Memoriaren kilometroak

Alzheimerren gaitzaren larritasunaz kontzientzia harrarazteko, Galiziako Fisterrako itsasargitik Jerusalemera bidea oinez egiten ari da Guillermo Nagore kazetari nafarra.

Jorge Nagore kazetaria Endarlatsako bidean, Nafarroan. JUAN MARI ONDIKOL.
Iruñea
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Oroimenaren galera da Alzheimerren gaitza duen edonori antzematen dioten lehen adierazgarria. Eritasunaren larritasunaz ohartarazteko eta gaitza tratatzeko politika oso bat eskatzeko, Galiziako Fisterrako itsasargitik Jerusalemera bidea oinez egiten ari da Guillermo Nagore kazetaria (Iruñea, 1967).La memoria es el camino (Oroimena da bidea) proiektuari ekin zion duela bi hilabete. Martxoaren 18an atera zen Fisterratik (Galizia), eta 10 hilabete pasatuko ditu lurralde hura eta Jerusalem lotzen dituen bidea oinez egiten. Nagorek 7.000 kilometro eginen ditu, eta hamabost herrialde zeharkatuko ditu. Bidean zehar, alzheimerraren inguruko istorioak blog batean idazten dihardu kazetariak.

Azken hiru asteetan Euskal Herriko lurretan ibili da Nagore, eta herenegun sartu zen Aragoiko lurretan (Espainia). Egunak argitu baino lehen jaikitzen da eta zortzietarako bidean da. «Aurrerantzean zazpietarako hasi nahi nuke ibiltzen. Orain arte bidelagunak izan ditut, eta horregatik ez naiz goizago ibili», dio telefonoaren bestaldetik. Hemendik aurrera bakarrik ibiliko denez, goizago aterako da. Egunean, batez beste, 20-30 kilometro egiten ditu. «6.000 gelditzen zaizkit. Oraingoz ez dut arazo fisikorik izan, eta hankek ongi erantzuten didate. Traba eta lan gehien ematen didana bizkar zorroaren pisua da», gaineratu du.

Istorio harrigarriak

Alzheimerrarekin harremana duen jende ugari ezagutzen ari da bidean, eta hainbat bizipen kontatu dizkiote. Alzheimerren gaitzaren inguruan dauden istorio gogorrak entzun ditu. «Egun dagoen gaitz bortitzenetakoa da. Zure oroitzapenak, memoria eta burua galtzen dituzu. Finean, zure izana», ohartarazi du. Orain arteko txangoetan zaintzaileekin mintzatu da, batez ere, eta hainbat kasu kontatu dizkiote. 75 urteko gizon asturiar bat gimnasiora joaten zergatik hasi zen adibidez. «Muskulazioa egiten hasi zen emaztea mugitu ahal izateko. Ohetik altxatzeko, garbitzeko eta zaintzeko indarra behar zuen, eta bost urtez joan da gimnasiora». Elizondon (Nafarroa) ere ezagutu zuen beste kasu bat. Ama alzheimerrarekin duen gizon batena. Amak bere mutil-lagunarekin nahastu zuen semea. Burua galduta, 50 urte atzera joan zen ama, eta semearekin maite jolasetan ibili nahi zuen. «Ez naiz medikua, ez zientzialaria, kazetaria naiz, eta gaitzarekin zerikusia duten istorioak kontatu nahi ditut».

Bere abenturan bidelagun du Alzheimerdunen Senideen Elkarteen Espainiako Konfederazioa (CEAFA). «Alzheimerrari buruzko estatu politika bat eskatzen du elkarteak. Iritzi publikoa sortu, eta orain arte serio hartu ez den gaitz bat serio hartzea nahi nuke». Alzheimerraren errealitatea oso gogorra dela azpimarratu du kazetariak. «Alzheimerra izanen da mende honetako heriotza arrazoi nagusia. Espainian bakarrik 800.000 lagun daude diagnostikatuta, eta hogei urtean bikoiztu eginen da kopurua». Bidean hainbat elkartasun keinu jaso du, eta sostengu handia ere bai. «Zaintzaileek egitasmoa eskertzen dute, euren lana erakusteko modu bat delako».

Egitasmoak interes handia piztu du sarean ere. Azken bi hilabeteetan Twitterren (#lamemoriaeselcamino) eta Facebooken etengabeak izan dira gaiaren inguruko iritziak. Bere blogak ere, www.lamemoriaeselcamino.com, hainbat bisita jaso du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.