Hamaika galerna izan dira Euskal Herriko kostaldean historian, baina bat bera ere ez 1912koa bezalakoa. Edo hala uste dute Bermeo, Lekeitio, Elantxobe eta Ondarroako (Bizkaia) herritarrek. Izan ere, duela mende bete, biharko egunez, euskal historia modernoko enbatarik latzenetako bat bizi izan zuten lau herri horietako biztanleek. Egun horretan, ehunka gizon joan ziren atunetara, baina 143 ez ziren itzuli. Haietatik 116 bermeotarrak ziren, 16 lekeitiarrak, 8 elantxobetarrak, eta 3 ondarroarrak. «Herri horietan, denok dakigu duela mende bat galerna bat egon zela eta jende asko hil zela, baina hortik aurrera ezer gutxi», dio Aingeru Astui Bermeoko Arrantzale museoko zuzendariak. Bizkaiko kostaldean, beraz, duela mende bateko enbata hark oroimena urratzen die oraindik hango herritarrei.
Denboraleak euskal kostalde guztiari eragin zion, baina hil ziren guztiak bizkaitarrak izan ziren. Eta horrek badu bere zergatia. Abuztuaren 12ko goiz hartan, hego haizea eta itsaso ederra zegoen, giro ona arrantzarako. Baina dena aldatzear zegoen. Eta horixe izan zen Juan Miguel Orkolaga apaizak egin zuen aurreikuspena. 1905. urtetik Donostiako Igeldo mendian behatoki meteorologiko bat zeukan jarrita, eta han aurreikusi zuen abuztuko egun hartan galerna zetorrela. Kostaldeko portuetara abisua eman zuen, baina kasu batzuetan beranduegi. Bermeo, Lekeitio, Elantxobe eta Ondarroako arrantzaleak ordurako itsasoan baitziren. Gipuzkoarrek Orkolagaren abisuari kasu egin, eta lehorrean geratu ziren, lapurtarrak itsasoratu ziren bitartean. Baina azken horiek iluntzerako etxerako bidea hartu zuten, metereologoaren aurreikuspenari kasu eginez. Bizirik irautea lortu zuten arrantzale bizkaitarrek bere garaian azaldu zutenez, lapurtarrek hainbat keinu egin zizkieten, eta lehorrera itzultzeko gomendatu. Bizkaitarrek, ordea, ez zieten ulertu.
Eta gaua heltzearekin batera iritsi zen enbata. Gaur egungo ikerketek azaldu dutenez, gainera, ez zen galerna bat bakarrik izan, harekin batera ziklogenesi lehergarri bat ere iritsi baitzen. Emaitza, beraz, itzelezkoa izan zen. «Iluntzerakoan, eguraldi ona ikustearekin batera, belak zabaldu genituen gaua igarotzeko», zioen bizirik irtetea lortu zuen Juan Daniel Eskurza lekeitiarrak. «Bederatziak aldera, ordea, eguraldia okertzen hasi zen, eta aldiro bortitzagoa zen ekaitza. Haizeak gogor jotzen zuen, eta lo zeuden guztiak esnatu ziren, galernari aurre egiteko. Borrokan ari ginela, itsas kolpe batek San Nikolas txalupa urez bete zuen». Eskurzak galerna igaro ostean egindako adierazpenetan azaldu zuenez, iluntzearekin batera, ekaitza «sekulakoa» bihurtu zen. «Zortzi marinelok olatuen aurka borrokan aritu ginen».
Iraupenaren testigantza
Itsasoaren eta galernaren erdian zeuden arrantzontziek ez zioten luzaroan eutsi olatuen indarrari. «Marinelok itsasora jausi ginen», eta hor hasi zen bizirik irauteko marinelen borroka. «Txalupatik masta nola erortzen zen sumatu nuen nire aldamenean, eta hari heldu nion. Eta borroka horretan, beste bi marinelekin topo egin nuen». Itsasoaren ur-lasterren menpe, beste egur zati bat inguratu zen hirurak zeuden lekura, soka bat lotua zuela. «Hura eskuratu, eta, lan askoren ondoren, gurutze formarekin lotzea lortu genuen», azaldu zuen Eskurzak. Han eseri, eta hiru marinelak elkarri heldu zioten denboraleari aurre egiteko asmoz. «Gainerako kideen etsipenezko oihuak entzuten genituen, laguntza eske. Baina gaua iluna zen, eta ez genuen bat bera ere ikusten». Entzun, ordea, bai. «Han denek egiten zuten errezo: 'Gure Ama Birjiña Antiguako, libra gaitzazu!!' otoitz eginez». Baina ur-lasterrek euren kideengandik urrundu zituen, eta apurka denak irentsi zituen itsasoaren indarrak.
Gaua luzea izan zen Kantauri itsasoan, «hogeita hamar urtebezain luzea izan zen», Eskurzaren arabera. Lurretik 28 miliatara zeuden, eta denboralea ez zen geratzen. Apurka, San Nikolas txaluparen patroia bakarrik geratu zen, abuztuaren 13ko goizean marinel bat itsasoak eraman zuenean lehenik, eta ondoren bigarrena jaustean. Gau hura, eta hurrengoa bakarrik igaro zituen lekeitiarrak, lorik egin gabe, eta ezer ahoratzeke. «14ko goizaldean bapore batzuk ikusi nituen, eta atentzioa neureganatzen saiatu nintzen». Horretarako, bere bizkar gainean pausa zitezen uzten zien kaioei, ondoren baporetik berari begira zeudela iruditzen zitzaionean kaioak uxatu eta oihu eginez. Baina ez zuten ikusi. Azkenean, abuztuaren 15eko goizean ikusi zuten marinel batzuk Juan Daniel Eskurza, egurrezko gurutze baten gainean eserita. «Ontzira igo, eta ordurako berdin zidan logaleak eta egarriak; salbu nengoen!». Donostiatik irtendako Mamelena 12 baporeak erreskatatu zuen lekeitiarra, 60 orduz itsasoan nora ezean egon eta gero.
Baina ez zen bera izan enbatatik salbatu zen bakarra. Bermeoko Kleto Allika eta Julian Telletxea ere onik iritsi baitziren jaioterrira. Campania izeneko txalupan irten ziren hilaren 12an Bermeotik, eta San Pedro 1 barruan itzuli ziren, «odoletan eta ur gazitan blai, txikituta, eta gorputza zauriz josita dutela», kontatzen du Federico de Angulo Vazquezek garai hartan idatzitakokronikan. «Bermeoko portuan, zain zituztenek urduri hartu zituzten, barrez eta negarrez, eta bortizki laztandu. Bizitzara itzularazi zituzten halako berotasunarekin».
Baldintzak hobetuz
Baina bizirik irtetea lortu zuten marinelen kontaerek apur bat besterik ez dute leuntzen gertaeren gordintasuna. Izan ere, Bizkaiko kostako lau herrietan, 75 alargun, 225 umezurtz, eta 75 guraso lur jota geratu ziren, eta 40 ezkontza bertan behera. «Bermeoko biztanlen %1 hil ziren han», azaltzen du Astuik. Tamaina horretako ezbeharra, berehala bihurtu zen hizketarako gai, eta mundu osoko hedabideek bildu zuten gertaeraren berri. Alfontso XIII.a Espainiako erregea ere inguratu zen Lekeitio eta Bermeora, arrantzaleei egin zitzaien hileta elizkizunetara. «Horren ondorioz, albisteak oihartzun handia izan zuen garai hartako hedabideetan».
Zorigaitzak, gainera, eragin zuzena izan zuen familiako ekonomietan. «Arrantzaleak berez behartsuak baziren, ogia zekarrena galduta, pobrezia gorenean geratu ziren alargundutako sendiak». Egoera horri aurre egiteko, elkartasun kanpaina handi bat jarri zen martxan, «garai hartan babes sozialik ez baitzegoen». Espainiako erregeak laguntza ekonomikoa bidali zien biktimei, baita Aita Santuak eta hainbat udalek ere. Horrez gain, kontuan hartzekoak dira herritar xeheek egin zituen ekarpenak eta biktimei laguntzeko antolatutako musika jaialdi, kirol txapelketa, zezenketa, antzerki emanaldiak, eta abarrak. «Baina horrek aldi baterako bakarrik balio du», Astuiren esanetan. Edozein modutan, biktimei laguntzeko kanpainak tamaina handia hartu zuen, eta aurrera jarraitu ahal izateko garrantzitsua izan zen familia askorentzat.
Zailtasunak zailtasun, duela mende bat lehertutako galerna ez zen alferrikakoa izan. Ekaitzaren ondoren, herritarren artean ahoz aho ibili baitzen arrantzaleen egoera hobetu behar zela. 1878an ere, halako beste enbata batek jo zuen Kantauri itsasoa, eta orduko hartan lagun gehiago hil ziren: 322. Baina ordukoan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Kantabrian egon ziren desagertuak. Eta beste behin ere, bermeotarren artean izan ziren biktima gehien: 85. «Beraz, horren tarte txikian horrenbeste hildako izanda, halakorik gehiago gerta ez zedin, neurriak hartu zituzten 1912ko galernaren ondoren». Besteak beste, belazko txalupak desagertu ziren baporezkoei leku eginez, eta portuko segurtasuna bermatzeko lanak egiten hasi ziren. Horiek berehala hartutako neurriak izan ziren.
Luzera begira neurri gehiago jarri zituzten martxan: behatoki meteorologiko bat, portuen arteko komunikazioa hobetzeko baliabideak, arrantza eskolak, erreskaterako taldeak, eta beste. Mende batean, beraz, arrantzaleen baldintzak asko hobetu dira Euskal Herrian, eta, hori hala izan zedin, 1912ko galerna haren ondorioek bere eragina izan zuten. «Gaitz hartatik ikasgaia atera genuen, gutxienez».
Ezarian. 1912ko galerna
Mende bat Bizkaiko kosta jotzen
Ehun urte beteko dira bihar Bermeo, Lekeitio, Elantxobe eta Ondarroako herritarrek luzez ahaztuko ez duten galerna lehertu zenetik. 143 gizon hil ziren, eta haien jaioterrietan dolua, samina eta gaurdaino iristen den oroimena geratu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu