Orain dela ehun urte baino gehiago hasi zen Espainiako Maria Kristina erregina Donostiara joaten, uda pasatzera. Eta 1893tik aurrera, hantxe igaro zituen udako egonaldi guztiak, 40 urtez. Horrek, noski, Espainiako aristokrazia erakarri zuen Gipuzkoako hiriburura. Garai hartan, 45.000 biztanle zituen hiriak, eta 200.000 pertsona biltzen ziren udako hilabeteetan. Orduko Donostiak, ordea, zerikusi gutxi zuen gaur ezagutzen denarekin. Hiriko giroa nolakoa zen azaltzeko, bisita gidatuak egingo dituzte uda osoan, orduan eraikitako bost eraikin nabarmenek ehun urte bete dituztela aprobetxatuz.
Udan Donostiara joaten ziren aristokratei eta, batez ere, erreginari behar bezalako zerbitzuak eskaintzeko, Donostiako Klub Nautikoak elkarte bat sortu zuen. Elkarteak bi behar handi ikusi zituen hiriburuan: antzoki bat eta hotel bat. Udalari baimena eskatu, eta beren diruarekin eraiki zituzten gaur hiriaren ikur diren bi eraikin: Maria Kristina hotela eta Viktoria Eugenia antzokia.
Aurten beteko dira ehun urte inauguratu zituztenetik. Maria Kristinak, esaterako, ostegunean egiten du mendea. Kontxako pasealeku berria, Igeldoko funikularra eta lur azpiko trena ere urte hartan inauguratu zituzten, 1912an. Orduko trena desagerturik badago ere —orain Amaratik pasatzen da—, gainontzeko eraikinak Donostiako ikur bilakatu dira, Donostian bezalaxe, Donostiatik kanpo.
Maria Kristina eta Viktoria Eugenia eraikitzeko lurrak udalak eman zituen. Bi baldintza jarri zituen horretarako: 70 urteren buruan eraikinak herriarenak izatea —halaxe dira orain—, eta material nobleak erabiltzea. Udalak ez zuen edozer gauza eraikitzerik nahi; aristokraziari bere mailako zerbitzua eskaini behar zitzaion, eta Miarritzerekin lehiatzea ere beharrezkoa zen. Izan ere, Napoleon Bonapartek hantxe pasatzen zuen uda garai hartan. Berritu badituzte ere, garai hartako xarma gordetzen dute Maria Kristinak eta Viktoria Eugeniak.
Kontxako baranda ere, 1912an
Ikurrekin jarraituz, gutxi izango dira Kontxako barandaren zati bat ikusi, eta Donostiarekin lotzen ez dutenak. Juan Rafael Aldai arkitektoak diseinatu zuen duela mende bat. Baita Kontxako pasealeku osoa ere, La Perla bainuetxea barne. Aste honetan egiten ditu ehun urte. Aurretik ere egon zen bainuetxe bat Kontxan. Egurrezkoa zen, ordea, eta uraren eraginez usteldu egin zen urte eta erdian.
Hondartzaren beraren itxura ere oso desberdina zen garai hartan. Aristokraziako kideek apenas zapaltzen zuten harearik. Gurpildun etxetxoz beterik zegoen hondartza, eta hantxe egoten ziren, itzalean. Uretara joan nahi zutenean, berriz, idiek etxetxoak mugitzen zituzten ur ertzeraino. Herritar xumeak hondartzara joaten hasi zirenean, ordea, etxetxo haiek traba baino ez zuten egiten, leku asko kentzen baitzuten. Eta hala hasi ziren toldoak jartzen.
Kontxako hondartzatik, ederki ikusten da Igeldo mendira igotzeko funikularra, 1912an inauguratua hori ere. Uda Donostian igaro ohi zuten enpresari nafar batzuek sustatu zuten proiektua. Baserritarrei lurrak erosi, eta jolas parkea eraiki zuten. Hara joateko, berriz, funikularra eta errepidea. Ordurako, Katalunian baziren bi funikular, eta haiek oinarritzat hartuta eraiki zuten Igeldokoa.
Gipuzkoa plazan ere badu geldiunea 100. urteurreneko bisita gidatuak. Handik pasatzen zen Donostiako Peñaflorida kaletik irten eta Iruneraino joaten zen trena. Baserritarrek erabiltzen zuten gehienbat, Bretxako azokara produktuak eramateko. Gaur egun, Gipuzkoa plazan ez dago trena egondako arrastorik.
Mendea pasata, hiriaren ikur
Ehun urte bete dira aurten Donostiako bost eraikin nabarmen inauguratu zituztenetik. Mende baten ondoren, ikur bilakatu dira. Horien historia azaltzeko, bisita gidatuak egingo dituzte udan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu