Gipuzkoako Birak (GR 121ak), San Adrian inguruan badu ordezko ibilbide bat (GR 121.1a), bide nagusitik banatu eta Altzaniako mendilerroa zeharkatu ondoren, Urdalur urtegira jaitsi, Txurrukopunta inguratu eta Otzaurtera jaisten dena. Mendeetan jende askorentzat -mandazain, ikazkin, artzain eta abarrentza- estrategikoa izan den Otzaurteko mendatean hasiko dugu ibilbide luze eta eder hau. Hara iristeko Zegama eta Altsasu herriak lotzen dituen errepidean barrena (GI 2637) jo dugu autoz.
Otzaurteko mendatean bertan dagoen benta zaharrean -bertakoek Otzaurteko bentea izenez ezagutzen dute- ibilgailua utzi eta Sandratiko kobazulo aldera doan porlanezko pista hartu dugu. Gipuzkoako Biraren (GR 121) bide seinale zuri-gorriek erakutsi digute jarraitu beharreko bidea. Tarteka pista utzi eta ondo taxututako xendari heldu diogu. Berehala, gora egin eta Beundako atsedenlekuaren ondora igo gara. Laster, marka zuri-gorriek pista utzi eta mendi aldera eraman gaituzte, Añabaso aldera. Tontorretik igaro gabe, maldan behera jarri eta Aldaolara jaitsiko gara. Malda motz eta piko batek antzina Mikeleteen etxea izan zenaren ondoan utzi gaitu.
Aurrez aurre dugun Sandratiren kobazulorantz jo dugu. Gaur egun mendizale eta turistak dira nagusi inguru horretan, baina bertatik historian era guztietako bidaiariak pasatu dira: erromesak, erregeak eta erreginak, bandoleroak, gudarosteak eta abar. Barruan harresi txiki bat, arkudun sarrera eta ermita daude. Pasabide natural hori zeharkatu eta Flandria eta Gaztela lotzen zituen galtzada zaharraren gainetik, Aizkorrira doan bidea -Mandobide izenez ezaguna- utzi eta Lizarrateko iturriaren ondora heldu gara. Inguru horretan bide nagusitik atera eta pagadian murgildu gara PR-A 12aren bide-seinale zuri eta horiak segituz (egurrezko seinaleak).
Aratz mendira bidean
Basotik atera orduko, markak utzi eta aurrez aurre dugun malda belartsutik gorantz egin dugu. Gailurrera iristeko bi aukera ditugu. Lehena, aurrean dugun malda gogorrari ekin eta Elurzuloak izeneko tontorraren ondotik pasatu ostean Aratzeraino igotzea. Bigarrena, berriz, ezkerretik ateratzen den bailara txiki batetik hedatzen da, azken malda pikoa da, baina igoera samurragoa du. Guk lehena aukeratu dugu eta lehen izerdi tantak kopetatik irristatzen hasi direnerako Elurzuloak izeneko tontorra zapaldu dugu. Ehunen bat metro aurrerago Aratzeko gailurra. Mendi biluziaren tontorra, Gipuzkoa eta Arabako mugan dagoen kare haitzezko mazizoko gunerik gorena da.
Ohiko bidetik itzuli beharrean, Aratzarte lepora kontu handiz jaitsi eta GR-121.1aren bide-seinale zurigorriekin bat egin dugu. Bide hori jarraituz Allaitz, Allarte eta Umandia mendiak inguratu ditugu, batzuetan pista zabalak jarraituz eta bestetan, berriz, pagadi ederrak zeharkatzen dituzten xendak erabiliz. Aginagako zelaira iristean Arabarako gailurrera iristeko azken malda igotzen hasi gara eta gailurra zapaldu aurretik alanbrezko hesiaren paraleloan bete ditugu azken metroak. Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako lurrak elkartzen diren Arbara mendia, Illarragorri, Hirumugarrieta edo Arbarrain izenez ere ezaguna da. Han jarrita dagoen antena erraldoi batek erabat desitxuratzen du ingurua.
Garagartzako haitzak
Marka zuri-gorriak jarraituz aurrera egin eta berehala jarri gara maldan behera. Basoa ateratzeko pistak eta xenda zaharrak tartekatuz Urdalur urtegiraren ondora jaitsi gara. Toki horretan bide-seinaleak utzi eta kontrako norabidean abiatu gara. Aranarriko borden ondora heltzean porlanezko pistaren eskuinetik ikusgaitz den xendatik gorantz egin dugu Txurrukopuntako tontorrera iristeko azken malda gogorrari ekinez. Talaia paregabe horretatik primeran ikusi dugu orain arte egindako bidea. Garagartzako haitzetara jaitsi gara segidan, eta berriro Gipuzkoako Biraren marka zurigorriekin bat egin dugu. Basoak eta larreak bat egiten duten Txurrukopuntaren magalean, jentilen bizileku izan ziren Garagartzako kareharrizko haitzak goititzen dira: Naparraitz, Bikunaitz eta Zabalaitz. Inguru bukoliko horretan artzaintzaren arrastoak nonahi aurkituko ditugu. Pista jarraituz Ultzamako lepora iritsi gara eta Ailleta mendixkaren ondotik berehala jaitsi gara Otzaurtera.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Altzaniako partzuergoko lurrak
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Gipuzkoa
- Zailtasuna: Zaila
- Tontor eta leku izenak: Otzaurte, Aratz, Añabaso, Sandrati, Arbara, Urdalur, Txurrukopunta
- Distantzia: 27 km.
- Iraupena: 7 ordu.
- Ingurunea: Zegama eta Altsasu lotzen dituen errepidea hartu, eta Otzaurten autoa utzita abiatuko dugu gaurko txangoa. Ibilaldi luzea, baina txoko eta inguru ederretara eramango gaituena.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu