Ez dira testu liburuetan gordetzen historia guztiak. Ezta historiak gordetzen dituen istorioak ere. Larrabetzuko (Bizkaia) Andra Mari kaleko 23. zenbakia duen eraikinak gordetzen du, adibidez, herritarren parte bat. 50 urte beteko ditu aurten Hori Bai gaztetxeak; Euskal Herriko gaztetxe zaharrena da. Sabin Aranak hamazazpi urte zituen eraikineko ateak lehen aldiz ireki zituenean. «Hori Bai existituko ez balitz, sortu egin beharko zen». 50 urte gehiago ditu orain, eta aspaldi pasa zizkion gaztetxeko giltzak beste herritar bati. Hark beste bati, eta azken horrek beste bati; gaur, 50 urteren ostean, Miren Zorrozuak zabaldu du atea. «Hori Baiko zentimetro bakoitzak bizitza bat gordetzen du». Patrikan gorde ditu giltzak, baina ez betiko. Ondo daki, Aranak bezala, datozen belaunaldiei emango dizkiela urte batzuk barru. Bien bitartean, jarraituko du eraikinaren historia eta istorioen harrizko hormetan gordetzen.
1936ko gerra bukatu eta 25 urtera hasi ziren Larrabetzuko gazteak lokalaren bila, frankismo garai bete-betean. «Gazteentzat zegoen eskaintza oso murritza zen: tabernak eta igandeetako erromeria, besterik ez zegoen». Hutsune hori betetzeko elkartu ziren herriko gazteak. Udalera jo zutela azaldu du Aranak, baina ez zutela erantzunik jaso. «Udaleko orduko erregimenaren OFJ erakundean [Organizacion Frente de Juventudes] sartzera animatu gintuzten». Baina herrian ez zegoen horretarako girorik. Kontrara. Horregatik erabaki zuten elizaren ondoan hutsik zegoen eraikinagatik galdetzea. Zipriano abadearengana jo zuten horretarako. Estimuz azaldu du Aranak abadearengana joan zireneko pasadizoa. «Ziprianorengana jo, eta baimena eman zigun eraikina erabiltzeko». Hala sortu zen Hori Bai elkartea. Eta orduantxe hasi zuen eliza ondoko etxeak bere historia berria, 1965ean.
Hasieratik zuten argi zer egin nahi zuten. «Emakumeak eta gizonak elkarrekin egoteko espazioa sortu nahi genuen. Eta espazioa guk geuk kudeatzea, noski. Autogestioarena oso garrantzitsua zen guretzat. Zertarako ezer egin, zer egin behar dugun agintzen baldin badigute?». Baina bada sorreratik izan zuten beste oinarri bat ere. Aranak azaldu du: «Oso argi genuen euskaraz funtzionatu, euskaraz egin eta euskara bultzatu behar genuela». Esan eta egin. Jarduera ugari bultzatu zituen elkarteak norabide horretan. Jarri ditu adibideak ere. Tartean, abesbatza, antzerki taldea, futbol taldea eta kartoizko banda sortu zituzten, eta alfabetatze ikastaroak edota mendi martxak antolatu zituzten. Haurtzaindegi ere izan zen Hori Bai garai batez. Sorreratik, herritarren aterpe izan da, baita Euskal Herriko mugimenduen aterpea ere. Horren adibide dira ikastolen aldeko mugimenduaz hausnartzeko elkarteak antolatutako hitzaldiak edota frankismo garaian aldaketa politikoa eskatzen zuten alderdien aurkezpenak.
Herriaren legezkotasuna
Baina izan zituen arantzak ere loraldiak. Eraikinaren egoera kaxkarrak lokala uztera behartu zituzten gazteak 1981ean. Bost urte egin zituzten eraikin gabe. Ez, ordea, geldi, bitarte horretan antolatu baitzuten estreinakoz Gazte Eguna, Hori Bairen 20. urteurrena ospatzeko. Gaur gaurkoz, Euskal Herrian erreferentzia duen jaialdia dela aitortu du Zorrozuak. «Asko dira Larrabetzu Gazte Egunagatik edo gaztetxeagatik ezagutzen dutenak». 30. edizioa ospatuko dute aurten, abuztuaren 1ean. Prestaketa lanetan dabiltzala aurreratu du gaztetxeko kideak. «Gaztetxearen 50. urteurrena ospatuko dugu. Berezia izango da aurtengo jaialdia».
Bost urteko etenaldiaren ondoren sartu ziren lokalera berriz Larrabetzuko gazteak. Ate bikoitza zabaldu zuten orduan: izaera bera mantendu arren, elkarte izateari utzi eta gaztetxe bilakatu zen Hori Bai, garaiko Euskal Herriko gaztetxe mugimenduarekin bat eginez. Eta loratu zen berriz Larrabetzuko gazte mugimendua: RRVaren (Euskal Rock Erradikala) erreferentziazko bilgune izan zen garai horietan. Udalarekin tirabirak izan bazituen ere, haien jardunean aurrera jarraitu zuten gazteek. Eraikinaren egoerak okerrera egin zuen arte.
2004an heldu zitzaien bigarren etenaldirako saiakera gaztetxekokideei. Eliza konpontzean, hondakinak gaztetxearen teilatura bota, eta eraikinaren egoerak nabarmen egin zuen okerrera. Zorrozuak azaldu duenez, gaztetxea eraisteko saiakerak hasi zituen Udalak orduan aitzakia horrekin. «Hori Bai botatzeko asmoa erakutsi zuen EAJk, baina herriaren babesa jaso zuen gaztetxeak». Gogoan du tirabira Aranak ere. Mehatxuaren aurrean, gotzainarekin eta garaiko alkatearekin bildu zen, auziari konponbidea eman asmoz. Mehatxuek ez zuten gaztetxearen jarduna eten. Abian jarraitu dute, eta asko dira eraikina konpontzeko egin dituzten lanak. «Teilatua eta hormak konpontzeko auzolana egin genuen 2004an, eta lehen solairua ere konpondu dugu». Baina, lanen aurrean, neurriak hartu zituen Udalak. «Obra ilegalak zirelakoan, auzia Bizkaiko Aldundira eraman zuen», azaldu du Zorrozuak. Diputazioak gotzaindegira jo zuen, eraikina haiena dela argudiatuta. «Paper ofizialek diote ez gaudela legezko egoeran. Ez gaituzte berehala botako, baina eraikina jausten utziko dutela iradoki digu gotzainak».
Hori Bai gaztetxeak ez du legezkotasunik paper ofizialetan, baina babesa du herrian. Eta paperek baino balio gehiago du horrek Zorrozuaren arabera. «Herriko ekintza gehienak gaztetxeak antolatzen ditu, eta herri sektore guztiak inplikatzen ditu». Gazteak erakartzea da orain duten erronka nagusia, eta kide izatea merezi duela dio. «Pertsona gisa hazi egin naiz Hori Bain. Nire burua hobeto ezagutzen lagundu dit». Patrikan du gordea gaztetxeko giltza, baina eman nahi die ondorengoei ere. «Denek dute atea zabalik».
Mende erdi, eta gazte
50 urte beteko ditu Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeak aurten. Euskal Herriko gaztetxerik zaharrena da, baina gazte mantentzen da oraindik ere. Herriko belaunaldien istorioak gordetzen jarraitu nahi du beste horrenbeste urtez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu