dira haien bideak?

Alde onak izan ditu %50ean edo. Horrek ez du esan nahi erabat sendatu duenik gaixoa, baina erabili den sendagaia baliagarria izan zaio. Baina kasuen beste erdietan alferrikakoa izan da, eta batzuetan, arriskutsua ere bai. Sendatzen saiatzen den edonor da sendalaria. Egun ez zaie sendatzaileak deitzea gustatzen, baina, finean, hori dira. Ez da gutxiesteko erabiltzen dudan hitz bat. Errespetu handia diet. Aurkikuntza asko egin dituzte.

Adibidez?

Paludismorako hautsak aurkitu zituzten. Malariaren aurkako kinina Peruko sendalari indiarrek aurkitu zuten. Gero Jesusen lagunek ekarri zuten hona. Kina zuhaitzaren azala txikitutik ateratzen zen hautsa kinina zela indiarrek aurkitu zuten. Bigarren aurkikuntza garrantzitsu bat ioinbina izan zen. Gizonezkoen artean erekzioa eragiteko afrodisiakoa da, eta XIX. mendean aurkitu zen Afrikan. Yoimbe zuhaitzaren azalarekin egindako hautsa da, eta orduko sendalariek asmatu zuten. Gerora, farmazia industriek sintetizatu eta saldu zuten. Pertsonek hartu izan dute, eta animalia handietan erabili da batez ere. Egun oraindik saltzen da Internet bidez edo sex shop dendetan.

Jada hilda dauden hainbat petrikiloren lana aipatzen duzu, baina, batez ere, «lehen» petrikiloarena.

Petrikilo bat izan zen, eta, harrezkero, atzetik etorri zirenei horrela deitu zitzaien. Tomas Zumalakarregi jeneral karlista artatu zuen gizona izan zen Petrikilo. I. Karlistaldian hanka batean balaz zauritu zuten Zumalakarregi, eta Petrikilok sendatzea nahi zuen. Horregatik hil zen jeneral karlista. Jose Francisco Telleria (1774-1842) zen Petrikilo. Gipuzkoako Zerain eta Zegama herrietako sendalaria zen. Zeraingoa zen, eta herriko alkatea ere izan zen. Gizon garrantzitsua zen. Zumalakarregi Zegamakoa zen, eta ezaguna zuen. Horregatik nahi izan zuen hark artatzea. Karlos erregegaiaren medikuei muzin eginez, Bilbotik Zegamaraino ekarri zuten zaurituta, egurrez egindako ohe batean. Egun batzuetako bidaia izan zen. Zegamara iritsi zenerako zauria oso gaizki zegoen. Petrikilo saiatu zen militarra sendatzen, eta bala ateratzen baina alferrik izan zen. Horregatik historiak zigortu egin du Petrikilo, baina Zumalakarregiren heriotzaren erruduna Zumalakarregi bera izan zen.

XXI. mendeko petrikilorik ez duzu aipatu, zergatik?

Ez dut inor aipatu nahi. Sendalari leunak deitzen ditut eta non dauden esaten dut: sendabelar dendetan, ekialdeko masajeak ematen dituzten tokietan edota estetika eta edertasun zentroetan. Ez nago haien aurka, baina negoziorako tokiak dira. Hortaz ohartu behar du jendeak. Medikuntza naturala ez da kaltegabea. Pozoia dosiak egiten du; eta botikara zoazenean, behar duzun dosia hartzen duzu, baina belar bat hartzen duzunean, gutxi gorabeherako dosia hartzen duzu. Nahi eran artatua izateko eskubidea duzu, baina jakinaren gainean egonez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.