Medusak, turista goiztiarrak

Ane Arrieta
2009ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Banaka etortzen ausartu ez, eta talde handian iritsi dira Aurelia aurita medusak euskal kostaldera. Turisten antzera, medusa horiek ere Donostiako hondartzak oso gustuko dituztela dirudi, dagoeneko astebete inguru baitaramate bertan. Medusak turista goiztiarrak dira, gainera.

Hainbeste medusa batera ikusteak bati baino gehiagori beldurra eman badio ere, ez da larritzeko modukoa. Animaliatxo horien ziztadak, oraingoz behintzat, azkura bakarrik eragin baitu bainularien artean. Gipuzkoako Gurutze Gorriak adierazi duenez, ez du inorengan eragin alergikorik sortu, eta ez dute inor ospitaleratu. Dena den, «lasaitasuna eta prebentzioa» eskatu dute; banderen kolorea errespetatzea ezinbestekoa da ziztadarik jaso nahi ez bada.

Izan ere, askok bestelakorik uste duten arren, banderen kolorea ez da aldatzen uraren egoeraren arabera bakarrik; bestelako faktoreak ere hartzen dira kontuan. Medusen kasuan, ordubetean hamar-hogei ziztada izaten badira, bandera horia jartzen dute, eta hogeitik aurrera, gorria. Gainera, Donostiako Udalak medusa baten marrazkia daraman bandera zuria jarriko du, beste banderen aldamenean, medusak agertzen direnean. «Izan ere, isunik ez dagoenez, jendeak nahi duena egiten du, eta orduan hasten dira arazoak», Gurutze Gorriak dioenez.

Duela gutxi, esaterako, bainua debekatua egon zen Donostiako Ondarreta hondartzan. 400 pertsona baino gehiagok jo zuten Donostian Gurutze Gorriko sorosleengana, baina denek ez zituzten ziztadak.

Donostiako Udaleko Hondartza Sailak azaldu duenez, Udaleko langileak arduratzen dira medusak biltzeaz. Sorosleek edo inguruan dabiltzan arrantzaleek ere jakinarazten diote Udalari medusa mordoxka bat kostara gerturatzen ikusiz gero. Horretarako, sorosleek, txalupa batean, kosta ingurua zeharkatzen dute, medusarik ageri den ikusteko. Datorren bankua oso handia denean, SOS Deiak-ek ere abisua eman izan du zenbait kasutan.

Udaleko langileek itsasontziak eta txalupak erabiltzen dituztesalabardoak bota eta medusak harrapatzeko. Prozedura hori ez dute medusak biltzeko soilik erabiltzen; uda osoan uretan pilatzen diren zakarrak eta algak ere biltzen dituzte sare horiekin. Goizeko zortzietatik iluntzeko zortziak arte jarduten dute garbiketa lanetan. Hala ere, ez dute lortu oraindik medusa horiek amaitzerik, gainazalean bezainbeste baitaude sakonago ere.

Aztiko biologoek diotenez, halako medusa kantitateak ohikoak dira; gainontzeko urteetan antzeko kantitateetan iristen ziren. Gurutze Gorrikoek esan dutenez, harrigarriena ez da kantitatea, garaia baizik. Normalean uda erdialdean edo bukaeran iristen dira Euskal Herrira, baina, aurten, lehentxeago etorri dira.

Aurelia aurita edo ohiko medusa ez da tamaina handikoa. Gainera, egunetik egunera tamaina txikiagoa dute azaltzen doazenak. Zenbait arrantzaleren esanetan, baliteke aurrez etorri zirenen kumeak izatea.

Ondarreta eta Kontxan azaldu da medusa gehien. Baina, Gipuzkoako eta Bizkaiko gainontzeko hondartzetan ere agertu dira Aurelia aurelita gutxi batzuk; baita Lapurdiko kostan ere, Jendarmeriak jakinarazi duenez.

Medusak zakarretara

Medusa %90 baino gehiagoura da. Horregatik, biltzen dituztenean lehortu egiten dira, eta,ondorioz, izugarri txikitzen dira. Behin tamainaz txikitzendirenean, zakarretara botatzen dituzte.

Euskal Herrian zakarretara botatzen baditugu ere, hainbat herrialdetan medusak jaki preziatuak dira. Txinan, Thailandian, Japonian eta Korean, esaterako, mota askotako medusak jaten dituzte. Askok hazi egiten dituzte, gero jateko.



Aholkuak

ZER EGIN MEDUSAK ZIZTATUZ GERO?

Soroslearengana joan lehenbailehen.

Ez igurtzi ziztatutako inguruan: garroetako besikulak barruan gelditzen dira, eta, hazka eginez gero, pozoia banatu egiten da ingurura.

Ur gaziarekin garbitu; sekula ez ur gezarekin.

Plastikozko poltsa batean izotza sartu, edo konpresa bat ur gaziarekin busti, eta ziztadaren gainean jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.