Mehatxuz zikindu dute paisaia

Edorta Jimenezek gidatuta, Urdaibai biosfera erreserba ezagutu dute hamabost BERRIAlagunek. Guggenheim proiektuak ekar ditzakeen ondorio batzuk ere aletu dituzte.

Edorta Jimenez
Hainbat BERRIAlagun, joan den larunbatean, Urdaibai bisitatzen, Edorta Jimenezekin. EKAITZ ZILARMENDI
Olatz Silva Rodrigo.
Gernika-Lumo
2024ko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Paisaia interpretatuz, Euskal Herriko historia ezin hobeto ezagut daitekeela uste du Edorta Jimenez idazleak. Hori dela eta, hamabost BERRIAlagunekin batera, Urdaibaiko biosfera erreserban ibilbide bat egin du asteburuan. Helburua, halere, Euskal Herriko historia ezagutzetik harago doa: «Helburua da ibilbidea literarioa izatea, fantastikoa, haluzinogenoa». Haluzinogenoa, zergatik? Oraindik existitzen ez den proiektu batek harrabotsa piztu duelako azkenaldian: Guggenheim museoarenak.

Urte hauetan, elkarte bat baino gehiago azaldu dira proiektuaren aurka. Besteak beste, Zain Dezagun Urdaibai plataforma. Haren parte da Jimenez, eta inguru horretan museoak izan dezakeen eraginaz aritu da ibilbidean. Nahiz eta eguraldia ez duten lagun izan, umorez betetako lau orduko bisita egin dute BERRIAlagunek, erreserbaren inguruko hamaika bitxikeria ezagutuz.

1

Bonbardaketaren lekukotza

Gernika-Lumoko (Bizkaia) Errenteria zubian elkartu dira BERRIAlagunak. Eta, zubi ondoan dagoen Dalia lantegi zaharra seinalatuz, Jimenezek esan du: «Irudikatu Guggenheim hemen; baina irudikatu bakarrik». Oraingoz, ez dago museo baten zantzurik bertan, eta epe motzera, behintzat, ez da egongo, bi urtez gelditu baitute proiektua.

1956an eraiki zuen Jypsa bitxitegi enpresak Dalia lantegia, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren hondakinen gainean. «Lehenengo, bonbardaketaren hondakinak eraman zituzten bertara; eta, horren ostean, Dalia lantegia». Hondakinez gain, herritarren aztarnak ere badaude toki hartan. Dalia inguruan ez ezik, Gernika osoan ere badaude aztarnak. Bonbardaketa ostean, hondakin guztiak batzen ahalegindu baziren ere, ez zuten lortu. «Gernika hiru metro gorago eraiki zuten; herria hobi komun bat da».

Errenteria Zubia bonbardaketaren lekuko ere bada. «Gerrako diskurtsoa gezurtatzen duen zubia da». Jimenezek azaldu duenez, «frankisten eta matxinatuen tropek» Lekeitio aldetik (Bizkaia) egin zuten eraso: «Lekeitio aldetik baldin bazetozen, zubia beharko zuten Oka ibaia zeharkatzeko; beraz, zein arrazoi egon zitekeen zubia bonbardatzeko?». Gainera, gogoratu du hegazkin naziek ez zutela bonba bakarra jaurti trenbidearen ekialdeko aldean. 

2

Ontzirik zaharrena

Oka ibaiaren ezkerreko ibarrean behera, Urbietako ontzi hondakinaren parkera abiatu dira BERRIAlagunak. «Ur bi elkartzen diren gunea da Urbieta», azaldu du. Eta erantsi du: «Hemen aurkitu zuten Euskal Herriko ontzirik zaharrena: XV. mendeko pinaza». 1988an aurkitu zuten, lau metroko sakoneran lokatzetan lurperatuta. Jimenezek azaldu duenez, hegaztien behatoki bat eraiki nahian, hondeamakinak ontzia jo, eta horrela aurkitu zuten. Hamabi metro luze eta lau metroko zabal zen.

Egun, parkean badago hegaztiak behatzeko egurrezko tokia, baina ez dago hegazti bakar bat ere. «Kanpinera etortzen ziren lehen, baina orain hotelera doaz», esan du Jimenezek, Gautegiz Arteagan (Bizkaia) dagoen Urdaibai Bird Centerrari erreferentzia eginez.

Bisita Edorta Jimenezekin
Hainbat BERRIAlagun, larunbatean, Edorta Jimenezekin, bisitan. EKAITZ ZILARMENDI

Inguru horren ezaugarriak ulertzeko, hiru gertaera hartu behar dira kontuan, Jimenezen arabera. Bat: «XIX. mendearen hasieran, padurak lehortu ziren». Bi: «1888an, trena Gernikara heldu zen». Eta hiru: «XX. mendearen hasieran, ibaia kanalizatzen saiatu ziren Mundakara [Bizkaia] arte; bost kilometro eten zuten Oka ibaiaren ibilbidea». Jazoera horiek aldatu egin zuten Urbieta ingurua.

Parkea atzean utzi baino lehen, Urbietako kirol gunera sartzeko egurrezko zubiari egin dio erreferentzia. Geratzen den zatiari, behintzat. Zubiaren bi aldeetako eskailerak mantendu dituzte, baina horiek biak lotzen dituen pasarelarik ez dago. «Hamar urte iraun du zubiak; herdoildu egin zen». Urte bat baino gehiago darama horrela. «Lotsagatik kendu beharko lukete», aipatu du BERRIAlagun batek. Eta Jimenezek erantzun dio, umorez: «Gernikan azoka dago astelehenetan, baina ez dute lotsarik saltzen».

3

Erromatarren herria

Euri zaparrada dela eta, Foruan (Bizkaia) babes hartu behar izan dute. Herrira igotzen ari direla, erreserbako tokirik «ederrena» seinalatu du Jimenezek: IX. mendeko Urdaibai dorrea. «Dorrea nola, erreserba hala». Eta San Martin elizaren aterpean, herriari buruzko hainbat datu eman ditu. Besteak beste, erromatarren herria izan zela gogoratu du, baita Joan Mari Torrealdairen sorterria dela ere.

Edorta Jimenez
BERRIAlagunak Forura (Bizkaia) bidean, Edorta Jimenezekin. EKAITZ ZILARMENDI

Euskal Herriko literaturaren historian «oso garrantzitsua» den tokia ere badago herrian: Frantziskotarren komentua. «Hemendik lagun ugari igaro dira, gero Jakin aldizkariaren belaunaldi edo tarte horretakoak izan direnak», gogorarazi du. San Martin elizaren garrantzia ere azpimarratu du. Batetik, Donejakue bidearen adarra da. «Ermitak jarraituz Donejakue bidea egin daiteke». Bestetik, indusketak egitean, «lehengo populatzearen aztarnak» aurkitu zituzten bertan, «VIII. eta IX. mendekoak».

4

Trenak ekarri zuena

Gernika-Lumotik Muruetara (Bizkaia), asko jota hamar minutu daude autoz. Euriak ez duela atertuko ikusita, hasierako gunera itzuli dira autobusez; autoak hartu, eta Muruetara abiatu dira. 1894an sortutako teila fabrika ezagutu dute; hura izan zen industrializazio garaian eskualdean eraikitako lehenengo lantegia. Trenbidearen paraleloan dago eraikita, materialak garraiatu ahal izateko. Izan ere, urtebete lehenago eraiki zuten Gernikatik Sukarrietara (Bizkaia) doan trenbidea. «Trenak dena aldatu zuen; gune hau komunikatu zuen», gaineratu du Jimenezek.

Teila fabrikaren ondoan, batelak lotzeko gunea dago: «Bateleku du izena; baserrietara Citroen autoak sartu arte, jendea bateletan ibiltzen zen, uraren beste aldean landatutakoa batzeko». Hortik hurbil, «eukalipto bakar bat» dago. Zergatik? «Eskoziatik ekarritako arrano arrantzaleek erreferentzia bat behar zutelako».

Egun, arriskuan daude teila fabrika eta trenbidea, Jimenezen iritziz. XIX. mendearen hasieran, padurak lehortu ziren, «modu artifizialean, muinoen bidez». Muinorik handiena, teila fabrikaren inguruan dagoena, apurtuta dago. Eta, horren ondorioz, itsasoa «gero eta maizago» sartzen da teila fabrikara, baita trenbidearen bi aldeetara ere. «Itsasoa trenbidearen azpitik igarotzen da beste aldera».

5

Babesgunearen epizentroa

Muruetako teila fabrikatik harago, ontziola dago. Jimenezek azaldu duenez, hori da erreserban gehien babesturiko gunea. Izan ere, Urdaibai hiru gunetan dago banatuta: gehien babesturiko gunea, trantsizio gunea eta kanpoko gunea. Gune bakoitzak babes berezi bat dauka, eta lehenengo gune horretan dago ontziola. Teila fabrikatik ontziolara ezin da oinez iritsi. Hortaz, urrunetik aztertu dute.

Hain zuzen, Guggenheim proiektuak ontziolan dauka aurreikusita museoaren eraikin bat. Bertan eraikitzeko, Espainiako Kosta Legean ezarritako ingurumen babes maila aldatu dute, eta hori kritikatu du Jimenezek. Kosta Legeak eragotzi egiten zuen Muruetako eremuan itsasertzetik 100 metrora baino gutxiagora eraikitzea. Aldaketaren ostean, berriz, hogei metrora murriztu dute babes esparru hori. Jimenezek ohartarazi du Espainiako Auzitegi Nazionalera jo dutela erabaki horren kontra egiteko.

Jimenezek ohartarazi du, babes esparrua neurtzen hasteko, jakin beharra dagoela itsasertza non dagoen. «Paduretan itsasoa sartzen da», azpimarratu du. «Beraz, non esan dezakegu amaitzen dela itsasoa?». Hain zuzen, hilabete honetan, itsasontzi bat aterako dute ontziolatik. Urak gainezka eginez gero, horrek esan nahiko du gune hori itsasoa dela. Hortaz, barrurago hasi beharko da babes eremua neurtzen.

Ontziak berak ere badu bere garrantzia. Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikoko Ministerioak eta aldundiak iaz sinatutako hitzarmenean, ontziola ez zela erabiltzen esan zuten. «Itsasontzia bertan eraiki izanak argi utzi du oraindik erabiltzen dutela: ontziola martxan dago».

Edorta Jimenez
Edorta Jimenez, larunbatean, Guggenheim museoaren proiektua azaltzen, Muruetako (Bizkaia) ontziolara begira. EKAITZ ZILARMENDI

Nahiz eta Kosta Legean ezarritako ingurumen babeseko maila aldatu, hainbat legek eta neurrik babesten dute ingurua oraindik ere. «Nazioarteko Ramsar ituna, esaterako, hezeguneak zaintzeko legea da; ezin da egon autonomia legerik haren aurka, ezta Espainiako legerik ere». Natura 2000 sareak eta Urdaibai legeak diote Murueta inguruan ezin dela ezer eraiki. Are, Muruetako ontziolaren ingurua hegaztiak babesteko gune berezia eta interes kulturaleko tokia ere bada. «Horregatik esaten dute oraindik asko dagoela soiltzeko».

Hartutako erabakien eta proiektuaren beraren aurka, hainbat alegazio egin ditu Zain Dezagun Urdaibai plataformak. Guztiei «ezetz» esan diete, «sistematikoki». Halere, taldeko kideek jakin badakite irakurtzen dituztela: «Guk esaten dieguna gogoan hartzen dute, eta orduan zuzenketak egiten dituzte». Legeak labirintoak direla onartu du idazleak, eta, hori dela eta, zaila egiten zaiela dena ulertzea. «Horretaz baliatzen dira», esan dio BERRIAlagun batek.

Ez da lehenengo aldia Urdaibain horrelako proiektua egin nahi dutena. 1973an, kirol portu bat egiteko proiektua aurkeztu zuen Bilboko Merkataritza Ganberak, hain zuzen, Muruetako ontziolaren inguruan. «Hondartzak egin nahi zituzten, kirol portua, hotelak... aurre-Guggenheim bat». Ondorioztatu daitekeenez, proiektuak ez zuen aurrera egin. Eta, momentuz, Guggenheim ere geldirik dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.