Dantzarien sagardo botilak hutsik daude 11:30ean. Errenterian (Gipuzkoa) dantza egiteak egarria ematen duela dirudi. Batzuek nahiago dute hamaiketakoa dantzatu ondoren jan, baina beste hainbatek, agian gosaldu ez dutelako, ziztu bizian irentsi dute. Errenteriako Hamaiketako Eguna ospatzen dabiltzala dirudi, baina Erromeria Eguna da gaurkoa. Errenteriako 25. Erromeria Eguna hain zuzen ere. Gonaz eta txapelez bete dira herriko plazak, eta egun osoko programazio luzea dute aurretik. Euskal kulturak Errenterian behar zuen bultzada emateko sortu zuten herriko bederatzi pertsonak, 1998an. Gonen eta txapelen artean daude gaur ere hasierako bederatzi horietako batzuk.
10:30ean eman diote hasiera egunari, Koldo Mitxelena plazatik abiatu den diana musikatuarekin. Pixkanaka, dantzariz betetzen hasi da plaza, eta, batzuk jada edaria eskuan izan arren, 11:00etan eskaini dute hamaiketakoa. Txistulari eta danbolin jotzaileek ez dute musika gelditu, eta, taldeka, dantzariek bere abilezia erakusteko aukera izan dute. Badira aspalditik elkar ikusten ez duten lagunak, urtean behin bertan elkartzen direnak: Erromeria Egunean. «Beste urte batez hemen! Erroldatu egin beharko duzu azkenean!», esan dio dantzari batek joaldun bati. Barreak eta besarkadak tarteko, joaldunak prest daude abian jartzeko.
Lehenengo Erromeria Eguna antolatu zuten bederatzi kideen artean zegoen Juantxo Maia. 25. aldian ere berdin dabil. «Gauzak antolatzen jardun dut beti, baldarregia naiz-eta dantzatzeko», esan du Maiak. Ereintza dantza taldeak egindako eguna da, eta, Maiaren ustez, errenteriar askok egutegian gorriz markatua dutena. «25. urtea izanda, esan dezakegu gauzak ongi egin ditugula. Lan askoren fruitua da egun hau». Antolatzaileentzat, oso garrantzitsua da programazioa herri osoan zehar izatea. «Herriko hainbat plazatan antolatu ditugu gauzak, Erromeria Eguna Errenteria osoarena baita. Koldo Mitxelena plazan hasi gara; Xenpelar plazan bola jokoak daude; Xabier Olaskoaga plazan izango gara ondoren; Alamedan arratsaldean...».
«25. urtea izanda, esan dezakegu gauzak ongi egin ditugula. Lan askoren fruitua da egun hau»
JUANTXO MAIAErromeria Eguneko antolatzailea
Koldo Mitxelena plazan dantzariak haien martxan ari diren bitartean, Xabier Olaskoaga plazan Aiko musika taldeko partaideak soinu probak egiten dabiltza. Dantzarien parean, plazako tabernak muntaketa lanean dihardute, terrazetan barrak muntatzen. Madalenak gertu daude, eta festa girorako prest egon behar dute. Aikoko musikariak jotzen hasi bezain laster hurbildu dira lehen dantzariak plazara. Hasieran, bi izan dira, baina Koldo Mitxelena plazako txistulariak hurbildu diren heinean, ehunka pertsonak bete dute plaza. «Zortzikoa!», oihukatu du Aikoko abeslariak, eta hainbat borobil eginez hasi dira denak dantzan. «Errenterian euskal dantzak garrantzi handia izan du betidanik, eta Erromeria Eguna lehen aldiz egin genuenean, herrian genituen dantzari guztiak kalera atera nahi genituen. Hasieratik ikusi da arrakasta handiko eguna dela, eta aurten ere hala da», azaldu du Maiak.
Etorkizuna bermatuta
Baina dena ez da dantza Erromeria Egunean. Aiko taldeak herriko kaleak zeharkatzen dituen bitartean, hainbat lagun herri bazkaria antolatzen dabiltza. Mahaiak goizean goiz jarri dituzte, baina oraindik badago zer egiterik. «Aurten 370 pertsona izango gara bazkarian, eta hori albiste ikaragarria da. Nabaritzen da 25. urteurrena dela, jendea ilusio bereziarekin baitago, eta hori inplikazioan ere antzematen da», esan du Maiak. Arratsaldean, Alamedan Patxi Perezek eta haren taldeak emanaldi bat dute, eta Maiaren ustez, «giro paregabea» izango da.
Dantzarien artean badira adin ezberdinetakoak. «Normalean, Erromeria Egunean jende heldua nagusitzen da, baina horrek ez du esan nahi gazteek ez dutela parte hartzerik. Gazteak badaude, eta, horregatik, esan dezakegu etorkizuna bermatuta dagoela. Ez dakit zenbat urte gehiagoz egingo den, baina oraindik beste 25 izango ditugu, nire ustez», adierazi du Maiak