Nepal ipar-mendebaldean dago Dolpo, Himalayaren bihotzean. Lagun talde bat gidatu zuen iaz ingurune hartara, eta orduan hartutako irudiekin ekoitzi dute lana, bertatik bertara. «Haien etxeetan sartu gara; zer sentitzen duten, zerk kezkatzen dituen, zer bizi duten, zer ikusten duten ezagutu eta ezagutarazi nahi nuen», azaldu du Marronek.
Dolpoa zer-nolako lurraldea den azaltzen du, abiatzeko, mendizaleak. «Aparteko mundu bat da. XIX. mende hasieratik Nepalen administraziopean dago, baina, kulturari eta geografiari erreparatuz gero, Tibeten aztarnak ditu, erlijioari, kulturari eta hizkuntzei erreparatuz gero», argitu du. Bost mila lagun bizi dira Dolpon, 35 herrixka eta hainbat monasteriotan banatuta. Jendea bizi den munduko goi ordokirik garaiena da, eta baita apartatuenetakoa ere. «Nepalgo Gobernuak itxita eduki zuen 1956ra arte, eta 1990era arte Mendebaldeko inori ez zioten han sartzen utzi. Geroztik ere gutxi dira urtero Dolpon sartzen direnak».
Inguru apartatua izateak egunerokoan muturreko baldintzetan bizitzera daramatza herritarrak. Han ez dago biderik, ez telefonorik, ez telebistarik, ez eta argindarrik ere. Bertara iristeko zazpi egun behar dira oinez, eta medikurik eta ospitalerik ez dute. «Jaioberrien ia erdiak hil egiten dira urtea betetzerako», azaldu du Marronek.
Uda garaia motza eta hotza izaten da, eta ekainetik urrira bitartean irits daiteke soilik Dolpoko herrietara. Zelaietan ereindako uztak sei hilabeterako betetzen ditu bertakoen premiak, baina ekoizten dituzten garagarrak, arto beltzak eta patatak ez diete bizitzeko gutxienekoa bermatzen -arrozik ez da hazten, euri eskasiagatik-. Jak-ek eta ahuntzek emandako esneak ere ez. Horregatik, aro hotzagoak iristean, gizonak hegoaldera joaten dira beren zamaketarako abereekin, eta arroza eta bihia eskuratzeko salerosketan aritzen dira. Emakumea da, beraz, egunerokoaren motorra. Haren eskutan dago egunerokoaren ardura. «Poliandria garatuta daukate han, eta emakume batek senar bat baino gehiago edukitzea nahiko ohikoa izaten da», argitu du mendizaleak.
Elkartasun proiektua
Duten apurra emateko prest daude, ordea. Thilee izeneko haurra da dokumentaleko protagonista, eta haren bidetik erakutsi dute hango jendearen egunerokoa. Eskualde hartan sentitu zuten zirrara Euskal Herriko txokoetara eraman nahi du orain Marronek. Arteman Komunikazioa arduratu da produkzioaz, Gorka Etxabek prestatu du gidoia, eta datozen hilabeteetan kultur etxeetan edota elkarteek eskatuta izango da dokumentala ikusteko aukera.
Duela urte batzuk sortutako Lurrean Gizalaguntza elkartearen proiektuari bultzada emateko ere balioko du ikus-entzunezkoak. Dolpoko bi herritan argindarra izan dezaten, zentral txiki bana jarri nahi dute. «Beharren artean lehentasuna zer zuten galdeginda, argindarraren premia nabarmendu zuten», dio.
Fitxa
Izena. Dolpo, biziaren muturrean.Egilea. Joxe R. Agirre Marron.
Gidoia. Gorka Etxabe.
Produkzioa. Arteman.
Harremana. 615-78 12 87.