Denbora geratu izan balitz bezala da. Urteei eta hamarkadei ihes egitea lortu, eta halaxe geratu da aldaketarik izan gabe. Berdin. Izoztuta. Ehun urte atzera jauzi egiteko aukera dago Donostian. Igeldoko funikularrera sartzearekin batera, 1912. urtean jarriko ditu oinak bisitariak. Aurten, mendea beteko du funikularrak. Orain arte, Igeldo Mendia sozietateak kudeatu du, baina urtarrilaren 19an amaituko zaio kontzesioa, izatez Eusko Jaurlaritzak baitu titulartasuna. Funikularrak, berriz, harro agurtzen du Kontxako badia, zahartzaroan ere bizitzari dotore eusten jakin dion baten begietatik.
Aste barrua izanagatik etengabea da jendearen joan-etorria funikularrean. Eguberriengatik izango da akaso. Jose Muñagorri langileetako bat da. Txartelak saltzen ari da: «Turistak igotzen dira batik bat. Jendeak gero eta bidaia laburragoak egiten ditu, eta espainiarrak etortzen dira atzerritarrak baino gehiago. Robert de Niro aktorea bezero fidela izan zen garai batean», azaldu du Muñagorrik.
Txartelak erosteko leihatila gunean eta funikularrean bertan nostalgia sentitzen da, baina xarma berezia du bidaiak. Gurpilen soinuarekin bat eginik, egurrezko aulki zaharretan kulunkan doa bidaiaria. Ez da alferrik Euskal Herriko funikularrik zaharrena. 1911n sortu zen Igeldoko aisialdi gunea, eta, urtebete geroago, hara joateko egin zuten funikularra, jendeak kotxerik ez zuen garaian. Kasinoa eta jatetxea zeuden orduan goian. Ondoren, dantza gune gisa egin zen ezagun lekua. «Aiton-amona asko etortzen dira hona gaztetakoa oroitu nahian», dio Muñagorrik. 1930etik aurrera ireki zuten jolas parkea.
Emilio Huitzi ingeniariak Von Roll etxe suitzarrarekin elkarlanean sortutako funikularraren funtzionamendua eta ibilgailuak ez dira aldatu ehun urte hauetan. Bi bagoik elkarri egiten dioten kontrapisuarekin dabil, badaezpada motor elektriko batek mugiarazten duen arren. «Baserriak zeuden maldaren aldeetara, eta ibilbideak bi geraleku zituen».
Igeldo Mendia sozietateak —parkeko jabeak ere haiek dira— kudeatu du kontzesio bidez funikularra urte hauetan guztietan. 1913ko urtarrilaren 19ko Gaceta egunkarian argitaratu zen 99 urtez horretarako ematen zien baimena. Urtarrilaren 19an amaituko zaie hortaz kontzesioa. Euskal Autonomia Erkidegoari eskumenak eman zitzaizkionetik Eusko Jaurlaritzak du titulartasuna, ordea. Martxoan Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak adierazi zuen kontzesioa lehiaketara ateratzeaz gain inbertsioak zeintzuk ziren jakiteko txosten tekniko bat egingo zuela. Asmoak ez ziren ekintzetara pasatu, ordea, eta etorkizuna lauso ikusten zen. Garraio Saileko iturriek jakinarazi dutenez, txostena aztertzen ari dira dagoeneko, eta lehiaketa hilabete honetan egiteko asmoa dute. Orduan emango dituzte argitara kontzesioa lortzeko eskakizunak. «Guk urtarrilaren 19ra arte kontzesio bat dugu. Hortik aurrera, ez daukagu inolako berririk», adierazi du Pilar Pascualek, Igeldo Mendia sozietateko zuzendari laguntzaileak.
Mendea gora eta behera
Igeldo Mendia sozietateak kudeatu du 99 urtean kontzesio bidez Donostian Igeldoko funikularra; laster amaituko zaie baimena. Funikularrak ehun urte beteko ditu aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu