Ezarian. Donostiako Pasealeku Berriak 100 urte

Mendea, olatuekin orekan

Donostiako Pasealeku Berria eraikitzen hasi zirela ehun urte beteko dira aurten. Gorteak eta aristokrata ugarik uda hirian pasatzen zuten garaian egindako obretako bat da. Maiz agerian izan dira denboraleen arrastoak.

Egun bezala, 1931. urtean olatu handiak izan ziren Donostiako Pasealeku Berrian. KUTXA FOTOTEKA /  CAR FUNTSA- RICARDO MARTIN.
Ilargi Agirre.
Donostia
2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Itsasoari metroak kenduz egindako pasealekua da. Olatuen gainean orekari eutsiz zutik jarraitzen duena oraindik ere, ia mende bat pasatu eta gero. Izan ere, 1914. urtean onartu zuten Donostiako Pasealeku Berria eraikitzen hastea, eta handik bi urtera inauguratu zuten lehendabiziko zatia. Hiriko urrezko aroaren adierazleetako bat da gaur egun ere; glamour-ez betetako garaiaren lekuko.

Proiektua lehenagokoa da, ordea. 1881ean, Cirso Jarauta izan zen Urgull mendia inguratzen zuen pasealeku bat eraikitzearen sustatzaile nagusia, baina ez zen aurrera eraman. «Orduan, Urgull mendia militarren esku zegoen, eta hori zen zuten arazorik handiena. Militarrek ez zuten onartzen ertzean pasealeku bat egiterik, kuartela baitzuten han», azaldu du Javier Sada historialari eta Donostiako kronistak. Urgulleko gotorlekua XII. mendetik existitzen dela gaineratu du; Donostia beti izan dela hiri militarra, orain gutxira arte. «Sinetsezina badirudi ere, parte zaharreko harresia militarrek kontrolatzen zuten duela 150 urte arte; gauetan ixten zuten atea, eta goizez ireki».

Handik urte batzuetara hartu zuten berriz ere esku artean proiektua. 1913an, Donostiako Udalak Espainiako Gobernuari eskatu zion udalari utz ziezaion Urgulleko zati hori, pasealeku publikoa eraikitzen hasteko, baina Madrilek ez zuen onartu. Hurrengo urtean eman zuten baiezkoa. «Gorte osoak eta Madrilgo Gobernuak Donostian pasatzen zuen uda. Haiek izango ziren pasealekuaz gozatuko zuten lehenengoak. Horixe izan zen baiezkoa emateko arrazoi nagusia».

Proiektua Luis Balanzan ingeniari militarrak egin zuen, Juan Aldai udal arkitektoarekin batera. Garai hartako baliabide eskasekin eta langile askorekin hasi ziren pasealekua eraikitzen. «Trenbide moduko bat, eta bagoneta batzuk eraiki zituzten harri bloke handiak batetik bestera eramateko. Baina, azkenean, eskulan askorekin atera zuten aurrera».

Baimena bazuten, baina dirua falta zitzaien. «Hiriko kasinoak ordaindu zuen Pasealeku Berriaren obra. Kasinoak ordaindu zituen duela mende bat Donostian egin ziren obra gehienak. Jokoaren aurka zegoen jendeak ere kasinoa defendatzen zuen horregatik», adierazi du Sadak. Marino Tabullo zegoen alkate Donostian proiektua aurrera atera zenean, eta Madrilen Fermin Kalbeton diputatuak lan handia egin zuen pasealekua defendatzen. 200.000-250.000 pezetako aurrekontua izan zuen (1.502 euro). «Asko zen ordurako».

Hiru zatitan egin zuten obra, eta hiru inaugurazio antolatu zituzten. Sona handikoak izan ziren guztiak ere. Lehendabiziko zatiak Salamanka pasealekua hartzen zuen; bigarrena erdian zuen biribilguneraino zihoan, eta hirugarrena Aquariumeraino iristen zen. 1914an hasitako zatia 1916ko uztailaren 10an inauguratu zuten. Maria Kristina Espainiako erreginak parte hartu zuen inaugurazio ekitaldian. Hain zuzen ere, hura zihoan autoak egin zuen lehen aldiz Pasealeku Berriko bidea. Bigarren zatia handik bi urtera ireki zuten. Espainiako Alfontso XII.a erregea joan zen Maria Kristinarekin, ama eta Pio de Saboya printzearekin batera. «Guztiek oinez zeharkatu zuten pasealekua, itsasoan Villaamil itsasontzi militarra zegoen bitartean». Hirugarren zatia 1919an inauguratu zen, eta horrekin amaitutzat eman zen pasealekua.

Azken zati horrek sortu zuen zalapartarik handiena herritarren artean. «Hastapenetako proiektua Alderdi Ederreraino zihoan, moilako etxeen gainetik pasatuta. Baina ez zuten egin, estetikoki itsusia izango zen iritzia zabaldu zelako herritarren artean». Azkenean, pasealekua Aquariumean amaitu zuten, gaur egun dagoen gisara.

Hainbat izen izan ditu pasealekuak historian, garai hartako egoera politikoaren arabera. Asturiasko Printzearen pasealekua izenarekin inauguratu zuten hasieran lekua. «Monarkia erori eta gero, Errepublikaren pasealekua bilakatu zuten, eta, gero, Jose Antonio Primo de Riveraren pasealekua». 1979an hartu zuen gaur egun daukan izendapena, baina, Sadak dioenez, donostiarrek betidanik deitu izan zioten pasealeku berria, hirian zegoen obrarik berriena zelako.

«Zein zen xedea? Donostian turistikoki zituzten azpiegiturak hobetzea». Sadak azaldu duenez, Pasealeku Berriaren proiektuak jarraipena zuen. «Grosetik hasita Pasai San Pedroraino zihoan pasealeku bat egitea zeukaten buruan agintariek. Urgull mendia inguratzeaz gain, Ulia mendia ere inguratu nahi zuten». Hain zuzen, garaiko egunkariek azaltzen dute pasealekuaren bigarren inaugurazioan Donostiako alkateak bigarren pasealeku horren berri eman ziola Alfonso XII.ari. Madrilen proiektua onartu zuten, baita dirua jarri ere. Bitxia badirudi ere, garai hartako mapetan errepidea ageri da eraikita. Baina I. Mundu Gerra iritsi zen orduan, eta, azkenean, proiektua bertan behera geratu zen.

Donostiaren urrezko aroa

«Arkitektoek esaten dute gaur egun bideraezina izango litzatekeela Pasealeku Berria egitea», dio Sadak. Testuinguruan kokatu beharraz hitz egin du. Glamour-ez beteta zegoen Donostia joan den mendearen hasieran. Denboraldiak pasatzen zituzten agintariek eta Espainiako koroak bertan; maiatz-ekainetik udazken hasierara arte eraldatu egiten zen goitik behera hiria. «Urte erdiz, hiriburu ekonomiko eta politikoa zen Donostia. Kudeaketaren bat egin nahi zuen edonork Donostiara joan behar zuen nahitaez, Madrilen ez zegoelako inor». Horrek artistak erakartzen zituen, eta antzerki obrez eta ekitaldi kulturalez betetzen zuen Gipuzkoako hiriburua. Turistikoki, erreferentzia zen Donostia. Giro horren erdian, joan den mendearen hasierakoak dira Maria Kristina hotela, Viktoria Eugenia, Kontxako pasealekua, Igeldoko funikularra eta gaur egun hiriko ikur bilakatu diren beste hainbat lan ere. Hiria edertzeko eta erakargarriago bilakatzeko egin zituzten guztiak, eta horien artean dago Pasealeku Berria ere. «Kanpora begirako urteak izan ziren».

Herritar xumeak inguruko hirietan baino askoz ere hobeto bizi zirela nabarmendu du Sadak. «Lanordu asko egiten zituzten, eta bidegabekeria sozial ugari jasaten zituzten, baina, bizi-kalitate eta higienearen aldetik, askoz ere aurreratuago zeuden. Analfabetismoa eta gosea ia ezezagunak ziren hemen. Asko zutenek askoz ere gehiago zuten; eta, azkenean, gutxi zutenek nabaritzen zuten hori».

Denboralearekin arazoak

Pasealeku Berriak betidanik izan ditu itsasoaren eta mendiaren arteko mugan eraiki izanak sortzen dituen arazoak. Ehun urtean, makina bat denboraleren eragina izan du, eta ia urteroko kontua izan da itsasoaren indarrak zorua zulatzea. Mende honetako denboralerik handienak 1930ean, 1965ean, 1978an eta duela lau urte izan zirela aipatu du Margarita Martinek, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Espainiako Meteorologia Agentziak duen ordezkariak. Datu argigarri bat eman du: 1996tik gaurdaino, hiru urtetik behin olatu handienen herenaren batez bestekoa bederatzi metrotik gorakoa izan da. Olatuekinbizitzen ikasi behar izan du, beraz, Pasealeku Berriak.

1965eko denboralea San Sebastian egunaren inguruan izan zen, Martinek adierazi duenez. Bitxikeria bat kontatu du Sadak horren harira. «1965eko Espainiako No-do albistegiaren artxiboan begiratuz gero, gaur egungo irudi bertsuekin topo egin daiteke. Olatu eta suntsiketa berdinak ikusten dira». Halaxe da. Zuri-beltzeko albistegian kontatzen denez, galerna «handi» batek jo zuen Donostia, eta denbora asko zen Kantauri itsasoa ez zegoela hain oldarkor. «Hain handia izan da itsasoaren indarra, non harresiak bota, zorua altxatu eta itsas pasealekuak pitzatu dituen», dio aurkezleak, tentsioz betetako musika lagun duela. Hamalau metroko olatuek Pasealeku Berrian bloke handiak altxatu dituztela ere gaineratzen du.

Sadak Pasealeku Berriarekin eta olatuekin lotutako oroitzapen ugari ditu. «Orain hobeto prestatuta gauden arren, olatuak betidanik izan dira Pasealeku Berriko protagonistak. Zuloak betidanik egon dira olatuengatik». 1952-53. urte inguruari buruz mintzatu da Sada. Buruan du olatu handiak zeudenean jai ematen zietela ikastetxean. «Haurra nintzela, parte zaharrera joaten nintzen eskolara. Egun batean, olatuek Pasealeku Berria gainditu, eta Miramar zinemako atea lehertu zuten, eta egungo Principe zinemen parean zegoen Miramar eta hango eserlekuak Aldamar kaletik behera Bulebarreraino iritsi ziren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.