MENDIA. ESPEDIZIOAK. Broad Peakeko trilogia helburu

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza asteazkenean abiatuko dira Pakistanera, bide berri batetik Broad Peak mendiaren hiru tontorrak lotzea helburu hartuta. Kukuczkak eta Kurtykak 1984an osatu zuten zeharkaldi hori estreinakoz, eta ordutik, Japoniako espedizio batek baino ez du errepikatu.

Donostia
2010eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Udaberrian Himalayara joandako espedizioak badatoz pixkanaka etxera bueltan, eta udan Karakorum jomuga dutenek hartuko diete lekukoa. Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo asteazkenean abiatuko dira Pakistan aldera, eta ohikoa duten legean erronka dotorea dute begiz joa: Broad Peak mendiaren hiru tontorrak lotu nahi dituzte, estilo alpinoan. Iaz, Makaluko mendebaldeko pilarea igotzen saiatu ziren, udaberrian, eta Everesteko Hornbein korridorea, udazkenean. Eguraldiak apenas eman zien aukerarik, eta saio hutsalak izan ziren biak. Orduan abiatu zuten bideari segida ematera dator hirugarren Naturgas Basque Bat Team espedizioa.

Broad Peakeko hiru gailurrak lotzeko zeharkaldia ohikoa duten moduan eta estiloan egiten saiatuko dira, igotzea bera bainoago, igotzeko modua lehenetsiz. Estilo alpinoan abiatuko dira mendian gora; arin eta bizi, soka finkorik eta altuerako kanpalekurik jarri gabe, eta oxigenorik erabili gabe. Estilo horretan mendiari beste bide bat urratzeko saioa egingo dute.

Hiru tontorreko mendia da Broad Peak: Iparraldekoa (7.550), Erdikoa (8.013) eta Nagusia (8.047). Tontor laua edo Gailur zabala deitzen diote inguru hartan bizi diren baltiek, eta mendiaren ertz luze eta zabalari zor dio izena; kilometro eta erdiko ertza zeharkatu behar baita tontor faltsutik tontor nagusiraino. Gogorra, nekeza egiten da zeharkaldia zortzimila metrotik gora. Hori dela eta, mendizale asko jaitsi dira tontor faltsura iritsi ondoren, gailur nagusia igo gabe.

Poloniarren arrastoa

Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak begiz jotako zeharkaldia aurrez beste bi espediziok osatu dute. 1984an Jerzy Kukuczkak eta Wojciech Kurtykak lotu zituzten Broad Peakeko hiru tontorrak. Mendebaldetik abiatu ziren bi poloniarrak, eta erdiko tontorrean eta iparraldekoan bide bana ireki zuten. Garai hartako himalayismoan erreferente ezinbestekoa ziren poloniarrak, eta, Himalayako beste hainbat mendietan egin bezala, Broad Peaken ere haien arrastoa utzi zuten. Toru Hattori, Toshiyuki Kitamura eta Masafumi Todaka japoniarrek 1995ean errepikatu zuten poloniarren zeharkaldi hura. Ez dago halako besteren berririk. Saioak ere gutxi izan dira. Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak egingo dute hurrengoa.

Kurtykak eta Kukuczkak mendia bitan banatzen duen harkaitzezko ezproia baliatu zuten igotzeko. BAT Basque Team espedizioa, aldiz, zuzenean saiatuko da igotzen iparreko eta erdiko tontorrak lotzen dituen lepora. Mendizaleek asteartean eman zituzten zergatiak. «Alpinistismo aldetik oso interesgarria iruditu zaigulako aukeratu dugu handik igotzea. Bide luzea da, eta 7.000 metrotik gora lau gau pasatzera behartuko gaitu. Teknikoki ez du muturreko zailtasunik, baina konpromisoa bai; arazoak izanez gero, jaisteko erraztasunik ez du ematen», esan zuen Mikel Zabalzak.

Naturgas Bat Basque Team espedizioa asteazkenean abiatuko da Loiutik Pakistanera. Ekainaren erdialdean oinarrizko kanpalekura iristea aurreikusi dute, etaongi bidean, zeharkaldia osatzeko saioa uztail hasieran egin nahi lukete.

Halako jarduera batean altuerara behar bezala girotzeak aparteko garrantzia du. Estilo alpinoan igotzeak dena saio bakarrean jokatzera eraman ditzake mendizaleak, eta ahalegin horretarako behar bezala prestatzea ezinbestekoa dute. «Bidean ez dugu sartu nahi ahalegina egin arte. Bide normalean gora girotzea dugu aukera bat edo inguruko 7.000 metroko mendi batera joatea. Pakistanen, ordea, mendi erraz gutxi dago», gehitu zuen aurkezpenean Juan Vallejok.



Alberto Iñurrategi.Mendizalea

«Gure aurrekoeneredua berreskuratu behar dugu Himalayan»

E. Agirre.

Lasai dago, aurreko espedizio bezperatan baino lasaiago. «Akaso lan gutxiago izan dut espedizioa prestatzen, eta eskalatzeko denbora eman dit horrek», dio Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968). Asteazkenean abiatuko dira Vallejo, Zabalza eta hirurak Loiutik Pakistan aldera, eta uztailarekin batera osatu nahi lukete Broad Peakeko hiru tontorrak lotzeko saioa.

Zergatik aukeratu duzue Broad Peakeko erronka? Zer du erakargarritik?

Iaz Makaluko mendebaldeko pilarera eta Everesteko Hornbein korridorera egindako saioei segida emateko modua iruditu zaigu Broad Peakeko zeharkaldia. Bide bat irekitzeko aukera dugu, batetik, eta Broad Peakeko hiru tontorrak lotzekoa, bestetik. Bi espediziok lortu dute zeharkaldia osatzea, poloniarrek eta haien bidetik japoniarrek. Iaz abiatu genuen bideari segida emateko modua dela uste dugu.

Makalutik eta Everestetik helburua lortu gabe itzuli izanak zer punturaino baldintzatu du erronkaren aukeraketa? Iaz helburuak ez lortzeak presiorik eragiten al dizue hirugarren espedizio honi begira?

Udaberriko nahiz udazkeneko saioak ez ziren gustuko kontuak izan. Makalun ia ez genuen mendira joaterik izan, eta Everesten ere ez genuen zorterik izan. 2006an, sikiera, ia 8.500 metrora iritsi ginen Hornbein korridorean gora; iaz, aldiz, 7.000 metrotik pasatzeko modurik ez genuen izan. Mikatz puntu bat utzi zigun horrek, baina ez du eraginik izan aurtengo helburua zehazteko orduan eta ez du eraginik izango gure jokamoldean ere. Nahikoa esperientzia eta eskarmentu badaukagu hirurok, eta gure adinean gauza horiei garrantzia emanda ez dugu ezer konponduko. Erakargarria egiten zaigulako aukeratu dugu Broad Peakeko zeharkaldia, eta presio eta baldintzarik gabe goaz, gozatzera.

Felix anaiarekin bide berri bat irekitzen saiatu zinen Broad Peaken, 1997an.

Mendian 45 egun egin genituen lanean, eta, azkenerako, lur jota alde batera utzi behar izan genuen asmo hura. Azken unean tontorrera bide normaletik igo ginen, bi eguneko kolpe azkarrean.

Proiektu honetan zailtasunak zerk jarriko dizkizue?

Begiz jo dugun bidea elurretik doa, batez ere, eta elurretik doan bideak arriskuak izan ditzake, eta arrastoa irekitzeko lanak eman. Baina teknikoki ez da zailtasun handikoa, eta maldak ere ez dira pasatuko 60 graduko pendizatik. Teknikoki bainoago fisikoki da exigentea proiektua: bidea oso luzea da, eta altueran denbora egin beharko dugu. Konpromisoa ere badu, arazo bat izanez gero jaisteko zailtasunak izan ditzakegulako. Azken finean, bi ezaugarri horiek ditu: ez da zaila teknikoki, baina bai fisikoki exigentea eta konpromisozkoa.

Bide berri bat irekitzeak mendizaleontzat izango du erakargarritasunik, noski.

Elementu garrantzitsua izan da hori aukeraketa egiteko orduan. Bazuen osagai hori alde, baina era berean inor inoiz pasatu ez izanak zalantzarako tartea ematen du.

Beheko kanpalekutik irten eta zeharkaldia nola osatu pentsatu al duzue?

Planteamendua erraz ikusten da, logikoa da. Beheko kanpalekutik ipar eta erdiko tontorrak osatzen duten lepora, 2.300 metroko desnibela dugu. Aurrez ezagututako bide erraz batetik bi egunetan gainditu daiteke desnibel hori, baina ezagutzen ez dugun eremutik eta aurkituko ditugun baldintzak jakin gabe, hiru egun beharko ditugula aurreikusi dugu. Hirugarren egun hori aproposa izan liteke lepotik ipar tontorrera igo eta lepora itzultzeko, gaua pasatzera. Laugarren egunean, erdiko gailurrera igo eta hurrengo lepora jaitsiko ginateke, Kurtykak eta Kukuckzak egin zuten moduan, eta bosgarren eguna tontor nagusira igo eta beheko kanpalekura jaistekoa litzateke.

Kurtyka eta Kukuckza. Mende laurdena pasatu da lotu zituztela.

Saioak ere ez dira asko izan. Japoniako talde batek 1995ean errepikatu zuen; hiru tontorrak ere lotu zituzten haiek. Oscar Cadiach eta Kataluniako beste hainbat mendizale saiatu dira; iparreko tontorrera poloniarrak igotako bidetik igo ziren, baina ezin izan zuten aurrera jarraitu.

Everestera joan aurretik altuerara girotzeko denda berezi bat erabili zenuten. Oraingoan baliatu al duzue?

Everestera joan ginenean zentzua izan zezakeen, kanpaleku nagusira bi egunetan iritsiko ginelako. Hura gehiago izan zen onuraren bat ote zuen ikusteko esperimentazio txiki bat. Kasu honetan, Baltorok hurbilketa progresibo bat egiteko aukera ematen du; eguneroko martxan desnibel txiki bat igotzen da, eta hurbilketa martxa horretan egokitze lan polita egiten da, berez. Han ikusiko dugu zazpimilako mendiren batean girotu edo Broad Peakeko bide normalean egokitu.

Azken asteetan zalaparta handia sortu da Himalayatik iritsitako berriak tarteko. Nola ikusi duzu azken asteetako zurrunbiloa?

Udaberrian Himalayako kontuak guztion ahotan egon dira, batzuen arrakasta, gertaera tamalgarriak edota polemika tarteko. Desatsegina izan dela uste dut. Kale giroan sumatu dut mendiko kontuak jende askori atzera botatzen diola, eta hein batean ez nau harritu. Himalayismoa ikaragarri mitifikatuta egotetik miseriara pasatu da, eta ulertzen dut jende askori kontu horiek atzera botatzea. Horretatik guztitik ateratzen dudan gogoeta da, eta, polemika gehiago harrotzeko asmorik gabe, argi geratu da Himalayismoan gauzak egiteko beste modu bat behar dugula. Mendizaleok ardura soziala eta kirol lege jatorrago bat uztartuko duen mendizaletasuna behar dugu, eta horren eredua urrutira joan gabe badugu. Duela 25 urte Himalayara joan zirenek utzi digute eredu polit bat; beste espiritu bat gauzak egiterako orduan. Gure aurrekoen erreferentzia horiek berreskuratu beharko genituzkeela uste dut.

Zer hausnartua badago, beraz.

Aspaldian neure buruarekin ere haserre nengoen. Azaleratu dena errealitate bat da; Himalayan jende asko dabil horrela. Hainbeste mitifikatu da Himalayako jarduera, mitifikazio horren inertziarekin mendizale asko ibili gara medailak oso erraz janzten. Jendeak gauzak ezbaian jartzeko balio badu, poztu egingo naiz. Lekuz kanpoko gauza asko ari ginen ikusten: absurdoa litzateke Mont Blanc beste 80 lagunekin igo duen bati kirol ikuspegitik hiru orrialdeko erreportaje bat eskaintzea, eta Himalayan antzeko zerbait gertatzen ari da. Alpinismorako inolako garrantzirik ez duten jarduerei sekulako meritua ari gara ematen, eta etxekoena ikaragarri puztutzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.