Inauterietako paradoxak dira. Jendea Lantzen (Nafarroa) ostatutik ateratzen direnean eta herritarrek ateak ixten dituztenean, dena da kamera, mikrofono eta sakelako telefono. Zurezko ate gorria noiz irekiko zain, dena da punta-puntako teknologia. Ziripot, txatxuak, Zaldiko, arotzak eta Miel Otxin ateratzean, ordea, zerbait zaharra erregistratzen dute beren memoria digitaletan bisitariek. Zerbait oso zaharra. Hor gurutzatzen dira mendea eta segundoa. Euskal Herriko inauteri ezagunenetarikoak dira Lantzekoak, eta atzokoan ere eguraldiak lagunduta, jendetza bildu zen urtez urte eta mendez mende aldi oro berritzen den antzinako errituaz gozatzera.
Eguerdia heltzerako autoz beteta zeuden harrizko kale estuak. Herriko sarreraraino, bide bazterrik ez bistara. Ehun eta berrogei biztanle izaten ditu urte osoan Lantzek, baina bestelakoa da inauterietako zifra. Ostatua da festaren erdigunea, eta ehunka pertsona izan ziren atzo haren inguruan. Asteburua ere jendetsu joan zen. Oraindik agerikoak ziren frontoian igandean ospatutako umeen inauteri egunaren arrastoak. Plaza erdian erre zuten herriko txikiek Miel Otxin, eta suak utzitako marka ikus zitekeen pilotaleku erdian. Atzo gau aldera helduek lapurraren panpina erre zuten gune berean, hain zuzen ere. Nekez, belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren ohiturak deskribatzeko metafora aproposagorik.
Hamalau urte zituela hasi zen, adibidez, Joseba Ariztegi Ziripot jantzia jartzen, eta urtero aritu da geroztik. Eri antza zegoela, ordea, eta etxeko balkoitik ikusi behar izan zituen atzo lagunak dantzan. «Inbidiaz». Etxetik datorkio egitekoa Ariztegiri. Ziripot izan zuen lehenago bere aita ere, Eusebio Ariztegi. 1964an Julio Caro Barojak Euskal Herriko hainbat tradiziori buruz grabatutako dokumentalean bera izan zen Ziripot. Gogoan du oraindik anekdota, umoretsu. «Herriko gazte batzuk bageunden eserita txoko batean, eta hor heldu zen Julio Caro Baroja Lantzeko inauteriak grabatu nahi zituela eta jendea behar zuela esanez. Begiratu egin zigun, eta hatzarekin seinalatu ninduen: 'Zu izango zara Ziripot'. Eta hala hasi nintzen».
Gosariaren intimitatea
Inauterietako beste paradoxa bat: ostatuaren inguruko jende saila, eta jantokian gosaltzera biltzen diren herritarren intimitatea. Mozorrorik gabe oraindik, baina mozorroez hizketan. Zaragozan unibertsitatean ikasketak bukatu zituenetik da Luis Mariñelarena Zaldiko. Arte bat da. Ziripot zirikatzea da bere pertsonaiaren eginkizuna, baina zintzotasun bat bada borroka horren atzean. Ongi ezagutzen du Mariñelarenak: «Hark keinu bat egitea aski da jakiteko ongi dagoen, edo nonbait mina duen. Haren keinu bat, eta badakit berriz lurrera erortzeko prest dagoen edo ez. Badira egin daitezkeen gauza batzuk eta egin ezin diren beste batzuk. Dantzariak non dauden adi ibili behar da, Txatxuek ezin dute Ziripot ukitu... Ez daude inon idatzita, baina badaude lege batzuk».
Dantzaren ordua da gosaldu ostekoa. Txistulariek zortzikoa jo eta jangelatik aterata, dantzan jartzen dituzte gazteak ostatuan. Hala izan zen atzo ere. Ikara batean zurezko zorua, harik eta hamaika biraren ondoren dantzariak nekatu eta musika eten zen arte. Ganbarara igo, eta mozorrotzen hasi ziren gero. Itxi egiten zieten garai batean atea bisitariei, baina libre utzi zuten atzo. «Sekretismo handiagoa zegoen garai batean», azaldu zuen David Mariñelarenak. Erdiz baino ez da orain ezkutukoa txatxuen nortasuna. Aurpegia estalita zegoen jadanik Amaia Ihaben; aurpegia agerian, oraindik, Silvia Taberna. Ez ziren gosaltzen izan. «Egunero gosaldu, parranda, bazkaldu, afaldu, parranda... Ezin diogu erritmo horri luzaro eutsi!». Orain lau bat urte heldu ziren herrira bizitzera. Kanpotik ezagutzen zutena barrutik ezagutzeko aukera izan zuten orduan. «Guretzat oso egun bereziak dira, eta oso politak, baina herrikoak direnek aurreko astean izan zuten nerbiorik oraindik ez dugu».
Pixkanaka, gero eta txatxu gehiago ziren ganbaran, eta gero eta pertsona gutxiago. Ostatuko ateak itxi zituztenean hori zen eszena. Jende mordoxka bat, harrizko etxe gotortuari so. Ziripot atera zen lehenik, eta gero leherketa. Txatxuak oihu eta zarataka, erratzak ezker-eskuin dantzatzen, Zaldiko jauzi batean, eta Miel Otxin ere bai, azkenik. Herriari buelta gero. Errituala; zaharra eta berria. Hor beste paradoxa bat.
Ikara eta harridura
Pertsonaia bakoitzak bere egitekoa betetzean sortu zen nahaspila herriko kaleetan. Txatxuak bisitariak zirikatzen, Zaldiko Ziripot lurrera bota nahian, arotzak Zaldiko harrapatu eta ferratu nahian, Miel Otxin txistularien doinura dantzan eta ihesean... Eskolako umeen ikara deiadarrak, baita lilura ere. Eskolan azaldua zieten gertatuko zena, eta bazekiten pertsonaia bakoitzaren historia ere. Hala ere, ezin harridura ezkutatu. Begiak zabal-zabalik ume batak besteari: «Ikusi duzu nola bota duten lurrera Ziripot!?».
Pilotalekura heltzean, zirkulua osatu zuten txatxu guztiek lapurra irudikatzen duen panpinaren inguruan. Zortziko luze bat gero, harik eta haietariko bakoitzak plazari bi bira eman arte. Bata bestearen atzean, bata bestearen urratsak errepikatzen. Jota motz bat ondoren, indarrez gelditutako gutxientzat. Lehengoz ikusi zuen jaia Miren Lantzek. «Herri guztiak hartzen du parte. Oso polita».
Miel Otxin bizkarrean hartu eta ostatura jo zuten gero txatxuek. Berriz ere ganbarara, mozorroak kendu eta bazkaltzera. Ez zuten orduan erre lapurra, ilunabarrean baizik. Eta hala bukatu ziren inauteriak.
Ezarian. Lantzeko inauteriak
Mendea eta segundoa
Asteartea da Lantzeko inauterietan egun handia; aurten ere jendetza bildu da herrian, eguraldi ona baliatuz Ziripot, Zaldiko, Miel Otxin eta txatxuen oihu eta dantzak ikusi eta gozatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu