Handia da Himalaya, amaiezina ia. Zortzimila metrotik gorako mendiek erakarri ohi dute mendizale gehienen arreta, eta horietara jo ohi dute. Mendikatea, ordea, sei mila eta zazpi mila metroak gainditzen dituzten mendi eta orratzez josita dago.Haietako asko ezezagunak dira eta igotzeke daude; beste askotara apenas joaten den inor. Udazkeneko denboraldiaren hondarrean mendi bakarti eta ezezagun horietako batzuetara joan dira hainbat espedizio, eta eskalada dotoreak egin dituzte. Zailtasunean denetariko jarduerak dira, baina guztiak batzen ditu ezaugarri batek: ingurune ezezagunetan estilo alpino eta arinean egindako eskaladak dira. Horratx hainbat adibide.
1. Chang Himal (6.750)
Mendi ezagunenetatik kanpo Himalayan eskalatzeke zeuden horma interesgarrienen bilduma osatu zuen Alpinist aldizkariak 2003an. Chang Himal (6.750) mendiaren ipar horma zen zerrendako erronka horietako bat. Horma tente eta dotorea. Espedizio gutxi saiatu dira 1.500 metro pasatxoko ipar paretan gora. Ales Kolelj eta Mitja Sorn esloveniarrak bide erditan geratu ziren 2007an. Beste erreferentzia askorik ez dago. Jugoslavia zeneko espedizio batek igo zen mendi horretara estreinakoz, 1970ean, hegoaldeko hormatik, eta ordutik oso espedizio gutxi joan da hara, Chang Himal eta hura bezalako mendietara inguratzea bera izaten baita abentura. Berriki, Nick Bullock eta Andy Houseman alpinistak izan dira han, eta haiek izan dira ipar horma eskalatzen aurrenak, bost eguneko jarduera biribil-duz.
Kangchenjunga erraldoiaren inguruan dago Chang Himal bakartia, Nepalen. Beheko kanpalekura iristeko, hamabi egun behar izan zituzten Bullock eta Housemanek. Behin hara iritsita, ipar hormako ertz «agerikoenari» erreparatu zioten, 1.800 metroko izotz eta harkaitz bideari. «Ez dugu erokeria bat egin, ezezaguna den mendi eta horma bat eskalatu dugu; motxila bizkarrean hartu eta ezinbestekoarekin eskalatu», dio Bullockek.
Mendian gora urriaren 29an abiatu ziren, eta ez zuten hasiera erraza izan. «Tripako arazoak eta botalarria izan zituen Andyk, eta ea behera itzuli nahi zuen galdetu nion, saiatuko ginela hurrengo egunetan», gogoratu du Bullockek. Eguraldi ona ikusita, ordea, aurrera jarraitu zuten. Lehen eskalada egunean 70&fraq14;-ko elur maldak gainditu zituzten, eta izotz eta elur tarteak izan zituzten une oro. Handik gora harkaitza, izotza eta elurra, denetariko eremuak: «Harkaitza hauskorra zegoen, eta aseguruak behar bezala jartzeko zailtasunak izan genituen batzuetan. Izotza tarte batzuetan oso ondo zegoen, eta beste batzuetan, aldiz, ustela». Lau egun behar izan zituzten igotzeko, eta beste bat jaisteko. Eskaladaren emaitza 1.800 metroko bidea (ED+, M6) inguru eta horma ezezagunean.
2. Jasemba (7.350)
Azkenaldian zeresana ari dira ematen Zermatteko (Suitza) mendi gidari gazteak. Ueli Steck da akaso guztietan ezagunena, baina ez bakarra. Alpeetako eskola klasikoaren bidetik ulertzen dute alpinismoa, eta Himalayan gertatutako azken istripuetan laguntzeko erakutsi duten prestasunak mendizaleen arreta eta miresmena eragin ditu. Iñaki Otxoa de Olzaren salbamenduan Steckek -beste askoren artean- egindako ahalegina eta berriki Simon Anthamattenek Tomaz Humarren salbamendu lanetan egindakoa dira adibideetako bi. Anthamatten bera izan da, hain zuzen, Jasemba mendiaren hegoaldeko horma eskalatu duen taldeko kideetako bat, Simon Anthamatten anaiarekin eta Michael Lerjenekin batera.
Estilo alpinoan igo dira Nepalgo mendi ezezagunera, hegoaldeko hormatik. Nangpa Gosum I eta Pasang Lhamu ere esaten zaio Jasembari, eta Txina eta Nepal arteko mugan dago, Cho Oyu menditik gertu -Pasang Lamu izena Everestera igo zen lehenengo emakume nepaldarraren omenez jarri zioten; mendian behera hil zen Lamu-. Japoniako mendizale talde batek 1986an eskalatu zuen, eta Esloveniako talde batek 2004an. Hego-ekialdeko hormatik igo ziren bi espedizio haiek, eta hego-mendebaldetik Karl Unterkircher eta Hans Kammerlander, 2007an. Hegoaldeko horma zegoen igotzeke, eta hara abiatu ziren Anthamatten anaiak eta Lerjen.
Zorionaren mendia esaten diote inguruko biztanleek Jasembari, eta, Anthamatten anaiek diotenez, «zorionekoak» izan dira haiek ere mendia eskalatzeagatik. Lau egunean igo ziren hegoaldeko paretatik, eta Hook or Crook izena jarri zioten bideari (1.550 metro, 90&fraq14; eta M5). Urriaren 26an abiatu ziren mendian gora, 5.800 metrotan gaua pasa ondoren. «Lehenengo bi egunetan elurra ez zegoen ondo-ondo; sakona eta arriskutsua zegoen», argitu du Simon Anthamattenek. Bi eguneko jarduera 6.500 metrotan bukatu zuten. Handik gora elurrari harkaitza gehitu zitzaion: «Zatirik zailenak 150 metro inguru zituen eta nahiko gogorra iruditu zitzaigun».
Tontorrera iritsi aurreko zatia elur eta izotzetan egin zuten. «Izotzaren baldintzak onak ziren, eta horri eskerrak, seguruak jartzeko arazorik ez genuen izan, baina urrats bat aurrera eta bi atzera egiten genuen. Eskalatzea ote hori?», dio umore ukituare-kin Anthamattenek. Kontuak kontu, lan dotore egin zuten suitzarrek.
3. Baghirathi mendiak
Esloveniatik Indiako Himalayara eraman dute haize berria Marko Prezelj, Rok Blagus eta Luka Lindic alpinistek. Alpinoan eskalatu dute Garhwall mendigunean, Baghirathi II, III eta IV mendietan; bakoitzean bide bat. Bi belaunaldik egin dute bat espedizioan; Prezelj eskarmentu handikoak, batetik, eta Blagus eta Lindic gazteek, bestetik. Rimo I (7.385 m) mendira igo nahi zuten; baina, Indiako armadarekin baimenen inguruan izandako arazoak tarteko, helburuz aldatu behar izan zuten. Prezeljen esperientzia agertu zen orduan. «'Goazen Baghirathietara', proposatu nien lagunei. Informaziorik ez nuen, baina esana zidaten eskalatzeko oso mendi interes-garriak direla», azaldu du Prezeljek.
Ez ziren damutu. Baghirathi IV mendira (6.193) igo ziren aurrena, berotzeko. Elurrezko korridore batetik hasi eta izotz eta harkaitz zati labur bat gainditu ondoren iritsi ziren mendiaren ertzera. Handik jo zuten gailurra. Egun gutxiren buruan egin zuten espedizioko bigarren saioa, Baghirathi III mendian (6.454), hego-mendebaldeko horman. «Bide mistoa izan zen, interesgarria. 1.300 metro inguru gainditu genituen, gau bat horman pasatuta. Harkaitzean 6b inguruko zatiak gainditu genituen. Interesgarria oso», laburbildu du Marko Prezeljek.
Aurreko bietan gozatu arren, Baghirathi II mendiko eskaladak (6.512) gogobete zituen hiru mendizaleak. Hiru egunean igo ziren, 1.300 metroko bide batetik. «Bide mistoa izan zen hura ere (6b+, M8 eta WI6+), hormaren zatirik garbienetik. Hilabeteko oporraldia biribiltzeko modu ezin hobea izan zen».
4. Nemjung (7.140)
Tontorreraino ez ziren iritsi, baina Nemjung mendi ezezagunaren hegoaldeko hormatik igotzen lehenengoak izan dira Yannick Graziani eta Christian Trommsdorff frantziarrak -gailurrera daraman ertzeraino iritsi ziren, 7.000 metroraino-. Mendiaren magaletik abiatuta, 2.400 metroko izotz eta harkaitz horma gainditu zuten, urriaren 11tik 16ra. «Igoera zaila iruditu zitzaigun. Izotz, elur eta harkaitz zatiak gainditu genituen, eta lau gau pasa horman», argitu du Grazianik. Eskarmentua bazuten Himalayan lehendik ere. Chomolonzo mendian (7.804) bide bat ireki zuten estilo alpinoan 2005ean, eta Pumari Chishh mendian (7.350) beste bat 2007an. Hirugarrena izan dute Nemjung mendikoa, baina mendizaleen hasierako helburua Manaslu mendira joatea zen. Altuerara behar bezala ohitzeko «denbora nahikorik ez» eta Nemjungera joatea aukeratu zuten azkenerako.
Eskalada 4.750 metrotan hasi zuten, hormaren magalean. Eskaladak ez du aipatutako aurreko bi espedizioetakoen zailtasun teknikorik, eskalatzaileen hitzetan, baina horman lau bibak egitera behartu zituen Graziani eta Christian Trommsdorff; 5.300 metrotan pasa zuten lehenengo gaua, eta 5.800, 6.200 eta 6.500 metrotan hurrengo hirurak.
Hilaren 15ean gainditu zuten horma eta iritsi ziren ertzera, 14:15ean. Ez zuten urrun Nemjungeko tontorra, baina berandu zen eta haizea gogor zebilen. «Gailurra jotzen saiatzeak han beste gau bat pasatzea zekarren, eta ez genuen indar nahikorik gaua altuera hartan pasatzeko», onartu du Grazianik. Zentzuz jokatu zuten, jaitsiera «gogorra» baitzuten aurretik. «Nekeak jota geunden, eta niri motxila erori zitzaidan mendian behera. Nola edo ahala lortu genuen jaistea, eta hilaren 16an iritsi ginen beheko kanpalekura, 22:00etan». Salbu ziren han.
5. K-7 (5.700)
Patagonian gutxik bezalako eskarmentua dute Elio Orlandi, Fabio Leoni eta Rolando Larcherrek. Besteak beste, Paineko Erdiko Dorrean El Gordo, el Flaco y el Abuelito bidea ireki zuten, 2008an, haietako bakoitzaren aipamena eginez. Oraingoan eskalada eremua aldatuta itzuli dira. Patagoniatik Karakorumerako jauzia egin dute, eta hirukotea laukote bihurtuta, gainera; Michele Cagol izan da laugarren taldekidea. Eskaladaren emaitza da The children of Hushe bidea (1.500, 7b eta A2), K-7 mendiaren mendebaldeko pilarean.
Altuerara behar bezala egokitzeari errespetua zioten mendizaleek. «Patagonian haizea izaten da baldintza, aurreikusi ezin daitekeen muga. Altuerako gaitzak une oroko segurtasun eza eragiten du», ohartarazi du Rolando Larcherrek. Hamabi egun behar izan zituzten izotz, elur eta harkaitz bidea ireki eta eskalatzeko.
Eskaladak ez ezik, hango herri eta jendeek gogobete dituzte eskalatzaileak, eta Hushe aldeko umeei eginiko omenaldia da bideari jarritako izena. Italiatik eraman zituzten 250 koadernoak eta milatik gora arkatzak haien artean banatu zituzten: «Unerik ederrenak Hushe herrixkan izan genituen; gailur batek baino balio handiagoa du hango umeekin izandako harremanak. Gezur asko esaten dizkigute herrialde haietako jendeen inguruan. Eskuzabalak dira oso». Itzultzeko asmoa dute.
MENDIA. HIMALAYA. Himalayako haize berriak
Zortzimilakoetatik urrun, mendi apalagoetan eskalada interesgarriak egin dituzte hainbat espediziok udazkenean; Jasemba, Nemjung, Chang Himal eta Baghirathi mendietan, esate baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu