Mende erdian bildua, kalera

Antso Jakituna fundazioak 50 urte bete ditu, eta, hori ospatzeko, artxiboaren zati bat kalera atera eta erakusketa bat jarri dute Gasteizen. Garai hartako dokumentu politiko, kultural eta sozial adierazgarrienak biltzeko sortu zen fundazioa; ordutik bildutako lana irailaren 28ra arte egongo da ikusgai.

Gasteiz
2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Aldaketa betean murgilduta zeuden Gasteiz eta Euskal Herria 1964. urtean. Garapen ekonomikoak bultzatuta, kontsumoan oinarritutako bizimoduaren lehen zantzuak nabari ziren: lan egitera etorkin ugari ari ziren etortzen, eta herri zein hirien urbanizazio prozesua garatzen ari zen. Egoera horretan jarri zuten martxan Antso Jakituna fundazioa, Jesus Olaizola gasteiztarrak gidatuta, eta, besteak beste, Udal eta Probintzia Kutxak bultzatuta. Orduko testuinguru sozial, kultural eta politikoaren adierazgarri izan zitezkeen dokumentuak biltzeari ekin zion orduan, uste baitzuen modernitaterako ibilbidea iragana ondo ezagututa baino ezin zitekeela egin.

Orduan idazmakina batzuekin eta lokal txiki batean hasitako bideak gaur egun arte iraun du. Mende erdi honetan, gauza asko bildu dituzte, eta bi aldiz aldatu dute egoitza. Gaur egun, Betoñoko sarreran dago egoitza, garai batean komentu izaniko eraikin batean. Han dagoen edukiaren zati bat Posta kaleko areto batera eraman dute orain, fundazioaren 50 urteak ospatzeko; fundazioak dituen dokumentuen %0,1 baino ez ditu. Baina, horrela, artxiboa jendeari gerturatu nahi diote.

Erakusketan, gizarteak eta konkretuki Gasteizek azken 50 urteetan izan duen bilakaera eta eraldaketa ikus daiteke, itsasgarri, kartel, liburu, argazki eta bideo euskarrien bidez. Hiru ataletan dago bereizita erakusketa. Lehen atalean, fundazioaren hastapenak agertzen dira; oinarrizko artxibategi eta materialak daude. Garai hartako Gasteiz erakusten duen bideo bat ere badago. Mahai batean, 1964tik 2014 arteko urte bakoitza ordezkatzen duten 50 liburu jarri dituzte.

Bigarren zatiak 1991tik 2009ra bitarte fundazioak izandako egonkortzea islatzen du, nahiz eta hainbat material lehenagokoak izan. Garai hartan bereganatu zuen fundazioak material sorta handiena. Han, trantsizio osteko giro politikoa biltzen duten dokumentu ugari daude: NATOren aurkako kartelak, amnistiaren aldeko itsasgarriak, hainbat alderdi politikoren kartelak eta gizarteko kezkak islatzen dituzten objektuak daude, ingurumenarekin, euskararekin, gaztetxearekin edota sexu askapenarekin lotutakoak.

Azken eremura iritsi aurretik, haurrentzako gunetik pasatu daiteke. Hainbat pailazoren materialak eta haurrentzako liburuak daude. Hainbat joko egiteko aukera dago, haurren parte hartzea bultzatzeko. Larunbatero ipuin kontalari bat ere egongo da.

Erakusketa gaur egungo Betoñoko eraikina irudikatzen duen gela batekin amaitzen da; kristalez inguratuta dago. Atal hori guztiz parte hartzailea da, eta, ordenagailuen bitartez, Betoñon dagoen material guztia ikus daiteke. Han dauden liburuei begiratu bat emateko aukera ere badago.

Ibilbide osoan, Gasteizko argazki ugari ikus daitezke: hainbat garaitan eraikiz joandako auzoetako lanenak, adibidez.

Erakusketaren bitartez, artxiboak, adituetatik harago, edonoren intereserako guneak direla erakutsi nahi dute, erakusketaren diseinatzaile Fernando Martinez de Viñasprek adierazi duenez: «Jendeari berezia egingo zaio erakusketa; izan ere, gure bizitzaren historiaren zati bat dago han». Zubiagak gogorarazi du erakusketaz gain Betoñoko ateak ere irekita daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.