Euskal Herrian apenas den slackline kirolaren berri. Yosemite du sorlekua, 1980ko urteetan, nahiz eta zinta, alanbre edo soka bat orekari eutsiz eta erori gabe zeharkatzea mende luzez aski jarduera ezaguna izan. Hippyen eta eskalatzaileen bilgunea zen Yosemite urte haietan. Hilabeteak egiten zituzten parkeko4. kanpaleku ezagunean bizitzen haietako askok, eta eskalada eta eskalada artean hasi ziren inguru hartako zuhaitzak soka bidez lotu eta horiek ibilian zeharkatzen. Jolaserako asmoarekin aurrena, eta eskaladarako entrenamendu egokia zela jabetuta ondoren. Oreka lantzeko modua ematen baitu slackline kirolak, eta kontzentrazioa lantzeko eta beldurra gainditzeko lagungarria ere bada.
Yosemiteko hormetan eskalatzeak altuera handiak hartzera eramaten ditu eskalatzaileak, eta zirrara berrien bila altuera handietara eraman zuten slackline-a ere. Lehen unetik piztu zuen arreta Yosemite Falls ur-jauziaren eskuinean hormatik banatuta dagoen orratzak: Lost Arrow Spire. 1985eko uztailaren 13an osatu zuen orratzeko joan-etorria Scott Balcomek -lehenengo saioak urte bete lehenago egin zituen-. Yosemitetik mundura egin zuen jauzi kirolak.
Bilakaera handia izan du ordutik kirolak, eta bestejarduera askotan bezala, zenbaki eta marka festa hasi da. Norvegian, 1.000 metroko altueran jarri dute zintarik garaiena, Moab basamortuan, 110 metroko garaieran jarritako 103 metroko zinta zeharkatu zuen Andy Lewisek -hura da espezialista onenetakoa eta slackline-aren iraultzailea-. Kontuak kontu eta zenbakiak zenbaki, Yosemiteko Lost Arrow aitzindari hura hartzen da kirolaren erreferente nagusi.
Euskal Herrira iristea kosta egin bazaio ere, azken urteetan badira slackline-ak harrapatu dituenak. Eskalatzaileak dira batzuk, eta muturreko kirolen eta bizipen indartsuen zaleak bestetzuk. Txirrita, Txefe eta Ajillo dira horietako hiru. «Udan Yosemitera eskalatzera joateko asmoa genuen, baina bagenekien azken jomuga Lost Arrow zela. Hori da altuerako funanbulismoaren sorlekua, eta honetan dabilen edonork egin beharrekoa da», azaldu du Txirritak. 2005ean joan zen lehen aldiz Yosemitera, baina orduko hartan ez zuen bere burua prest ikusten halako abentura baterako: «Ez nintzen neure burua halako egoera batean kontrolatzeko gai, eta halakoetan buruak agintzen du. Orduko hartan Kapitaina eskalatzea nuen helburua, eta horixe egin nuen». Egoera desberdina zen aurtengoa; bost urteko esperientzia pilatuta eta prestaketa lan handia eginda joan dira AEBetara.
Azpiegitura lan handia
Azpiegitura lan handia behar da zeharkaldia osatu ahal izateko;abiapuntura iristeko, besteak beste. «Lost Arrowra igotzeko logistika zaila da. Aurrena, hiru ordu oinez maldan gora ibili behar da, eta hiruzpalau egunerako janaria, materiala... eraman behar da». Beharreko guztia prest jartzea ere ez da lantegi erraza. Egun oso bat behar izan zuten azpiegitura prestatzen: «Zinta muntatzeko ehun bat metroko rappela egin behar da, eta orratzera igotzeko bi edo hiru luze eskalatu, hormara lotzen zaituen soka atzetik lotuta eramanez. Gero, orratzetik hormara zinta jarri eta behar bezala tenkatu behar da. Arnesa ongi estutu, soka zatiarekin zintari lotu eta abiatzea da hurrengoa».
Hainbeste entrenamendu eta prestaketa lan biribiltzeko eguna iritsi zitzaien hirurei. Altuerako funanbulismoaren sorlekua zuten parez pare. «Zintan ibiltzen ohituta egonagatik, altuera horretan lehenengo urratsa egitea logika guztien kontra doa. Azpia hutsa dago, amildegia da, eta hutsunearen gainean ibili behar da», azaldu du Txirritak. Buruaren prestaketa sartzen da orduan jokoan. «Tentsio uneak pasatu eta bihotz taupadak pixka bat lasaitu ziren. Hogeita hamar bat urrats dira, minutu inguruko tartean. Oreka mantentzen minutu oso bat». Hirurek egin zuten orratzetik hormarako joan-etorria. Indar handiko sentimendu eta bizipen pilaketa: «Bestaldera iritsitakoan zaila da sentitzen duzuna azaltzea. Barrua hustuta bezala sentitu nuen, dardarka baina pozik geunden. Hurrengo egunean berriro ibili ginen, lasaiago».
Slackline-a probatu nahi duenak ez du, ordea, Yosemiteraino joan beharrik. Euskal Herrian badira hainbat gune horretan aritzeko; Ereñoko harrobian eta Algortako portuan, besteak beste. Lehenengo urratsak egin nahi dituenak horietara joan behar du, eta slackline-a segurtasunez egin ahal izateko teknika eta azpiegitura ezagutu eta ikasi behar ditu. Norberaren beldur, oreka-desoreka eta kontzentrazioaren araberakoa da zailtasuna. Kirolaren inguruko dokumental bat ekoitzia du Bideografik etxeak: Slackline: grabitateari erronka.
Jose Felix Hormaetxe, 'Txefe'.Eskalatzailea
«Gustuko gauzetan pentsatzen dut, tentsioa eta beldurra kontrolatzeko»
E. Agirre.Badira bost urte kirola ezagutu zuela. Pixkanaka joan da trebatzen, eta orekaren espezialista da egun Jose Felix Hormaetxe Txefe (Algorta, 1981).
Yosemite, Lost Arrow. Ia mila metroko amildegia azpian; 17 metroko zinta fina aurretik. Zer sentitzen da?
Halako egoera batean egon ez denari sentitzen dena hitzen bidez azaltzea zaila egiten zait. Gustuko ditudan gauzetan pentsatzen saiatzen naiz, une horretako beldur eta tentsioa gozamen bihurtzeko asmoz-edo. Sentimendu kontrajarri asko nahasten dira halako une batean.
Aspaldiko ametsa al zenuten?
Txirritak aspaldian zuen buruan Lost Arrowko zeharkaldia, altuerako funanbulismoaren sorlekua baita. Azken hilabeteetan prestaketa berezia egin genuen, eta hirurok zeharkatutakoan festa egin genuen han bertan. Orain luzera handiagoko zeharkaldiak egiten saiatuko gara; Lost Arrowkoak 17 metro ditu, eta 40 metrokoren bat zeharkatu nahi genuke.
Noiz eta nola izan zenuen slackline-aren berri?
Txirritaren bidez ezagutu nuen, duela bost urte. Eskalatzera joan ginen egunetako batean zinta bat bi zuhaitzen artean jarri zidan, eta ordutik pixkanaka zaletu naiz, eta trebetasuna hartu dut.
Zer ematen dizu?
Hasieran eskaladarako entrenamendu moduan hartu genuen, oreka landu eta nork bere burua hobeto kontrolatzen ikasteko bidea. Denborarekin, ordea, kirol bat gehiago bihurtu da, eta eskaladarekin uztartzen dugu. Adrenalina, tentsioa, beldurra... sentipen askoren uztarketa da.
Euskal Herrian non egin ohi duzue?
Eskalatzera joaten garenean edozein lekutan jartzen gara, nahikoa baitira bi zuhaitz eta zinta bat. Baina baditugu hiruzpalau gune. Arrigunagako hondartzako bi harriren artean jarria dugu azpiegitura bat, eta Algortako Portu Zaharrean ere baditugu 12, 22 eta 42 metroko hiru instalazio jarrita. Altuerako slackline-a lantzeko, aldiz, Ereñoko harrobia dugu. Adiskide batzuek Mañarian badute prestatua beste bat. Gutxi gara, baina egunetik egunera jende gehiago ari da, eta pozgarria da hori ikustea.
Hasi nahi duenak zer hartu behar du kontuan?
Zuhaitzetan jartzeko bi zinta, eta horiek lotzeko 20 bat metroko zinta. Gero, korapilo batzuk ikasi behar dira, eta pixkanaka hasi.